Labarganetan, gortzen

Atxarten (porelmango), Untzillatx mendiaren hegoaldean, eskaladako sektore pila bat dago. Haietako batek Labarganeta du izena, eta hantxe izan gara goizean Peloia eta biok.

Atzo, zapar ederrak bota zituen, eta gaur goizerako ez neukan errezelo onik; beldur nintzen haitza bustita aurkituko ote genuen. Baina ez da hala izan.

Peloiak jaso nau goizeko zazpietan eta Urkiolako igoeran utzi dugu autoa, Gatzaieta baserriaren ondoko parkingean. Abiatu gara basoan barrena, eta Untzillatxen magalera iritsi garenean, bidezidorra blai zegoen. Bigarren urratsa egiterako, hankak zopa-zopa eginda.

-Mekauelamar, Pelon! Hurrena katiuskakin!

Iritsi gara Labarganeta sektorera, eta haitza lehor-lehor zegoen. Aitzakiarik batere ez. Baina sektoreak beste hormatxo bat du azpian, eta han azaldu gara lehenik. Gero, trepadatxo bat egin behar izan dugu, gure bideen oinera iristeko.

Aste osoan Mutua paliza ematen egon zait, deportiba egin behar dugula, pixka bat gehiago sakatzeko ordua badugula, sextoak ez direla kolpetik horma handietan ateratzen, eskoletan gortu beharra dagoela eta abar. Eta ni, konbentzitzen erraza izanda, ideia horrekin nindoan:

-Gaur gortu in behar diu, Peloi!

-Ni kintotan gustora ibiltzen nauk. Eginoko bide luze horietan eta.

-Hik daukaken plafoiko nibelakin, earki gortuko dek, motel!

Berotzeko, Pontie el casquio (30m, 5c) bidean sartu naiz. Ederki egin dut eta atzetik Peloiak ekin dio. Azken aldian kale dezente eginda zetorren mutila, eta pixka bat urduri hasi bada ere, erraz bukatu du bidea.

Motxila ez neukan ondo-ondoan, eta ez diot argazkirik atera. Une batez, ideia gaiztoa pasatu zait burutik eta gaurkoan eskalatu, gozatu, argazkirik atera ez eta kronikarik ez egiteko eguna zela erabaki dut. Azkenean, letra mordo bat elkartzen amaitu dut.

Esan diot Peloiari 5c horietan ondo baino hobeto ibiltzen garela, eta erosotasun eremu horretatik aurrera egiten hasteko garaia dela. Eta horrelaxe, neure burua animatu nahian Requien (20m, 6a+/b) bidean sartu naiz. Nik neukan gidan (2008an Durangoko Tabira Alpino mendi elkarteak argitaratua) 6a+ eta “mantenido” jartzen du. Horrek esan nahi du bideak, labur samarra izan arren, zailtasun beretsua duela hasieratik amaierara.

Txapatu dut lehen parabolta eta flipatzen hasi naiz. Zer da hau? Azkenean A0-n egin pausoa, hurrengoa txapatu, jaitsi eta berriro ekin diot. Baina ez nion kolorerik ere ikusten.

Eta Peloiak:

-Ikusten al dek? Zer esaten nian nik? Kintotan ibili behar dugula…

Baina ni gaurkoan tematuta nengoen eta eskubian zegoen bidean sartu naiz: Efecto 2000 (25m, 6a+). Plaka dotorea da, Larregirentzako modukoa. Lehen hiru txapak erraz pasatzen dira. Ondoren, plakan sartu eta han hasi dira komeriak. Mutuarekin gogoratu naiz.

-Deportiba egin behar dezue. Behintzat saiatu, sufritu, eta gorputzak ikasi egiten dik. Zaila dala? Txapatik txapara, ahal den bezala. Eta horixe izan da nire estrategia: ‘han dago hurrengo txapa, ea nola iristen naizen’. Pauso finak bezain ederrak egin, eta lortu dut behintzat gora iristea.

Ondoren, Peloia. Soka goitik zuela joan da. Plakan lehen pausoa ongi pasatu du, baina bigarrenean pixka bat eskuinera joan da, eta azkenean, zintzilik geratu da. Baina, ondoren, eskuinerago hartuta, ederki pasatu du.

-Ikusten al dek, Pelon? Gortu dek goan ere!

Badauka meritua, plafoian oinak horrela erabiltzen ezin baita ikasi. Ez nik dakidala behintzat. Bigarren bide honetan ere motxila ez neukan ondoan (lehen baino urrunago neukan) eta argazkirik atera ez dudanez, gero eta seguruago nengoen gaur ez nuela kronikarik egingo. Baina, hemen nabil.

Artean ondo egoten zen Labarganetan, itzaletan geunden eta. Bakar-bakarrik egon gara, gainera. Ahots batzuk entzun ditugu, baina haiek Koberretape izeneko sektorean ibili dira.

Hirugarren bideari ekin diot: Golpe en el escroto (30m, 5c). Ederki egin dut, eta atzetik, Peloiak egin du, baina deprimero, aurretik joanda. Oraingoan, atera dizkiot argazki batzuk, kolpetik kronika egiteko gogoa/nahia/beharra/obligazioa sentitzen banuen ere.

Hementxe.

A uan:

A peitx:

A gromenauer:

Bideo bat ere bai, nola edo halakoa.

Gaurkoan ere WaliƱori pozik egoteko arrazoiak eman dizkiogu. Harrigarria bada ere, gaur puntu.eus-eko kamisetarekin joan naiz eta Peloia ere bai. Beste batean Larregirekin pasatu zitzaidan gauza bera. Aurten seguru jesukriston kamiseta emango digula. Aupa, Wali, ez haiz makala! (Uste dut Mutuak ere beharko duela bat).

Peloia (puntu.eus-eko modelo ere izan zitekeen) posatzen. Posets ez da ikusten baina beste mendi eder batzuk bai.

Hemen, atzean Gorbeia duela.

Eta hemen Mugarra.

Artean ez zen berandu eta zalantzan egon gara beste bide bat egin edo Zumaiara itzuli. Nik 6a bat probatu nahi nuen eta Peloiak kinto bat. Baina kintoa pixka bat aparte zegoen eta azkenean autora bueltatu gara.

Frontoian hidratazio pixka bat, eta etxera.

Uste dut aurten Atxarteri zuku pixka bat atera behar diogula. Ea hurrengo astean batzar orokor bat egiten dugun. Sponsorren batek ordainduko digu bazkaria.

Bien bitartean… Gortu!

 

5 erantzun “Labarganetan, gortzen” bidalketan

    • Hala da. Ez dira batere izen kuriosoak. Guk askoz ere hobeak jartzen genituen: Euskadi tropikala, Apolojia terrorista, Injurias al rey, Ezekielen profezia, Gortu!
      Eta akaso baten bat ahaztuko zitzaidan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude