Urtarrilean, “Laranja mekanikoa”

Urtarrilaren 8an, Gabonetako azukre dosia orekatzeko, Anthony Burgessen Laranja mekanikoa eleberria izango dugu mintzagai. Gure artean ezagunagoa da Stanley Kubrickek 1971 zuzendu eta errodaturiko filma, baina hark biltzen ez zituen xehetasunak eta esangurak irakurri ahal izango ditugu nobelan. Nobelak, edukietan, mundu are konplexuagoa eta gordina dakarkigu, idaztankeran erronka luzatzen diona irakurleari. Ion Olano Carlosek egin du itzulpena, Harkaitz Canok sinatu du epilogoa, eta Meettok argitaletxeak plazaratu du.

Honela mintzatu ziren Jon Olano itzultzailea eta Harkaitz Cano idazlea liburuaren aurkezpenean:

Hauxe da editorialak plazaraturiko testua:

“Adi, irakurle, erne. Artefaktu berezia da esku artean daukazun hau. Azalez ezaguna da, baita izenez ere; haren mamia, aldiz, aski ezezaguna zaigu. Anthony Burgess idazleak eman zuen argitara Ingalaterran lehen aldiz 1962an, eta ondoren, 1971n, Stanley Kubrick zuzendariaren film bertsioarekin batera zabaldu zuen ospea munduan barrena. Apurtzailea izan zen filma estetikoki, soinuz eta irudiz. Alde etikotik, bestalde, galdera zorrotz ugari sorrarazi zituen. Alabaina, fokuen argiak itzalpean utzi zituen liburuaren hainbat puntu nagusi; esate baterako, ba al dakigu nondik datorren Laranja mekanikoa izenburua?

Alex dugu kontakizun honetako protagonista eta narratzailea. Arratsero biltzen da haren drugu (lagun) Pete, Georgie eta Tentelekin, moloko (esne) plus apur bat hartu, gogoa zorroztu, eta harrapatzen duten ororekin ultraindarkeriaz jokatzeko. Atsegin dute arauak haustea jostaketa hutsez, eta nadsat (nerabe) hizkera berezian mintzo dira. Alexek, gainera, zaletasun berezia du musika klasikoarekin, Ludwig Van (Beethoven) kuttunarekin bereziki. Amets goxoa dena, ordea, amesgaizto bilakatuko zaio une batetik bestera…

Aukera aparta daukagu, orain eta hemen, fruitu bitxi honen galderak eta erantzunak geure kabuz lantzeko. Arreta zorroztuz gero, irakurle, fruitu biziak bilduko dituzu. ”

Gustu baduzu, 18:00etan Alondegiko Moila gelan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude