Urrian, “Muskuiluak afaltzeko”

Birgit Vanderbeke (1956, Dahme, Brandenburg) idazle alemaniarraren Muskuiluak afaltzeko eleberriari aterako dizkiogu tripak urriaren 7ko saioan. Eleberri laburra bezain trinkoa da Banderbekerena, Pasaizate argitaletxeak 2010ean Ainhoa Irazustabarrenaren itzulpenari esker argitara emana.

Sinopsia

Istorioaren kontatzailea, anaia eta ama laneko bidaia batetik iristear den aitaren zain daude. Familia-ohiturei jarraikiz, muskuiluak dituzte afaltzeko, aitaren itzulera ospatzeko.
Betiko moduan prestatu dute dena, aitak nahi izaten duen moduan. Hala ere, pixkanaka ulertzen dute gau hori ez dela besteak bezalakoa izango; izan ere, orduek aurrera egiten dute eta aita ez da etxera iristen.
Esaldi kiribilduen bakarrizketa baten bidez, familia-hierarkia tradizionalaren –non arauak beldurraren bidez inposatzen diren– kritika bat aurkezten digu Vanderbekek.

Hemen topatuko dituzue liburuaren euskarazko edizioak jaso dituen kritikak. Beste bideo honetan Ainhoa Irazustabarrena itzultzailea labur eta zehatz mintzo da liburuaren argumentuaz, estiloaz eta euskarara ekartzerako orduan izan dituen erronkez.

Bitxikeria moduan irakurri nahi baduzue, La Platako unibertsitate nazionaleko ikasle batek idatzitako lana topatu dut sarean. Gazteleraz dago, baina itxura ona du. Hona izenburua eta esteka: Contradicciones de un mundo dividido en Mejillones para cenar.

Gustura irakurriko duzuelakoan, sarri arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude