Paretak, galderak, belarriak, belarritakoak eta…

Azaroaren 12ko saioan Sofi Oksanen finlandiarraren “Garbiketa” liburua izan genuen hizpide Irakurri Matte taldean. Luxuzko gonbidatuak izan genituen, gainera, gure artean: Maia Ossarekin batera eleberria euskarara ekarri duten Mia Rissanen era Joseba Ossa. Plazera izan zen familia euskaldun-finlandiarrarekin obra latz bezain puntako honen tripak arakatzea. Solasaldiaren ostean gogoeta poematu hau idatzi du Xabier Eizagirre taldekideak, hasierako erreflexio honekin. Goza ezazue!

“Liburu batekin tinpanoak hautsi nahi dizkizutenean ez diozu tituluari erreparatzen. Ez zaizu axola “Heidi” edota “Hogei mila legoa itsas azpiko bidaian” den. Liburuarekin kolpatuko zaituztela badakizunean ez duzu begiratzen azalean “Faszismoaren hitoria”, “Komunismoaren histora” ala “Zuzenbidearen eta demokraziaren historia” jartzen duen. Ez. Ez baitzaizu azala interesatzen. Interesatzen zaizuna lodiera da… eta orrialde kopurua.”

Interesatzen zaizuna azala ez, mamia denean, liburu batek poema bat izkiriatzera bultza zaitzake. Honako hau, adibidez:

PARETAK, GALDERAK, BELARRIAK, BELARRITAKOAK ETA…

ez dakizu zer edo nor ote zaren
lau paretako aberriko  seme
ala alaba?

lau paretako aberriaren kidea
nekez
oso nekez dakizu
zakila daukazun
ala
alua

lau paretako aberriaren kidea
nekez oso nekez jakin dezakezu
nagusia zaren
ala
haurra

lau paretako aberriaren kidea
zapi batez begiak itxirik
ez kristaua
ateo
ala
musulmana

lau paretako aberriaren kidea
nori zuzendu
zure otoiak?
nori posta?
Jaunari  edo Alari?

lau paretako aberriaren kidea
nori zuzendu  zure azkenego nahia
borondateak eta desioak?

lau paretako aberriaren kidea
amari?
aitari?
seme-alabei?
ala ilobari?
zure azkenengo hitzak nori eskaini?

lau paretako aberriaren kidea
jakin ba al dakizu
zer edo nor ote zaren?
hegan doan zerbait akaso?
edo hegan doan norbait?

eulia
ala
euria?

 

poliki-poliki
negarrik gabe
itsasoratuko den
ur tanta bat
eta
itogina?

lau paretako aberriaren kidea
alabaina
lurra izan al zara inoiz?
lurra
izena
eta
izana?

lau paretako aberriaren kidea
inoiz izan al duzu
etxerik?
inoiz izan al duzu bizitzarik
gorputzik
helbiderik?

eta bide horretatik zuregana heldu al dira inoiz?
heldu
heldu
heldu
heldu

heldutako  sagarra zara
beraz
heldu beharreko txermena
heldu beharreko
zerbait
lau paretako aberriaren seme-alaba

sustraitik
eta errotik
heldu  eta kendu beharreko
belar txarra

txarra
oso txarra eta gaiztoa baitzara
horregatik heldu al dira beraiek?
lau paretako aberriaren kidea

horregatik helduko al dira beraiek?

lau paretako aberriaren kidea
horregatik helduko al dira
hainbat
eta hainbat

……

Galdera?

merezi dituzulako
enarak eta galderak
galderak eta enarak
lau paretako aberriaren seme-alaba

hegan
beti hegan
etorriko al dira?

lau paretako aberriaren kidea
hezur-mamiraino sartuko dira inoiz
lau paretako aberriaren kidea
belarrietatik sartuko dira pareta horiek
lau paretako aberriaren seme-alaba
belarrietatik sartuko dira
beraz
lau paretako aberriaren kidea
beraien galderak
eta zure
erantzun beharra
belarrietatik sartuko dute
den
dena

lau paretako aberriaren kidea
belarrietatik sartuko al dira
zure baitan?

belarrietatik eta haietatik zintzilik
iraungo al dute gordeta betiko?

lau paretako aberriaren kidea
haien galderak
eta zure

…..

Portaera?

Paretak eta belarriak
paretak eta mikrofonoak
horma ala orma
zer dio  Euskaltzaindiak?

Nortaz ari zaren
ez dakizu

Haren kontra ez dakizu ezta zer libururekin egingo duten galdeketa
haren kontra ezta zerrekin emango duten zaplastekoa
Faxismoaren historia ote?
Komunismoaren historia?
ala
Demokraziaren Historia?

letra larriz idatziko Historiak
letra txikiz isilik idatziko zurea eta … auskalo norena

eta mila orrialde historia horietan bildurik
mila istorio  txiki lau pareta
horiek isil-isilik ondo gordeta.

Erantzun bat “Paretak, galderak, belarriak, belarritakoak eta…” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude