Munroren biharamuna

Zorion handiegiak biharamuna dakar derrigor. Irailaren 12an elkartu ginen Irakurri, matte taldekook, eta Munroren lanari buruzkoak aletu genituen.

Irakurri dugun ipuin bildumari buruz eta Alice Munroren abilezia nolabait hitzetara ekarri nahian, hona idazlearen dohainetako batzuk azpimarratzeko dekalogo bat:

  1. Zehaztasuna, xehetasunerako gaitasuna, eszena guztiak hantxe bertan balego bezala kontatzea.
  2. Suspentsea mantentzea uneoro.
  3. Pertsonaien psikologian sakontzeko abilezia paregabea.
  4. Estrategia narratibo bikaina, ipuinak egituratzeko artea, irakurlea eramateko dohaina.
  5. Narratzailearen hoztasuna, distantzia. Apenas erabiltzen duen adjektiborik. Ez ditu pertsonaiak epaitzen, ekintzak kontatzen ditu eta epaia irakurlearen esku uzten. Irakurle aktiboa exijitzea.
  6. Bizitza osoak zeharkatzen dituzten istorioak (haurtzarotik zahartzarora). Ipuin guztietan dago “zerbait gertatu zen une hori, toki hori”, eta horren bueltan, espiralean, pertsonaien bizitza osoak mamitzen ditu.
  7. Giroa sortzeko bertutea. Ezagutu ez arren ikusi, ukitu, usaindu… egin daitezke paisaiak, pertsonaiak, etxeak, errepideak, autoak…
  8. Azpigaiak. Ipuin gutzietan duade ikaragarri ondo aletutako eta sakondutak azpigaiak, idazleak, batere behartu gabe, digresio erabat pertinenteen bitartez eskaintzen dizkigunak.
  9. Ipuin mosaikoak, pertsonaien ugaritasuna. Nobelek adinako eremu zabala harrapatzea ipuinetako intentsitatearekin.
  10. Sinesgarritasuna. Testu guztiena oro har. Eta, bereziki, abilezia ikaragarriz, ezustekoa, arrarotasuna, bitxia dena, erotasuna papereratzeko orduan.

2 erantzun “Munroren biharamuna” bidalketan

  1. Alice Munro. Lehenengo saioaren ondokoak.

    “Bere istorioak idazteko denbora ateratzen duen etxekoandrea” izenburua jarri zion 1961ean Vancouverteko egunkari batek Alice Munrori buruz argitaratutako erreportaje bati. Herri txiki batean jaio eta gabezia handiak izan zituen ume garaian. Oso pertsona apalen artean hazi zen eta sarri askotan berak izandako bizipenak erakusten dizkigu liburuaren istorioetako pertsonaien izaera eta jokamoldeetan. Bere familiaren etika zorrotza, Alicek XX. mendearen lehengo erdian emakume gisa bere askatasuna lortzeko bizi izan zituen gorabeherak, amatasuna … erakusten dizkigu han-hemenka tanta txikien antzera bere ipuinetan.
    Gizarte baten errealitatea erakusten digu, Ameriketako gizartearen errealitate bat, oso pertsonaia xumeen errealitatea, zenbait filma amerikarretan erakusten diguten errealitatea. Errealitate gordina, arrotza, iluna; guretik urruti dagoen errealitatea. Zenbaitek dioenaren arabera, errealitate asmatua, zainetako odola izozteko adinako errealitatea.
    Hamar ipuinetan hamaika pertsonaien bizitza kontatzen digu. Pertsonaiak ez dira oso pertsonaia arruntak: bere hiru seme-alabak akabatu eta kartzelan dagoen bere senarra bisitatzera doan emakume bat, eraile bati atea irekitzen dion emakume alarguna, urteetan ikusi ez eta semearekin berriro ere elkartzen den ama, ume garaia elkarrekin bizi izandako oroitzapen kontaezina gordetzen duten bi emakume, akats fisikoren bat dela eta, bizitza baldintzatua duen gazte bat, unibertsitateko irakasle izatea helburu duen emakumea … Istorio gordinak eta gehienetan misteriotsuak.
    Kontalari oso trebea dugu Alice, baina irakurleari ahalegin handia eskatzen diona. Istorio txiki ugari elkartzen dira ipuin bakoitzean, atzera-aurrera handiak daude bere ipuinetan. Ez du ia adjektiborik erabiltzen eta mila detaile eta mila ekintza txikiren bidez sartzen gaitu pertsonaien izaeran eta psikologian. Hitz erdika esan eta iradoki egiten duen idazlea dugu eta irakurleari lerro artean irakurtzea eskatzen dio. Istorioen hariak maisuki mugitzen ditu eta abilezia handiz mantentzen du piztua irakurlearen arreta eta tentsioa.
    Ez dugu irakurle txokoan elkartu garen guztiok modu berean bizi izan Alice Munrorekin izan dugun lehenengo harremana. Gazia batzuentzat eta gozoa besteontzat. Niretzat arreta eskatzen duen liburua da Zorion handiegia , eta zenbaitetan irakurketa sakonagoa eta ahalegina ere eskatzen duen liburua. Hala ere, zailtasunak zailtasun, ahaleginak merezi duela iruditzen zait, izan ere, irakurleak gozatzeko motibo ugari, neurri bateko zoriona, aurkituko du Munroren ipuin-bilduma horretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude