Urrian, Oier Guillanen “Zauri bolodia”

Urriaren 9an egingo dugu bigarren bilkura irakurle-taldekook eta, oraingoan, autorea etorriko zaigu bisitan. Oier Guillanen (Larratxo, 1975) Zauri Bolodia izango dugu mintzagai, eta antzerkigile, poeta, kazetari, irratilari…, zomorro definigaitz hau gertutik  ezagutzeko aukera izango dugu.

Zauri bolodia saiakera literarioa  iaz aurkeztu zuen Guillanek Txalaparta argitaletxearen eskutik, azpiko bideoan ikus dezake.

“Liburu hau krisian dagoen aktore baten eguneroko gisa irakur daiteke. Hogeita hamar urtetako krisian sinisten ez duen arren, ezin du uka dezake bere buruari nahi baino gehiagotan galdetzen diola zertan ari ote den. Undergroundean hasi eta idealista porrokatua den Zauri Bolodia apurka-apurka profesionalizatzen joan da, eta bide horretan etorriko dira nekea, desengainua, prekarietatearen zama eta, azkenik, norbere burua berrasmatu beharra. Bidaia literario horretan, Oier Guillanen alter ego honek kulturaz hausnartzen du, amateurismoa vs. profesionaltasunaz, hizkuntzaz eta politikaz, gutik nira doan bidaiaz, generoaz eta sorkuntza prozesuaz”.

Eskura dituzue, bidenabar:
-Elkarrizketa Ahoz aho saioan
Kritikak
-Elkarrizketa Argian

Gustu baduzue, urriaren 9an, 18:00etan Alondegiko “Moila” gelan.

Zain izango gaituzue!

 

Irailaren 11an “Suite frantsesa”

IKASTURTE BERRIA HASTERA GOAZ! Irailaren 11an elkartuko da uda ostean lehenengoz irakurle-taldea. Suite frantsesa izango dugu mintzagai.

Suite frantsesa (jatorrizko izenburua: Suite française) Irène Némirovsky idazle judutar ukrainarrak amaitu gabe utzitako eleberri saila da. Bost eleberri idazteko gomuta egina zuen, baina ez zuen bere asmoa burutzerik izan, 1942ko abuztuaren 17an hil baitzuten, naziek atxilo hartu eta Auschwitza iritsi bezain laster. Eleberri saila 2011n argitaratu zen euskaraz, Mikel Garmendia Ugartek eta Jose Antonio Sarasola Arregik itzulita.

Frantziaren eta frantziarren bizimoduaren irudi bat izan nahi du, 1940ko ekainean aleman gudarosteak frantses defendatzaileak suntsitu eta arazorik gabe aurrera egiten hasi zirenean. Paris eta Frantzia iparraldea ekainaren 14rako indarrez hartuak zituzten alemanek. Ekaitza ekainean (Tempête en juin) lehen eleberria paristar herritarren ihesaren lekukoa da, alemanak hiriburuan sartu aurreko eta ondorengo egunetan. Bigarrenak, Dolce (Gozo), Frantziako herrixka baten bizimodua erakusten du (Bussy izenekoa, Parisko ekialdean, Sena eta Marne departamendua, Île-de-France eskualdea), alemanen okupazioaren lehen hilabete gordin baina, aldi berean, harrigarri baketsuetan. Bi lehen eleberriok guztiz bereiz eta lotura gabeak eman dezakete lehen irakurrian. Bion arteko loturak lauso samarrak dira, baina, Némirovskyk bere oharretan dioen gisan, istorioa da batik bat bien arteko lotura, pertsonaiak baino gehiago.

Hirugarren eleberria, Captivité (Gatibualdia), ardaztuta uzteko aukera izan zuen doi-doi. Erresistentziaren ernetzea erakutsi behar zuen, aurreko Ekaitza ekainean eta Dolce ataletan agertutako pertsonaia batzuk atxiloturik eta heriotzara zigorturik azalduz. Laugarren eta bosgarren eleberrien izenburuak, agian, Batailles (Gudaldiak) eta La paix (Bakea) izatekoak ziren, baina Némirovskyren kaieretan galdera ikurraz markaturik ageri dira. Istorioaz ez daiteke deus esan, Némirovskyk oharretan aitortzen baitu bi eleberriok «linboan» direla, «jainkoen oinetara jarriak, geroak ekarriko digunaren mende baitaude».

Oharrak, delizia hutsa dira.

Segidan dituzu liburuak euskarazko edizioan jasotako kritikak.