Kamiseta estreinatzen Labarganetan

Gaur, urriak 13 egin dituen egun honetan, viernes_13 eta horrelako txorakeriak albo batera utzita, Labarganetara joan gara Mutua eta biok.

Gure alde (edo kontra) esan beharra dago atzo biok bazkari berezia izan genuela, nork bere aldetik. Mutuak ez dakit zer ospatuko zuen. Baina, guk abuelaren 80. urtebetetzea ospatu genuena Zarautzen. Nire amaginarrebarena, gure alaben abuelarena.

Eta arratsaldean Mutuarekin topo egin, eta harrokeria bota behar:

-Ze! Bihar gortzea, ezta?

-Duda ite al dek? -erantzuna, gustura asko.

Goizean lantegira joan behar omen zuen, makinaren bat konpontzera, baina zortzirak alderako prest egongo zela. Goizean, ni ere ez nengoen atzo baino hobeto, baina berehala jaso dut mezua:

-8:30tan behean?

Motxila prestatu eta martxa, Atxartera!

Berandu samar gindoazenez, zuzenean 6a zailtasuneko bide bat aukeratu dugu hasteko.

Aurrekoan, Peloiarekin 6. bideraino iritsi ginen, eta gaur 7. bidetik hastea pentsatu dugu.

Bidearen izena Chorreton da (6a, 30m). Mutuak ekin dio.

Bide ederra. Gozada hutsa. Gorantz zihoan heinean, ni galdezka:

-Ze? Kruxa bilatu al dek?

Eta Mutua gora, isil-isilik.

Ditxosozko kruxa bidearen bukaera aldean zegoen. Plaka fin-fin bat da. Fedez egin beharreko horietakoa.

Han abiatu naiz ni, fede handirik gabe.

Kruxa pasatu dut, baina azken unean, heldulekuari heldu ordez, espresari heldu diot. Lastima. Mutua ederki konturatu da (Larregiren eskolakoa ematen du).

Denboraren aurka genbiltzanez, aldameneko bidean sartu gara: Kattagorri (6b, 32m).

Mutuak ekin dio berriro ere.

Hasiera ederra, Peloiarentzako modukoa.

Hor hasten ziren komeriak. Plaka gero eta tenteago, eta heldulekuak gero eta urriago.

Nik uste dut Mutuak harrotasun hutsagatik egin duela librean, baina lanak eta bi kostatu zaio. Nik ia-ia bertan utzi dut lepoa, aseguratzen. Fernando Alonso baino okerrago bukatuko dugu, ez baditugu aseguratzeko betaurreko horietako batzuk lortzen.

Jaitsi da, eta nola ibili den ikusita, top ropean abiatu naiz ni (soka goitik nuela).

Ondoren, ezkerreko bidean sartu gara: Tendinitis (6a, 32m).

Nik ekin diot, oraingoan.

Aurreko bidean gogor saiatu eta gauza handirik ez lortu ondoren, erraz egin dugu bide hau.

Jaitsi naiz, eta Mutuaren txanda.

Jaitsi denean, trasteak jaso eta aparkalekura abiatu gara, erlojuaren aurka genbiltzan eta.

Bidean selfie bat ere atera dugu. Kamisetan ikusten zen asmoa, baina iruditzen zait ez dugula lortu. Julian Jantzirekin jai izango genukeen guk.

Autoa hartu eta zuzenean frontonera. Beraiek oparitu dizkigute kamisetak, eskalatu ondoren tragoa han hartzeko ohitura daukagula eta, propaganda egiten diegulakoan. Ez dakit zer propaganda klase izango den, baina estimatuta daude kamisetak. Aupa Aitzuri frontona!

Gaur ere probatu ditugu…

Bihar, berriz, mugarrara joan beharrean mugarrietara joan beharko dugu. Ea antolakuntzak frontalak erosi dituen.

 

Gortu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude