Doinu zahar berriak airean, Eginon

Atzo, martxoak 8, arratsaldeko manifestazioan Peloiarekin topo egin nuen.

-Bihar Atxartera, ezta?

-Bale. Gortu beharra zegok.

Manifa amaitu zenean, Peasorekin topo egin genuen.

-Peaso, animatzen al haiz bihar Atxartera?

-Bai, gustura.

-Baina 6a eta hortik gorakoak probatu behar dizkiagu.

Orduantxe kolorea aldatzen hasi zitzaion pixka bat, baina berehala lasaitu nuen:

-Ez, motel. Ahal duguna egingo diagu, eta kitto.

-Onen orduan joango gaituk, goizeko 8retan -Peloiak.

Iritsi naiz gaur goizean Arbustaingo arranplara, eta han zegoen Peaso zain, bere lingote flamantearekin.

-Ostia! Volvo for life! Earra trastua! -eta ez da hori izan eman digun ezusteko bakarra.

-Bai, hogei urte zeuzkak, baina kilometro gutxi.

Nire autoa hantxe utzi, trasteak Peasonean sartu eta Atxarte aldera abiatu gara Peloia, Peaso eta hirurok.

Autobidean sartu bezain laster, lau tanta fin erori dira, eta Peloiak berehala esan du hobe genuela Eginora joatea Atxartera baino. Eskalatuz gero, gustura. Berdin zait batera edo bestera. Halaxe, Eginorako bidea hartu dugu.

Aparkalekuan autoa utzi eta Sector de la fuente izeneko sektorera abiatu gara.

Oinarria pixka bat eskasa da hiru lagunentzat, baina moldatu gara nola-hala trastean soinean jartzeko.

-Sugegorriaren bidea egingo diagu lehenik -bota dut nik.

-Izen hori al zeukak? -Peasok.

-Ez, Decomisos dek, baina behin sugegorria ikusi nian eskuarekin heldu beharreko zulo batean, eta harrezkero horrela esaten zioagu.

Ekin dio Peloiak, eta erraz egin du, sobra y eso. Ondoren, Peaso abiatu da, soka goitik zuela, baina lanak eta bi izan ditu bilgunera iristeko. Berehala konturatu gara agian gehiegitxo zela hainbeste denbora eskalatu gabe daraman batentzat.

Nik egin dut ondoren. Hemen Peloia aseguratzen eta ni gorantz.

Ondoren, bide errazagoak egitea pentsatu dugu.

Ezker-ezkerreko bideetara joatea proposatu diet, eta hala egin dugu. Krokisean agertzen diren 1, 2 eta 3 bideak egin ditugu.

Hasteko 2. bidean sartu gara: Abigail (15m, IV). Peloia hasi da beti bezala.

Bidea bukatzen.

Aseguratzen.

Peloia jaitsi, eta Peasok ekin dio ondoren.

Pixka bat gorago, posatzen.

Ederki moldatu da oraingoan. Ni igo naiz, azkenik.

Jaitsi naizenean, 2. bideari ekin diogu, lehenengoaren ezkerrean dagoenari: La dama de rosa (15m, V). Aurrekoa baino zailagoa izan arren, ondo samar moldatu da Peaso.

Baina, hasi, Peloia hasi da, beti bezala. Al ataker!!!

Erraz, azkenaldian bezala.

Lanak Peasok izan ditu.

Ondo hasi da, baina zailtasuna goian zeukan zain.

Gero eta hobeto ari zen, hala ere.

Amaitzeko, nire txanda. Postureoa tope!

Handik jaitsitakoan, 3. bidea egitea pentsatu dugu: La loba herida (15m, V). Beste behin ere egin genuen eta oroitzapen ona neukan.

Peloiak eman dio lehen kolpea.

Gaur ez dut argazki bakar bat ere atera. A zer nolako bakea! Peaso, ordea, klik eta klik aritu da.

Ordurako ordua aurrera zihoan, aparkalekua betetzen ari zen, eta nire tripa barreneko zuloa handitzen. Peasok ekin dio ondoren.

Oraingoan ederki ibili da, eta Peloiaren esanak kontuan hartuta, poz-pozik iritsi da bilgunera. Orduantxe hasi gara doinu zahar berriak in the wind entzuten.

Ederra izan da. Nik beti pentsatu izan nuen, gaztetan, gauza ederra izan behar zuela Txindokiko ertza eskalatzen (esate baterako) aho soinua atera eta doinuren bat aireratzea.

Ez da makala gure Peaso. Orain, gainera, proiektu ederrak dauzka berehala egiteko, baina hori berak kontatuko dizue, nahi badu.

Gortu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude