Gokyo, ikusgarria, itsasoari begira

Osteguna 24, San Bartolome. 13:30ean Mutua ikusi dut gure etxe azpian, kotxean. Agurtu egin dut, eskuarekin, eta leihoa jaitsita galdetu dit:
-Hi! Zer oporretan?
-Bai.
-Bihar gortzera edo?
-Ezin diat…
Etxera joanda, ezin hori ahal bihurtzen ahalegindu naiz, eta goiza libratzen. Mezua bidali dut Gortuko txatera:
-Nola zeate bihar goizerako? Ni prest gortzeko!
Jakin badakit Apolo Pueblon dagoela, herriko zerbeza hotzen existentziak amaitzen eta eskaladaren gainean sakon hausnartzen: zer komeni zait, deportiba edo klasika? Baltzola edo Aiztondo? Nola biziberrituko dut bloga? Zer eskainiko diet irakurleei datorren denboraldian? Nolako kamisetak aterako ditugu halako batean?…; Peloiak, berriz, nahiago du lan egin gurekin etorri baino, eta irabazitakoa erabiliko ahal du, behintzat, friend berriak erosteko… Beraz, Mutua eta biok bakarrik, eta segituan egin diot proposamena: Gokyo, Pasaian.

Mutaren erantzuna:
-Ados.
Eta ondoren, kontraproposamena, oso abila baita mutila horretan:
-Ahizpa handian Caballe egingo al diu?
Eta nirea segituan:
-No, no, no…
Egia esan, aspalditik neukan begia botata Gokyo honi, bia egingarria zirudielako, gozatzekoa, eta batez ere inguru oso ikusgarrian dagoelako: Pasaiako portuaren sarreran, Plata itsasargiaren eskuinaldean, itsasoaren gainean. Abuztutik abendura bakarrik eskalatzea dago, hegaztiengatik, eta garai onean gaude.

Goizeko zazpietan kanpaiek jo dute Parrokian eta Mutua falta Arranplan.

Mezua uasapetik, Dieciocho gogoan:
-La puntualidad es una virtud.
Etorri da eta jaso nau 07:03an, eta han abiatu gara Pasaiara. Parada egin dugu, noski, Trintxerpen, kafea hartzeko, eta gero Plata itsasargirako bidea aurkitu dugu, halako batean. Autoa bide ondoan utzi eta oinez abiatu gara errepidetik.

Bidea gora doa, suabe-suabe, eta laster ikusi dugu gure helmuga: eskuinaldetik igoko gara, bizkar gainera.

Begiratokira iritsi gara. Aurrerago, eskuinaldean, bidexka bat hartu dugu beheraka, eta basotxo batetik harraldera jaitsi gara. Handik, haitzetik haitzera, biaren hasierara.


Duda sortu zaigu, nondik hasi, bi aukera dauzkagulako: eskuinaldetk, sarrera originala doa, eta ekipatuta dago, baina ez dirudi erraza eta luzeagoa da, gainera; ezkerretik, gora, bariantea, eta sokaldi bakarrean iritsiko gara bilgunera; bigarrenaren alde egin dugu.

Lehen sokaldia landarez beteta dago, eta zikin samar erdialdean, baina ertzaren bizkarrera eraman gaitu.

Segituan konturatu gara begiekin ere gozatu handia hartuko dugula, haitzaren koloreagatik eta hartzen dituen formengatik.

Tartean, entretenimendu handia dago, atzera-aurrera dabiltzan itsasontzi, txalupa, piragua eta abarrekin.


Bigarren sokaldian, zuloz betetako plaka bertikal bat dago. Oso gustura igo gara, gozatzen, hareaharrizko haitz berezi honetatik. Inguruan, kaioak dabiltza, beraien etxean gabiltzala akordarazten.


Hirugarren sokaldia ere oso ederra da.


Hemen Mutua pausorik zailenean (5c).


Hori pasata, forma kapritxosoak hartzen ditu berriz ere haitzak.


Laugarren sokaldia erraza da, aristatik, ertz-ertzetik, zuloz jositako haitzaren gainetik.


Bosgarren sokaldia, azkena, aristaren gorenera iristeko. Hemen Mutua gora iristen:


Eta ni laugarren bilgunean:

Jaisteko, rapel bat egin beharra dago, hasieran bertikala eta azken 15 metroak airean. Apolok esango lukeen bezala, “txorizos kanpora”.


Gero, oinez, atzera lehengo basoko bidea hartu dugu, kontuz ibiltzeko moduko jaiskune batetik, eta handik lehengo begiratokira. Han zeuden mendizale batzuei eskatu diegu argazkia egiteko.

Datorren astetik aurrera, beste kontu batzuk izango dira, baina zeinek kendu guri gaur hartu dugun gozatua, itsasoari begira, haitz eder honetan?

5 erantzun “Gokyo, ikusgarria, itsasoari begira” bidalketan

  1. Aupa!
    Jarritako loturako krokisean azaltzen dek lehen luzea ez daola ekipauta. Baino gero erantzunetan jendiak kontrakua esaten dik… nola ziok asuntua?

    • Aupa, Axi:
      Krokisean, hasieran, bi aukera zaudek:
      -Lerro jarraiarekin dagoena, 5a-koa, guk egin genuena, sarrerako bariantea duk. Ez ziok dena ekipatuta, friend bat eta burdinazko ziri bat zaudek, eta pare bat friend edo fisurerorekin erraz aseguratzen duk.
      -Eskuinaldetik doana, lerro etenarekin, sarrera originala duk, eta ekipatuta ziok: 6a, 6b eta 4b duk.
      Animatu eta gortu!

  2. Aupa, zuek!!!
    Ze leku zoragarriya Gortzeko!!! Argazkiak primerakoak.
    Ea, ba, aurtengo denboraldiak kamixeten asuntoa argitzen duen!!!
    Gortu!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude