Segi gortzen lokalean!

Larunbata joan zen eta igandea etorri. Eguraldiak laguntzen ez, beste planik ere ez eta lokalean elkartu gara, besterik ez bada ere pixkat gortzeko.

Igandea iristen denean, beti antzeko ideia etortzen zait burura: astean zehar entrenatzen ibiltzen gara, jotafuego, saltaka eta lokalean, asteburua noiz iritsiko, indioak aizkorak zorrozten bezala, borrokarako prest… Iristen da asteburua eta… edo eguraldiak ez du askorik laguntzen, edo konpromisoren bat daukagu eta ezin joan haitzera. Horregatik, azkenaldian jai goizetan lokalera arrimatzen gara gortzera, eta gustura, ezer ez egitea baino hobea da eta!

Hasieran Marinarako egin genuen zita, baina garaiz konturatu eta zuzenean lokalean elkartzekotan geratu gara. Etxetik irten eta Marinaren aurrealdetik pasatu naizenean, bete-beteta ageri da, kristalak lurrunduta eta jendez gainezka. Espero bezala, batzuek inauterietako parrandan jarraitzen dute, egunak argituta ere.

Mutua lokalera etorri denerako, trabesia batzuk gortuta geneuzkan.

Marinan geratu nauk, kafea hartzen…

Hik dazkak potruak!

Belarria bero-bero zeukat. Hori da hitz egin beharra, batzuena! Ederra meritua Marinako kamarerak…

Hasteko, 3+3 bat egin dugu panelean: bat hasi eta 3 mugimendu egin; atzetik, beste batek aurreko hirurak gehi beste hiru; hurrengoak aurreko seiak gehi beste hiru…

Horrela, azkenean 35 mugimendura ere iritsi gara. Guretzat nahikoa! Azkenerako, besoak aitzur-kirtenak baino gogorrago geratzen dira, eta atsedenaldia hartu behar.

Guk deskantsatu bitartean, Mutuak tetxoko pasoa egin du. A zer inbidia!

Gero, 10 mugimendu inguruko paso batzuk prestatu dizkigu Mutuak, 3+3koak baino zailagoak.

Batzuk ondo egin ditugu lehenengoan, beste batzuetan hasieran erori eta hurrengo saiakeran bukatu ditugu, baina gustura.

Get the Flash Player to see this player.

 

Tarteka, paso eta paso artean, etorkizuneko planez hitz egin dugu: Aste Santuan zer, udan Naranjora (aurtengoan baietz Rabada-Navarro egin!)…

Hamaikak dira, alde egiteko ordua. Mutua han geratu da. Aste honetan ere gehiago gortuko dugu. Ea zortea daukagun eta igandean haitzean ibiltzerik badaukagun. Ezin bada, beti geratuko zaigu lokala, aterpe gozoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude