Apirilean, “Ispiluak”

Apirilarekin batera, Eduardo Galeano idazle uruguaiarraren “Ispiluak. Mundu ia ororen historia” liburu irakurriko dugu. Xabier Alegriak itzuli zuen eta Txalaparta argitaletxeak plazaratu, 2013an.

Autoreari buruz: Eduardo Galeano Montevideon jaio zen 1940an. Kazetaria eta idazlea izaki, 1973ko Uruguaiko estatu-kolpearen ondorioz kartzelan sartu zuten, eta erbestera joan zen. 1985ean itzuli zen jaioterrira, eta han bizi izan da orduz geroztik. Mundu mailako ospea lortu du hainbat saiakerari esker. Besteak beste, berak idatzitakoa da Las venas abiertas de America Latina [Latinoamerikaren zainak, irekita] liburu ezaguna. 2015eko apirilean hil zen, 75 urte zituela.

galeano1Euskaraz baditugu Galeanoren beste zenbait lan. Txalapartak berak argitaratu zuen Hitz ibilitariak lana, 2000. urtean, Gerardo Markuletak itzulia. Itzultzaile berak, Erein etxearen eskutik oraingoan, Galeanoren zenbait istorio euskaratu zituen Istorio hiperlaburrak (1995) bilduman, hainbat autoreren lanak batzen baitzituen. (Iturria: Armiarma)

Liburuari buruz: Liburu honek ia mundu ororen historia izan nahi du. Horregatik, iragana eta oraina biak daude baturik kontakizun honetan. Galeanoren lan guztietan bezala, botereak baztertutako gertakizun, ikuspuntu edo protagonistengan dago jarrita begirada, uruguaiarrak ohikoa duen ikusmolde kritiko, tonu umoretsu eta zehaztasun zientifikoarekin. Orriotan daude munduak bere baitan dituen mundu ugariak: pentsalariak, sentilariak, jakingurak, menderakaitzak eta ero ederrak, lurraren gatza eta piperra izan zirenak eta badirenak. (Iturria: Txalaparta argitaletxea)

7609Txatalez osatutako liburua dugu hauxe, mundu ia ororen istorio labur, alegia, definizio eta pasarteek harilkatzen dute. Ez da ildorik gabekoa halere, mundua mundu denetik gertatu eta sortutakoak biltzen baititu, historia-liburuek sarri kontatzen ez dizkiguten gauzak hizpide. Historiako jende handia, aurkikuntzak, asmakuntzak, gudak eta pozak oro ditu behatzen, zorrotz, Galeanok.

Alegriak kartzelan zela euskaratu zuen lan hau. Garazi Arrula itzultzaileak elkarrizketa egin zion, itzulpenaren harira, Elearazi atarian. Hemen irakur dezakezue. Markuletari ere elkarrizketa egin zioten Mezularia irratsaioan. Hemen entzun dezakezue.

Bihar elkartuko gara, hilaren 12an, arratsaldeko 18etan Moila gelan.