Otsailean, Virginia Woolfen “Gela bat norberarena”

Otsailaren 10ean mundu osoan ezaguna den obra bat izango dugu mintzagai: Virginia Wolf handiaren “Gela bat norberarena”, autorearen testurik ezagunenetarikoa.

Emakumeei eta fikzioari buruz jarduteko eskaera bati jarraiki idatzi zuen Virginia Woolfek Gela bat norberarena saiakera. Emakumeen genero-rolak aztertu zituen bertan, idazleak, sortzaileak eta fikzioko pertsonaiak diren aldetik. Emakumeen idazkuntza tradizio patriarkalaren baitan hizpide hartzen duen saiakera hori 1929an argitaratu zen eta manifestu feminista inspiratzailea bihurtu zen berehala. “Fikzioa idatziko badu, emakumeak dirua behar du eta gela bat beretzat”.

Hizkuntza ugaritara itzulitako funtsezko lan hau euskaraz ere badugu, zorionez. Consonni argitaletxeak crowfounding-aren bidez lortu zuen lana argitara ematea. Maria Colera Intxaustik itzuli du testua, Maite Zabaletak egin du diseinua eta Adelina Moya eta Remedios Zafrarenak dira hitzaurreak. Consonni arte-ekoizleak bultzatu zuen ekimen hau, emakumeok lan egiteko, hausnartzeko eta sortzeko behar dugun espazio propio publiko nahiz pribatuaren aldarrikapen gisa.

-Hemen dituzue liburuak gurean jasotako kritikak.
Iratxe Retolaza literatur kritikari feminista Euskadi Irratian, Virginia Wolfen gaurkotasunaz.
Iñigo Astizen artikulu interesgarria, testuaren ideologiak itzultzailearen eskuetan izan beharreko tratamenduaz.

Zita Alondegian izango da, arratsaldeko 18:00etan.

On egin!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude