Zorion handiegia

Alice Munro idazle kanadiarraren (Ontario, 1931) “Zorion handiegia” ipuin-liburuarekin hasiko dugu aurtengo ikasturtea irailaren 12an, ostegunez, arratsaldeko 18:00etan (salbuespena da egun aldaketa: normalean hilabeteko 2. astearteetan elkartuko gara).

Kritikak eta irakurleek gaur egungo ipuingilerik puntakoentzat dutela kontuan hartuta, ez da batere hasiera txarra.

Meettok argitaletxearen eta lau itzultzaileren eskutik (Nagore Tolosa, Aiora Jaka, Itziar Otegi, Naroa Zubillaga) iritsi zaigu Munro euskaraz irakurtzeko aukera. Eider Rodriguez idazleak eta Nagore Tolosa itzultzaileak hitz egin zuten aurkezpenean.

Hemen aurkituko dituzue liburuari egindako kritikak.

Idazlearen facebook-eko orrialdea bisitatu nahi baduzue, klikatu hemen.

Ingelesez dakizuenontzat, Munro solasean ikus dezakezue bideo honetan, International Festival of Authors jaialdian.

Udara euritsurako, aterkia baino konpainia hobea, zinez.

Ongi etorri Irakurri matte! irakurle-taldearen blogera. Hilero-hilero elkartzen garen taldea gara, liburu baten bueltan, sorginak suaren inguruan nola. Bi urtetan hamaika liburu irakurri ditugu, eta hatz-mamiak tintaz belztu nahian jarraitzen dugu. Datorren ikasturterako ere programazio ederra prestatu dugu: 10 liburu, 10 solasaldi, gurera etorriko diren 5 idazle. Blog honetan bertan emango dugu liburuen, idazleen eta geure irakurle-inpresioen berri. Zain izango gaituzue hileroko bigarren astearte iluntzeetan: gonbidatuta zaudete leihotik buru barrenetara argia sartzen ikustera.

2013/14ko programazioa

Iraila: Zorion handiegia. Alice Munro
Urria: Festa aldameneko gelan. Mariasun Landa
Azaroa: Garbiketa. Sofi Oksanen
Abendua: Nora ez dakizun hori. Irati Jimenez
Urtarrila: Umeek gezurra esaten duteneik. Uxue Apaolaza
Otsaila: Haragia. Eider Rodriguez
Martxoa: Hamaika pauso. Ramon Saizarbitoria
Apirila: Bulkada. Jon Benito
Maiatza: Ertzeko zatiak. Jon Sarasua
Ekaina: Mussche. Kirmen Uribe