“Nik, gutxienez, Simone de Beauvoir izan nahi nuen”

…”gutxienez, Simone de Beauvoir izan nahi nuen, edo hortik gora!”, aitortu zigun atzo Mariasun Landak Pariseko bere ibilerak kontatzen zizkigun bitartean. “Itxura batean, oso lotsatia eta umila nintzen, baina barrutik oso harroa: idealak oso goian nituen!”. Garai hartan haurrentzako literatura egiterik ez zitzaion burutik pasatu ere egin: filosofian lizentziatu nahi zuen, pentsatzen ikasi, BIZI, ondoren letra larriz idatzi ahal izateko.

Horrela esanda, badirudi, Mariasun Landaren obrak txikikeria dirudiela bere asmo handien aldean: haur eta gazte literaturako 37 titulu, autobiografia bat, mikroipuinen liburu bat…

“Festa aldameneko gelan” liburuan hogei urte inguruko Landa gaztea ezagutu dugu bere askatasun ametsekin, azaletik erantzi ezin duen moja erreprimituarekin borrokan, idazketa pasio klandestinotzat hartuta… Chambretik chambrera dabil lanaren, iluntasunaren eta bakardadearen artean idealizatutako Paris aurkitu nahian.

Gaur egun hogei urte dituzten ikasleen artean, maletatzarrak hartuta ikastera, lan bila edo esperientzia berrien egarri trenetan zein hegazkinetan Euskal Herritik alde egiten duten horien artean izango da bat baino gehiago, gaztaroko harro haizez, bere baitarako hala baieztatuko duenik:

“Nik, gutxienez, Mariasun Landa izan nahi dut… edo hortik gora!”. Eta gazteak zerbait zirriborratuko du poltsan ezkutuka gordeko duen kaieran.

Gustura aritu ginen Landarekin solasean. Horren lekuko, ezkerretara duzue taldekideen argazki pare bat.

Hurrengo geldialdia azaroaren 12an egingo du literaturaren trenak, Finlandiako haizeak lagun.

Sofi Oksanen idazlea eta haren “Garbiketa” eleberria (Joseba Ossak, Maia Ossak eta Mia Rissanenek itzulia) ezagutuko ditugu. Plazer baduzue, gonbidatuta zaudete!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude