Danele Sarriugarteren “Erraiak”

Danele Sarriugarteren (Elgoibar, 1989) opera primaz jardungo gara irakurle-taldean urtarrilaren 13an (Alondegain, 18:00etan). Idazlearen lehen liburua izanagatik, gure literatur sistematxoa astindu du liburu honek. Ugariak dira jaso dituen kritikak (onak, bikainak, gehienak) eta iruzkinak, eta gutxi izan dira liburuak axolagabe utzitakoak. Izan ere, “Erraiak”ek badakar zerbait berria, zerbait astintzailea. Narratzailearen ahots bulkadazkoa, geraezina, taladratzailea, inteligentea, ironikoa da eleberriaren gakoa. Liburuaren azken hamarnaka orrialdeak oin-oharrez osaturikoak dira, Sarriugartek miresten duen David Foster Wallacen teknikari jarraiki. Digresio interesgarri askoak irakurri ahal izango ditugu bertan.

Hona, egileari eginiko zenbait elkarrizketa.

-“Sexuari buruzko ikuspegi gordinaren atzean badago aldarri bat” (Naiz)
«Azpimarratu da sexualitatearena, eta morbo pixka bat sortu dela uste dut» (Berria)
-Aurkezpeneko bideoa.
Sautrelako elkarrizketa.
-Autobiografikoa den jakin nahi duzue? Hona, ernatzuna.

Azken hilabeteotan Euskadi Irratiko Amarauna saioan aritzen da Danele Sarriugarte larunbat goizetan Gorka Bereziartuarekin batera, eta Berria egunkarian ere iritzi artikuluak argitaratzen ditu ostiralero. Nahi izatera, erraz aurkituko dituzue. On egin!

Atxaga “Haur besoetakoaz”

Kultura eta irakurketa ez dira Durangoko Azokan hasi eta amaitzen. Datorrean asteartean (abenduaren 9an, 18:00etan Alondegian) Jon Miranderen “Haur besoetakoa” izango dugu mintzagai Irakurri Matte taldean. Duela aste batzuk eleberriari buruzko informazioa eskegi genuen blogean.

Sarritan egin izan da Miranderen eta Navokoven eleberri ezagunenen arteko alderaketa. Gutxitan hitz egiten da Haur besoetakoaz Lolita aipatu gabe. Bernardo Atxagak gogor kritikatu izan ditu bi lanak; aipatu zuen Zumaian bisitan izan genuenean ere. Intereseko baduzue, 2010eko ekainaren 15ean Bilbo Zaharra Forumen eman zuen mintzaldiari buruzko bideoak dauzkazue hemen ikusgai. Gai berari buruz Garan argitaratu zen artikulua ere irakur dezakezue.