“Nahi eta ezin”

Irakurrimatte taldeko Karmelo Arroiabek Mariasun Landaren “Festa aldameneko gelan” liburuaz egindako iruzkina duzue hau:

“Gustura sentitu naiz eleberria irakurri ondoren Mariasun Landarekin  izan dugun solasaldian. Liburua eskuratu baino lehenago uste nuen 1968ko maitzaren ondorengo Pariseko giro iraultzailea izango zela gai nagusia, baina laster konturatu naiz, garai horretan kokatua baldin badago ere, iraultza,  protagonistaren baitan dagoela: Parisen bere txokoa aurkitu nahi duen  20 urteko euskal neska gazte ausartaren ahaleginetan.  Amestutako Parisek eskaintzen zituen esparru edo eremu ugari, zabal eta zoragarrietatik, atzerritar bati “legez” dagozkion hauetara  mugatuko zaizkio: Moja Egoitza-Madame-Chambre-Allliance Française-Euskal Etxea-Rue de la Pompe… Eguneko lanak bete ondoren teilatupeko bere gelatxoan irakurtzera eta idaztera esertzen denean, orduan sentituko da aske eta zoriontsu. Chambrea  da bere amets leku eta bere Paradisutxoa.  Barnean daraman idazteko grinak arinduko dio egunerokotasunaren zama.

Urruntasunak eta atzerriak sortzen duten deserrotze sentimendua, Mariasunek aitortu bezala, lagungarri gertatu zitzaion hizkuntza ikasi eta geroago euskal literaturan mugildu ahal izateko. Askotan gertatzen da: urrunetik begiratu behar etxean gertatzen direnak ikusi eta ulertzeko.

Bestalde, zeharka baldin bada ere, nobelak oso ongi adierazten du frankismo garaiko egoera  iluna eta haren eragina. Protagonistak familiarekin duen harremana, eliza, erlijioa,  sexualitatea… Guzti hau kontuan hartu gabe, irakurle gazte batek (frankismoa ezagutu ez duenak) ezingo luke ongi ulertu, gure 20 urteko neskatoak  mutilekin harremantzeko orduan  erabiltzen duen asmamen, ekuazio matematiko  eta abarreko tresneria.  Intelektualki  Simone de Beauvoirren  miresle eta jarraitzaile sutsua izatea ez da aski. Autokontrol (edo autoerrepresio?) honi gure garaian “nahi ta ezin” deitzen genion.  Pentsamendua eta ideia gure buruetan garbi egon arren ez ginen kapaz aurrera egiteko. Berdin zioen mutila ala neska izan, bazegoen “beste zerbait” aurrera egitea galerazten zuena. Beste zerbait horretan, frankismoak, elizak, erlijioak eta familiak zerikusi handia zutelakoan nago. Eta protagonista, nola ez, garaiko produktu eta ondorioa  da.

Eskertzekoa da Mariasunek irakurlegoari eskeini digun zintzotasuna. Berak dioen bezala, nobela  autobiografikoa da, ez dago fikzioaren arrastorik, pertsonaien izenak ere mantendu egin ditu. Egunerokoan jasotako ohar eta idazkinetatik sortutako nobela da. Dudarik gabe guzti honek plus bat eransten dio irakurlearen arretari”.

Karmelo Arroiabe

“Garbiketa”, Sofi Oksanen

Sofi Oksanen (1977, Jyväskylä, Finlandia) idazlearen “Garbiketa” eleberri entzutetsuaz arituko gara solasean azaroaren 12an. Europa osoan arrakasta nabarmena izan duen lana Joseba Ossak, Maia Ossak eta Mia Rissanenek ekarri zuten euskarara 2011n.

Idazle finlandiarrak Estoniako independentziaren garaian elkartutako bi emakumeren istorioak kontatzen ditu hautatu dugun elebrrian. Zara, Errusiako neska gaztea, Estoniara iritsiko da emakume-trafikoaren atzaparretatik ihesi. Ahituta, hilzorian aurkituko du Aliide Truu atsoak, jendez hustutako landa eremuan bakardadean bizi denak. Hasierako deskonfiantza gainditu ostean harreman berezia sortuko da bi emakumeen artean, eta azaleratzen joango dira  familiako lehiak, traizio umiliagarriak eta bakoitzak bere haragian jasandakoak. “Testuinguru desberdinetan izanagatik, biolentzia jasan duten bi pertsonaia dira, eragin antzekoekin”, dio autoreak. “Boterea interesatzen zait. Nire nobelak konotazio sexualak ditu, ahotsik gabeko pertsonen istorioak kontatu nahi baititut. Arazoa da, kasurik gehienetan, istorioak gizonek idazten dituztela”. Iragana eta oraindaldia tartekatzen dira kapitulu laburretan, eta eleberriak suspentsean harrapatuta mantenduko du irakurlea azken orrialdera arte, hainbat herrialdetan txalotu duten maistratasunez.

Antzerki-obra gisa jaio zen “Garbiketa”, eta izua, umiliazioa eta superbibentzia nahasten dituen tramak erabat liluratu zituen herrialde eskandinaviarretako ikus-entzuleak. Era berean, kritika feministak behin eta berriz goraipatu duen eleberria izan da Oksanenena.

Hemen aurkituko dituzue liburuak, euskarazko bertsioan, jaso dituen kritikak.

“Nik, gutxienez, Simone de Beauvoir izan nahi nuen”

…”gutxienez, Simone de Beauvoir izan nahi nuen, edo hortik gora!”, aitortu zigun atzo Mariasun Landak Pariseko bere ibilerak kontatzen zizkigun bitartean. “Itxura batean, oso lotsatia eta umila nintzen, baina barrutik oso harroa: idealak oso goian nituen!”. Garai hartan haurrentzako literatura egiterik ez zitzaion burutik pasatu ere egin: filosofian lizentziatu nahi zuen, pentsatzen ikasi, BIZI, ondoren letra larriz idatzi ahal izateko.

Horrela esanda, badirudi, Mariasun Landaren obrak txikikeria dirudiela bere asmo handien aldean: haur eta gazte literaturako 37 titulu, autobiografia bat, mikroipuinen liburu bat…

“Festa aldameneko gelan” liburuan hogei urte inguruko Landa gaztea ezagutu dugu bere askatasun ametsekin, azaletik erantzi ezin duen moja erreprimituarekin borrokan, idazketa pasio klandestinotzat hartuta… Chambretik chambrera dabil lanaren, iluntasunaren eta bakardadearen artean idealizatutako Paris aurkitu nahian.

Gaur egun hogei urte dituzten ikasleen artean, maletatzarrak hartuta ikastera, lan bila edo esperientzia berrien egarri trenetan zein hegazkinetan Euskal Herritik alde egiten duten horien artean izango da bat baino gehiago, gaztaroko harro haizez, bere baitarako hala baieztatuko duenik:

“Nik, gutxienez, Mariasun Landa izan nahi dut… edo hortik gora!”. Eta gazteak zerbait zirriborratuko du poltsan ezkutuka gordeko duen kaieran.

Gustura aritu ginen Landarekin solasean. Horren lekuko, ezkerretara duzue taldekideen argazki pare bat.

Hurrengo geldialdia azaroaren 12an egingo du literaturaren trenak, Finlandiako haizeak lagun.

Sofi Oksanen idazlea eta haren “Garbiketa” eleberria (Joseba Ossak, Maia Ossak eta Mia Rissanenek itzulia) ezagutuko ditugu. Plazer baduzue, gonbidatuta zaudete!