Lore festa

Izen horrekin bide happya izango zela pentsatuta, han agertu ginen atzo Peloia eta biok Eginon. Goizeko zortzietan etorri zen Peloia nire bila. Giro mundiala zegoen, baina Araban sartu orduko zelaiak zuri-zuri ikusi genituen. Izoztuta.

Eginora iritsi ginenean, autotik irteteko ere gogorik ez, egiten zuen hotzarekin. Eskerrak normalean baino beranduago joan ginen.

Gutxi irauten du hotzak Eginon, hala ere. Hormaren hasierara iristerako, ederki berotu ginen. Gainera, ez zegoen ia batere haizerik eta goxo-goxo egoten zen eguzkitan.

Oraingoan, Lore festa aukeratu genuen. Aurrez hemen egin izan ditugunak baino gogorragoa. Motxilak kendu eta prestatzen hasi ginen. Ez da batere leku erosoa horretarako.

-Hi! Atzo Mendaurrean joan gintuan andria ta biok, eta klub de fansekuakin topo! -esan zidan Peloiak-.
-Zer, gaur jai? -galdetu omen zioten Karmelok eta konpainiak.

-Nola jai? Mendaur igota!

-Baina ez al dezue eskalatzera joan behar?

-Bihar, bihar.

Eta esan niok nik Peloiari:

-Orduan kronikea egin beharko diat, ezta?

-Ze erremedio!

Putrea zain geneukan, harkaitz tontor batean.

Hasteko 6a-ko bi luze genituen aurretik.

-Hi hasiko al haiz, ohitura zaharrari jarraitzeko?

Eta Peloia beti prest. Bidearen hasieran, plakatxo bat zegoen, bidea non hasten den jakiteko. Baina espabilaturen batek kendu egin du, naturari kalte egiten diolakoan edo. Ondoan dagoen Susi bidean plakatxo berriak jarri dituztela ikusi dugu. Berriz ere beste espabilaturen bat iritsi arte.

Hasiera zikin samarra zegoen: lurra, hostoak…

Baina, tirriki-tarraka, hura atzean utzi eta desplometxora iritsi zen. Zuhaitzari heldu eta eskuinera pasatzean dago zailtasuna. Baina, garbi-garbi txapatu eta ederki pasatu zuen Peloiak.

-Nola egin dek?

-Asko pentsatu gabe. Di-da. Eta ondo irten ziak.

Niri, berriz, gehiago kostatu zitzaidan. Hormak atzera botatzen zuen, eta azkar ibili beharra zegoen. Baina nik ez daukat Peloiaren desplomeko teknika, eta lehenengo saiakeran asmatu ezinik ibili, eta azkenean zuhaitzera bueltatu eta txapatik zintzilik geratu nintzen, atseden hartzen. Bigarren saiakeran, atera nintzen handik nola edo hala. Erakutsi beharko dit lokalean bizikleta behar bezala egiten.

Ordurako bukatu ziren nire hotzak. Izerditakoa kendu eta kamiseta manga motzean ekin nion bigarren luzeari. Beldurgarri samarra ikusten nuen behetik. Oso bertikala eta ur-zuloz betea.

Hirugarren txapara iritsi arte oso zaila ez den arren, kostatu zitzaidan pixka bat. Ondorengo zatia da luzeko zailena. Beheko argazkian itzalean (behean eskuinean) ikusten den segurutik aurrera.

Hor izerdi latzak bota nituen. Isil-isilik ere ez nintzen igo, batere kexatu gabe. Eskerrak Peloia neukala akuiluarena egiten. Une batean, txapa batean itsatsi nintzen, eta atseden hartu nuen. Eskuineko besaurrea bete-beteta neukan. Eta buruan sartu zitzaidan ezingo nuela luzea duintasunez amaitu.

Baina errekuperatu nintzen. Zerbaiterako ibiltzen gara rokodromoan. Lustre handirik ez dugu ateratzen, baina besoak pixka bat indartu bai behintzat.

Hemen, besoak astintzen.

Hortik aurrera, bertikaltasun pixka bat galtzen du hormak, baina luzeak serioa izaten jarraitzen du. Elmer bidearen bigarren luzeko ur-zuloen antzekoak ditu, baina hau dezente bertikalagoa da. Hala ere, oinak ondo jarrita, eta burua lasai izanda, egiteko modukoa da.

Gainera, zenbat eta gorago joan, orduan eta beldur gutxiago hegan egiteko. Eta horixe behar du buruak: lasaitasuna eta kontzentrazioa.

Lanak eta birekin, iritsi nintzen bilgunera. Ura edan, barrita bat ahoan sartu, eta soka errekuperatu ondoren, hasteko agindua eman nion Peloiari. Ni baino hobeto moldatu zen bigarren luzean ere.

Bati baino gehiagori irakurri diot LarraiƱegiko bide luze hauetako luzerik ederrena dela. Eta ni ere ados nago; bideak ezagutzen ditudan neurrian, ez baitauzkat denak eginda.

Peloia bazetorren.

Iritsi zenean:

-Guretzat gogortxua, no? -galdedtu zidan.

-Hiretzat ez motel! Ederki egin dek!

Handik aurrera, maila dezente jaisten da, krokisean behintzat. Hala ere, ez zitzaigun batere erraza iruditu.

Peloia hirugarren luzeari ekiten.

Bilgunera iritsi zenean, abisua eman eta han joan nintzen ni ere atzetik. Ordurako, bilgunean haize pixka bat mugitu zen, eta izerditakoa jantzi nuen berriro ere.

Peloiak hirugarren bilgunetik ateratako argazkia.

Iritsi, espresak hartu eta laugarrenari ekin nion.

Ertza estutzen joaten da, gailurrera iritsi arte.

Hemen Peloia hirugarren bilgunean, laugarrenetik ikusita.

Eta luzea bukatzen.

Ondoren, harritzara atera, katuhanken ordez zapatillak jantzi, eta bosgarren luzearen hasierara oinez.

Goiko zati horretan bide asko elkartzen dira, eta bideen izenak dituzten plakatxo gorriak oso ondo etortzen dira ez galtzeko. Egin nahi duzun bidetik joateko, alegia.

Bada, bigarren zati horretan ere Lore festaren plakatxoa kenduta zegoen. Bilatu genuen hasiera hala ere.

Peloiaren txanda zenez, berak ekin zion.

Peloiaren lepo parean edo, eskuineko aldean, ikusten da non zegoen plakatxoa.

Hurrengo argazkian hobeto ikusten da, Peloiaren oina baino pixka bat beherago.

Luze horrek ere bazeukan zerbait. Edo Peloiak behar baino gehiago zaildu zuen.

Iritsi zenean, nire txanda. Bilgunera irtsi, trasteak hartu, eta seigarren eta azken luzeari ekin nion.

Pixka bat aldrebesa naizenez, luzea amaitu baino pixka bat lehenago, parabolt bat ikusi nuen uztai eta guzti, eta zinta bat zintzilik zuela. “Hauxe izango da bilgunea” pentsatu nuen. Haitz mutur batetik zinta luze bat pasatu, paraboltarekin bat egin eta hasteko agindu nion Peloiari. Deserosoa zen bilgunea, eta han nengoen ni kabitu ezinik.

Peloia iritsi zenean, hormara begira eskuineko aldetik irteteko esan nion. Eta pixka bat gorago benetako bilgunean aurkitu zuen. Igo nintzen ni ere eta poz-pozik eskua eman genion elkarri.

-Ez gattuk makala!

-Gero etorriko dituk Mutua eta Larregi, aspaldian gurekin ezer jakin nahi ez duten horiek, “konfort zonan” gaudela esaten!

-Gortu!

Eta horrelaxek, poz-pozik, trasteak motxilan sartuta, gaina harrapatzera abiatu ginen.

-Urruti ziok gaur gailurra!

-Bai, motel! Honek gailurra extrem ematen dik!

Gustura geunden egindakoarekin, eta argazki bana atera genuen ikurrinarekin, 8000ko bat igo izan bagenu bezala.

Arretaz begiratuz gero, Beriain ikusten da gure ezkerrean.

Aztorearen ondoko kanaletik jaitsi ginen, beti bezala, baina inoiz baino arreta handiagoa jarriz Aztorearen hego-mendebaleko ertzari.

-Ederra itxura, Xabier!

-Hau ere laster egin behar diagu!

Ideia adina denbora izango bagenu!

Urte bukaerako asanblada ere ari zaigu gerturatzen. Ea Mutua eta Larregi gurekin etortzeko gai diren.

Gortu!

 

 

 

E

2 erantzun “Lore festa” bidalketan

  1. Hori dek gortzea hori !!. Gero eta tenteago ikusten zaituztet. Konturatu nauk Apolok argazkiak zutik edo bertikalak ateratzen ditula eta Peloiak berriz etzanda. Agian Apolorenak ikusgarriagoak dituk bertikaltasun gehiago eskeintzen dutelako.Dena dela, inoiz dron baten jabe egiten banaiz, zuen baimenarekin, gusturo joango nauk erreportaia egitera. Gortu, bai gortu, baina burua beti argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude