Maiatzean, Kapital publikoa

Maiatzarekin batera Jose Luis Otamendiren azken poema-liburua irakurriko dugu: Kapital publikoa. Susa argitaletxeak plazaratu zuen, 2014an.

Autoreari buruz: 1959an jaio zen Jose Luis Otamendi, Azpeitian. 1980eko hamarkadan argitaratu zuen lehen poesia-liburua eta, orduz geroztik, apurka baina etenik gabe plazaratu ditu poema-sortak. Beste generoetan ere aritu da, ale bana idatzi baitu narratiban, saiakeran eta antzerkian, baina poesia landu du batez ere. Zazpi poema-liburua plazaratu ditu, guztira. Hemen irakur ditzakezue gehienak.

p022_f01Liburuari buruz: Orain dela bi urte argitaratu zuen Otamendik Kapital publikoa, zazpi urteko etenaldiaren ostean; tartean idatzi zuen, hala ere, Loiolarik ez balitz saiakera. Autoreak aurkezpenean esan zuenez, idazle den aldetik, iruditzen zaio badagokiola bere garaiaren testigantza poetikoa ematea. Liburuak hiru atal ditu: “Bake hotza”, azken zortzi-hamar urteotako gertaera sozio-politikoei buruzkoa, “Jende oinez”, gaur egungo egoerarekin eta gauza txikiekin egin beharrekoaz galdezka idatzia, eta “Gosaria eta legea”, eguneroko legeaz, poetaren kapitalaz, saltzeko ez dauzkan gauzez.

poes68Kritika onak jaso ditu Otamendiren liburu honek. Adibide baterako, lanari buruz, zera esan du Harkaitz Cano idazleak: “Niaren hezur bizia biltzen duen mami sozialaren ehundura poetikoa da Kapital publikoa. Ni indartsu bezain liriko batetik mintzo da poeta oraingoan ere, baina ez da ni egolatra bat, inguruarekin eta ingurukoekin senidetzea bilatzen duena baizik, orbel eta euri usaineko eguratsarekin eta gu denok garen eguraskiloekin negoziatzeko prest dagoena, noiz samur, noiz gordin, beti hitz neurtuaren jabe, beti dotore (“nik diot/ ez garela kukuak geure izena soilik kantatzeko”). Ez dago poeta askorik poemaren arnasa Jose Luis Otamendik bezala ematen duenik, trinko eta erraz. Eta, batez ere, ez dago poeta askorik poemaren arnasa hausnar bilakatzen dakienik, hain modu naturalean”.

Bestelakoak: Hona hemen Otamendi “Memoria” poema irakurtzen. Horrez gain, irakurgai dauzkazue Berrian egindako elkarrizketa eta Arrosa Sareko Zebrabidea saioan Nekane Zinkunegirekin izandako solasadia.

Bihar elkartuko gara, hilaren 10ean, arratsaldeko 18etan Moila gelan. Autorea bertan izango da, beraz lasai asko ekarri zalantzak eta galderak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude