Denok gara Nora

Poza hartu genuen Estitxu Aranbarri berriro taldera bildu zela ikusi genuenean. Haurdunaldiaren ondoren, lanak ugaldu eta irakurketarako tarteak urritu zaizkio. Baina “Nora”rekin itzuli da pasio zaharrera, eta baita Irakurri Matte taldera ere. Ongi etorria, Estitxu, eta ongi etorria Irati Jimenezen “Nora ez dakizun hori” eleberriari buruzko zure iruzkina ere.

Lo hartu du, oraintxe da momentua, azken hilabeteetan une preziatuen bila nabil… “Nora ez dakizun hori” izan da, bai, une preziatuetan nirekin egon dena. Lanerako bidean, autobusean… izan ohi da nire momentua, eta gustura hartzen dut, bai horixe. Norbaiti entzun diot bukaera jakina zela eleberri honetan, niri ez zait horrela iruditu, azken momentu arte gozatu dut. Bada ia bi aste liburua bukatu nuela eta hala ere buruan ditut pasarte asko eta asko. Hasiera hasieratik liluratu ninduen mila argazkitan azaltzen zen emakumearen ideiak, beti emakume bera. Denok izango dugu, emakume hura, Nora, gure argazkietan; geu ere egongo gara beste herrialdeetako turisten argazkietan: denok gara Nora. Gogoan dut Irlandan bidaiatzen geundela, Dublinetik Galwayrako bidean, autobusez gindoazela, etxe batzuen alboan gelditu ginela une batez. Han zen bost bat urteko neskatoa leihotik guri eskuarekin agur egiten. Askotan etortzen zait irudi hori burura, neskatoa haziko zen dagoeneko… Zertan ibiliko ote da? Gaur ote da bere urtebetetzea? Argazki bat ateratzea bakarrik falta izan zitzaidan, hura nire Nora izateko. Esnatu da.

Hobe isilik

Garbiñe Ubedaren lehen fikziozko lanarekin estreinatuko dugu urte berria Irakurri matte! taldean. Kazetaritzan ibilbide luzea duen arren (Argia astekarian ari da gaur egun), hauxe du lehen eleberria, Augustin Zubikarai beka-sariaren irabazlea.

Hona, Hobe isilik nobela laburraren argumentua: 1936ko Gerran ibili eta gero, II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian desagertutako Jose Bermejo aitona miliziano anarkistaren arrastoaren bila hasten da haren biloba Bakartxo. Inoiz ezagutu gabeko aitona hari idatziko balio bezala, bilaketaren gorabeherak, ezusteko aurkikuntzak eta horiek sorturiko zalantzak kontatzen dizkigu eleberriak; horiekin batera, familiaren historia berreraikiko du narratzaileak, baita hainbat gogoeta harilkatu ere: sekretuaz, isiltzeaz, bizitza berri bat hasteaz, zaharra ahazteaz…

Idazlearen lantoki den Argia astekariak, aurkezpenaren bezperatan, honako artikulua argitaratu zuen liburuazHemen aurkituko duzue Etb1-eko Sautrela saioan Hasier Etxeberriak Ubedari eginzion elkarrizketa. Liburuari orain arte egindako kritikak ere irakur ditzakezue. Youtube-n prentsaurrekoko hainbat bideo  ikusgai dituzue.

Autoreak badu argitaraturiko saiakera bat ere: Mila ezker (Susa), ezkerrei buruzko saio jakingarri bezain dibertigarria.

Gabonetarako digestibo ona da literatura. On dagizuela!

Patata-tortilla, piper berdeak eta banpiroarentzako odola

Irati Jimenezen bisita izan genuen abenduaren 20an, eta jardun ginen erromantizismoaz, ipuinez, Bagdagez eta Lisboaz, banpiroez, likantropoaz, inzestuaz, fantasiaz… Taldeko Karmelok eleberriko protagonisten jateko gogokoena prestatu zuen okasiorako: patata-tortilla eta piper berdeak, eta gonbidatu-banpiroari plazer emateko odolaren koloreko ardo beltza ekarri zigun. Hona solasaldiko argazkiak, baina adi: banpiroa bazara ez duzu zure burua ikusiko.