Hidratazione, hidratazione!

Hitz horixe izan nuen buruan larunbateko ibilaldian behin baino gehiagotan, inportantea delako ondo hidratatzea, txakalaldiak harrapatu baino lehen. Egurra eman genion, ordea, gorputzari, eta espero bezala maila-maila eginda bukatu genuen, agujetekin eta nekatuta, baina igandean zer okurrituko Peloiari eta bioi eta eskalatzera joatea! Gortzeko jaio ginen, nonbait.

Taldean egin nuen jairako deialdia, baina ez zuen arrakasta handirik izan. Apolok agortuta zeuzkan bonusak (puntu positiboak), astean zehar gortzen ibilita; Mutuak, berriz, nahi bai, baina azkenean “ezin izan nuen”. Peloia eta biok hasi ginen plana egiten; ni Ziordiko “Marieta” bia berria egiteko gogoarekin nabil aspaldian; Peloiari askorik inporta ez, baldin eta ez bada kanpoko balizetarako plana, hau da, eskalatzen eroso eta disfrutatzen dabilen bitartean, EA konforme. Tartean sartu zitzaigun,ordea, Apoloren gomendioa, “Egin zazue ‘Birra Moretti’; ‘Marieta’ noaindik garbitu gabe ziok, oinez egin behar dituk tramo batzuk…”. Birra Morettiri abantaila batzuk ikusi nizkion: oso bia ederra da, gozatzekoa, ezagutzen nuen lehendik, Zumaiara goiz bueltatzeko aukera emango zigun… Eta zerbeza marka italiar horrekin akordatu naiz, “Hidratazione, hidratazione!”, larunbateko ibilaldiarekin.

Arbarako paretako biak, Ziordian (Smithyren blogetik hartua).

Igande goiza. Zazpietan abiatu gara Arranplatik, eta ilunpetan joan gara Gasteizitik Lautadan barrena Ziordira. Kanteraren atean aparkatu kotxea, orduantxe argitzen, eta paretaren oinetara iritsi gara.

Eguna argitzen ari zela iritsi gara.

Peloiari proposatu diot sokaldirik zailena berak egitea, “Hi entrenatuta hago eta!”, eta tokatzen zaionarekin konforme mutila; gauza ederra plafoiko erregea izatea, nahiko entrentorekin. Trasteak prestatu ditut eta jarri naiz gorako prest. Abiatu aurretik, ordea, sorpresa: motxila ligertu beharrarekin, Peloiak ez du ekarri kamerarik! “Nola egingo diat nik gero blokeko erreportajea, argazkirik gabe?”, eta Peloiaren erantzun lausoa: “Fiu-fiu, bla-bla… esto… nahi… ezin… non… ba… ummm”. Total, Peloia izango dela gaurko argazkietako protagonista bakarra. Zer egiten duten batzuek famoso izateko…

Lehen sokaldian.

Ederki egin ditugu sokaldiak, erraz, bata bestearen atzetik, eta bi ordu eta erdirako goian gara.

Hirugarren sokaldia.

Laugarren sokaldia.

Bosgarren sokaldian.

Amino, Pelon, azkena da eta!

Eskua eman elkarri, ohiko “Ez gattuk makalak!”, eta bezperan sobratutako urdaiazpiko-hondarrak eta barritaren bat janda, trasteak jaso eta behera abiatu gara, goialdetik aurrena eta harrobian barrena, gero, pistan behera. Gu eskalatzen ari ginela ikusi dugu beste batzuek aparkatu dituztela kotxeak, eta beherakoan ikusi dugu non ari ziren eskalatzen, batzuek “Rock circus” bidean eta beste batzuk “Marieta”-n. Kotxera iristen ari garela, beste bi lagunekin gurutzatu gara, haiek gora eta gu behera. “Jo, sar hadi orain paretan, 12:00etan, eguzki berotan…”, eta Endoiako Julianarekin akordatu naiz, beste behin ere: “Egina bale!”.

Paretan eskalatzen, txiki-txikiak.

Kotxea hartu eta Zumaiara, eta Arrasatetik pasatzean, ohiko begirada Anboto aldera: “Hor ziok! Hor ziok! [‘Mari Urrika’]”. Zumaian, Peloiak kotxea garajean sartu bitartean, tragoa eskatu dut Ondartxoko taberna batean, zerbeza handi bana; ez da “Birra Moretti” markakoa, baina honek ere balio du hidratatzeko. Gortu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude