Munroren biharamuna

Zorion handiegiak biharamuna dakar derrigor. Irailaren 12an elkartu ginen Irakurri, matte taldekook, eta Munroren lanari buruzkoak aletu genituen.

Irakurri dugun ipuin bildumari buruz eta Alice Munroren abilezia nolabait hitzetara ekarri nahian, hona idazlearen dohainetako batzuk azpimarratzeko dekalogo bat:

  1. Zehaztasuna, xehetasunerako gaitasuna, eszena guztiak hantxe bertan balego bezala kontatzea.
  2. Suspentsea mantentzea uneoro.
  3. Pertsonaien psikologian sakontzeko abilezia paregabea.
  4. Estrategia narratibo bikaina, ipuinak egituratzeko artea, irakurlea eramateko dohaina.
  5. Narratzailearen hoztasuna, distantzia. Apenas erabiltzen duen adjektiborik. Ez ditu pertsonaiak epaitzen, ekintzak kontatzen ditu eta epaia irakurlearen esku uzten. Irakurle aktiboa exijitzea.
  6. Bizitza osoak zeharkatzen dituzten istorioak (haurtzarotik zahartzarora). Ipuin guztietan dago “zerbait gertatu zen une hori, toki hori”, eta horren bueltan, espiralean, pertsonaien bizitza osoak mamitzen ditu.
  7. Giroa sortzeko bertutea. Ezagutu ez arren ikusi, ukitu, usaindu… egin daitezke paisaiak, pertsonaiak, etxeak, errepideak, autoak…
  8. Azpigaiak. Ipuin gutzietan duade ikaragarri ondo aletutako eta sakondutak azpigaiak, idazleak, batere behartu gabe, digresio erabat pertinenteen bitartez eskaintzen dizkigunak.
  9. Ipuin mosaikoak, pertsonaien ugaritasuna. Nobelek adinako eremu zabala harrapatzea ipuinetako intentsitatearekin.
  10. Sinesgarritasuna. Testu guztiena oro har. Eta, bereziki, abilezia ikaragarriz, ezustekoa, arrarotasuna, bitxia dena, erotasuna papereratzeko orduan.

Festa aldameneko gelan

Urrian Mariasun Landa idazlearen bisita jasoko dugu irakurle-taldean. Haur literaturan egindako lanagatik ezaguna den autorea, oraintsu “Inurrien hiztegia” publikatu berri duena,  beste liburu baten karietara gonbidatu dugu, ordea. 2007an argitaratu zuen “Festa aldameneko gelan” kontakizun autobiografikoaz mintzatu nahi dugu berarekin.

Hiri bat: Paris, 1968ko udazkena, oraindik geratzen dira galtzada-harrien pean aurreko maiatzean sumatutako hondartzaren bila saiatzen diren estudianteak. Paris, hainbat espainiar etorkin, iheslari antifrankista eta frankismoko iluntasunetik eta gristasunetik ihesi joandako beste hainbat gazteren harrera-hiri. Protagonista: independentzia pertsonalaren bila doan euskal neska gazte batek bere lan, bizikizun eta maitasun ibilbidea kontatzen du, Parisen ematen duen lehen ikasturtean. Kolore guztietako pertsonaiak, pasadizoak eta gorabehera gazi-gozoak, umore puntu batez tratatuak; azken finean, bizitzara irekitzen den gazte baten kronika sentimentala. Festa bat: Parisko bizitza idealizatua, hainbat promes, amestutako esperientzia eta emozio biltzen dituena; literaturak eta zinemak mito bihurtutako festa, sekulatan heltzen ez dena edota, beti, aldameneko gelan bakarrik gauzatzen dena. Kontakizun autobiografiko honetan, Mariasun Landaren zintzotasunak hunkitzerainoko zirrara eragiten digu, bizitzeko pasioa kutsatzen digu eta hasieratik bukaeraraino katigatzen gaitu, eleberri onaren maisutasun narratiboak eramanda.

Hemen aurkituko dituzue liburuari bere garaian egindako kritikak.

Sareinak (feminismo literarioak) blogean elkarrizketa interesgarria egin zioten Mariasun Landari mintzagai izango dugun lanaren harira, eta hori ere hemen duzue irakurgai.

Gozatu ilegorriaren luma gorriagoarekin!

“Idazteko denbora aurkitu zuen etxekoandrea”

Argazki hau 1961ean argitaratu zen The Vancouver Sun egunkarian. Bertan, idazle gazte bati buruzko erreportajea irakur zitekeen, entzute pixka bat irabazten hasia baitzen bere ipuinak aldizkarietan argitaratuta eta Kanadako irrati publikoari salduta. Munrok 30 urte zituen. Elkarrizketa irekitzen duen argazkian emakume gazte bat ikus dezakegu zazpi eta lau urteko bi alabekin.

Prentsan leku egin izanak talentu handiko idazle gisa onartua zela pentsarazten duen arren, honakoa zen erreportajearen titularra: “ipuinak idazteko denbora aurkitzen duen etxekoandrea”. Elkarrizketan, Munrok azaltzen du nola idazteko haurrak siestan dauden garaia probesten duen eta makina eta kaiera dituen gelan gotortzen den. Virginia Woolfek aipatzen zuen gela propioa, emakume batek idaztea posible izatekotan. Alice Munroren kasuan arropa lisatzeko gelan kokatuta zegoena. Munroren alaba Sheilak Lives of mothers and doughters (ama-alaben bizitzak) liburuan kontatzen du Sheila bera eta ahizpa gela hartan sartzen ziren bakoitzean amak koadernoa alboratzen zuela, erosketa-zerrenda bezain kontu arruntak eta prosaikoak idazten ari balitz bezala. Gaur egun, “Chejov berria· deitzen diote laurogeita hiru urteko idazleari. Eta hark hala erantzuten du: “Zorion handiegia” ipuina idazten ari nintzen bitartean, ezagutu izan banindu, Chejov nirekin maiteminduko ote zen galdetzen nion nire buruari. Ezetz uste dut, gizonei ez zaizkie ni bezalako emakumeak gustatzen. Baina, nork jakin, hura azkenean Olga Knipper aktorearekin ezkondu zen, ospe propioa zeukan emakumearekin, beraz… Bai, posible da ni Chejoven gustukoa izatea”.

Iturria: El Pais, “La vida secreta de Alice Munro” artikulua.