Ainhoa Odriozola taldekidearen iruzkina

imagesEskola konbentzionalak irakurketa indibiduala bultzatzen badu ere, irakurle txokoetako saio bakoitzak erakusten dit norbere golkoan irakurritakoa taldean elkarbanatzeak pentsamendua aberasten duela; taldean hobeto pentsatzen dugu norbere burua autonomoagoa eta sortzaileagoa eginez.

Ixiar Rozasek dio iturrien aitortza egitea esker ona adierazteko modu bat dela, eta leiho honetan horietako batzuk aipatu nahi izan ditut.

Pasa den urtean deskubritu nuen “Gela bat norberarena” saiakera Lasarte-Oriako irakurle bidaideekin, eta, orain gutxi, Virginia Wolfek 1928ko hitzaldi historiko hartan adierazitakoa berrinterpretatzeko aukera izan dut Irakurri-matteko hileroko zitan.

Zein izan zen Wolfen mezua (orain dela ia 100 urte) emakume hutsez betetako gela bete hartan? Iratxe Retolazak Arratsean saioan azaldu moduan, Wolfek pentsamendu baten kontaketa egiten digu eta idazle horren esanetan artista guztiek behar dute burujabetza ekonomikoa (dirua) eta pertsonala (gela).

Wolfek egun berean lortu zituen emakume izateagatik debekatua (izan) zuen boto eskubidea eta izebaren herentziaren gutuna eta askoz gehiago poztu omen zen hilero-hilero jasoko zuen ordainsariarengatik. Esan daiteke oso argi ikusten zuela zein zen burujabetza ekonomikoak zuen pisua, alegia, diru truk botere gehiago izango zuela boto eskubidearekin baino. Funtsean, botoa ematea ordezkaritza soil bat delako, beste norbaiti emanez norbere ideiak garatzeko ordezkaritza bat.

Aldi hartan, emakumearen pobreziari garrantzia handia eman zion eta ukaezina da gaur egun ere alarma gorri horrek piztuta jarraitzen duela. Komunitate gisa, estatu askotan emakume askoren egoerak okerrera egin du eta burujabetza ekonomikorik gabe ezin norbere burujabetza pertsonala eta nortasuna garatzeko espaziorik izan.

XX. mende hasieran emakumeek ez zuten inolako ondasunik, eta, ondorioz, ezinezkoa zuten eskola, unibertsitate edota liburutegietan espazio propioa (fisikoa zein intelektuala) izatea. Gaur egun, emakumeak baditu hainbat lan sozial garai batean eskura ez zituenak, baina lortu ote du berarentzako espazio propiorik?

Ia mende oso bat igaro bada ere, -zoritxarrez- liburu hau oraindik ez zaigu zaharkitu.

 

Mari Luz Estebanen hitzaldia Getarian

Mari Luz Estebanen hitzaldia

Mari Luz Estebanen hitzaldia

Martxoaren 26an Mari Luz Esteban antropologo, pentsalari eta poetaren hitzaldia izango dugu Getariako liburutegian. “Feminismoa, etengabe eraldatzen” hitzaldian mugimendu feministaren diagnosia egingo du, eta pil-pilean dauden hainbat gai sakonduko ditu. Zumaiako irakurle-taldean bere poesia liburuaz arituko gara Estebanekin hilaren 10ean, baina feminismoari buruzko autorearen gogoetak bertatik bertara entzun nahi badituzue, gonbitatuta zaudete. Hitzordua 19:00etan izango da.

Mari Luz Estebanen poesia

imgres-4Martxoaren 10ean Mari Luz Esteban antropologoa eta idazlea izango dugu solaskide Irakurri Matte taldean. Medikuntzan lizentziatua, Gizarte antropologian doktorea eta mugimendu feministako kidea da. Gizarte antropologiako irakaslea EHUn. Generoa, osasuna, gorputza eta emozioak ditu ikerketa-lerro nagusi.

Haren azken liburua izango dugu mintzagai: Amaren heriotzak libreago egin ninduen poemarioa. Autorearen lehen poesia liburua da, aurrez argitaraturiko ikerketa lanetan eta saiakeretan jorratu dituen hainbat gai molde poetikoan lantzen dituena. Estebanenak dira Critica del pensamiento amoroso (Bellaterra, 2011) ezaguna eta Antropología del cuerpo: género, itinerarios corporales, identidad y cambio (2004) ere. Pentsamenduzko artikuluak eta saiakerak argitaratzeaz gain, hizlari trebatua da. Euskal Herriko feminista askorentzat erreferente garrantzitsua da, eta maitasun erromantikoaz, gurasotasunaz, amatasunaz, gorputzaz eta abarrez egin dituen gogoetek pisu nabarmena dute.
imgres-5 imgres-6Aztergai eta, batez ere, gozagai izango dugun poemarioan ama sinbolikoaren pisuaz, maitasunaren lotze-askatze mugimenduez, desiraz, heziketa sexualaz, gizongaiztoez, amatasunaz, idazteaz… ari da autorea, zehaztasunez eta zuzentasunez, eta poetikotasunik batere galdu gabe, haatik.

Hemen aurkituko dituzue liburuaz argitaratu diren kritikak.
Berriako artikulua.
Sautrelako elkarrizketa.
-Hamaika TB-ko Idemtitateak saioan, amatasunaz eta feminismoaz.

Irakurketarako gosea egiteko aperitiboa edo irakurketaren ondorengo postre gozoa izan dadila informazio hau. On egin.

Literatura eta emakumeak, “Idemtitateak” saioan

Literatura eta emakumeak izan zen Virginia Woolfi 1929an jarri zioten gaia. Gai berari erantzun zioten Itxaro Bordak, Arantxa Urretabizkaiak eta Iratxe Retolazak Hamaika Telebistako Idemtitateak saioan. 30 minutu inguruko bideoak dira. Atal hau eta beste guztiak dira gomendagarriak, generoak hainbat eta hainbat esparrutan nola eragiten digun hausnartzeko.

Intereseko izango zaizuelakoan, on egin!

Virginia Woolfen ahotsa eta azken hitzak

Virginia Woolfen ahotsaz dagoen grabazio bakarra entzun ahal izango duzue hemen. Hauxe da Woolfen ahotsaren grabazio bakarra; 1937ko apirilaren 29koa da, BBC irratian irakurri zuen hitzaldiaren zati bat. Hitzei buruzko testu horretan bi ideia dira nagusi: batetik, hitzek egia esateko eta edertasuna sortzeko balio dute; eta, bestetik, egia horrek ertz asko ditu.

Bestalde, bere buruaz beste egin aurretik Virginia Woolfek senarrari idatzi zizkion lerroak euskaratu ditugu:
“Maitea:
Ziur nago berriro erotzen ari naizela. Uste dut ez naizela halako beste bolada ikaragarri bat igarotzeko gai. Oraingoan ez naiz neure onera etorriko. Ahotsak entzuten hasi naiz eta ezin naiz kontzentratu. Horregatik, ondoen iruditzen zaidana egiten ari naiz. Denik zoriontasun handiena eman didazu. Izan daitekeen guztia izan zara, denean. Ez dut uste bi pertsona gaixotasun izugarri hau iritsi aurretik ginena baino zoriontsuago izan daitezkeenik. Ezin dut borrokan segi. Badakit zure bizitza izorratzen ari naizela, ni gabe lan egin zenezakeela. Eta egingo duzu, badakit. Ikusten duzu, ez naiz gauza hau ganoraz idazteko ere. Ezin dut irakurri. Esan nahi dizudana, nire bizitzako zoriontasun guztia zuri zor dizudala da. Paizentzia handia izan duzu nirekin eta sinestezinki ona izan zara. Esan nahi dizut… Mundu guztiak dakiela. Ni inork salbatzea posible balitz, zu zinateke hori. Ez zain ezer geratzen, zure ontasunarekiko ziurtasuna baizik. Ezin dut luzaroago jarraitu zure bizitza izorratzen.
Ez dut uste bi pertsona gu izan garena baino zoriontsuago izan daitezkeenik.”

Emakume idazleen testigantzak diskriminazio sexistaz

Irati Jimenez idazleak, Literatura Eskolak antolaturiko pentsagune-solasgune baten karietara, ariketa interesgarria egin zuen duela zenbait hilabete. “Harrikoa eta literatura ” izenburupean antolatu zen 2013ko martxoko eskola, eta Inma Erreak (“Harriko eta literatura” liburuaren idazleak –Pamiela, 2003–) eta Jimenezek berak hartu zuten parte. Wolf-en lanarekin duen lotura zuzenagatik (Wolf-i buruzko beste eskola bat ere izan zen, Ana I. Moralesek eta Itziar Diez de Ultzurrunek gidatua), egokia iruditu zaigu hemen jartzea:

Zer diote emakumeek: testigantza sorta bat

Euskal Herrian jarraituz imitatu dezagun Guerrilla Girls-en ariketa bat. “Ez naiz feminista baina feminista banintz honetaz kexatuko nintzateke”. Zertaz kexatuko lirateke euskal emakume idazleak? Anekdota matxistarik? Galdera bi horiek egin dizkiet 15 emakumeri, denak idazleak. Izenik eman gabe kontatuko ditut.

Deseroso sentitu zara inoiz?

Testigantza bat:

  • 2000an, hainbat emakumeren testuak biltzen zituen liburu bat argitaratu zuen idazleak hala dio: “batek baino gehiagok esan zigutela sexu berekoak izateagatik biltzea irizpide sexista zela, ez literarioa. Ondorioz, kuestionagarria zela edukiaren kalitatea. Liburua jaio zen a prioriko uste gaizto espontaneoz inguratuta. Esan ziguten, ildo horretatik, zilegi izan zitekeela “begi berdedun idazleen ipuinak” argitaratzea, edo “belarritakoa erabiltzen duten idazleen ipuinak” argiraratzea. Literaturak izan behar zuela irizpidea. Jakina, hala nahi genuen guk: gehienok ezezagunak ginen, borrokan genbiltzan plazan tokitxo bat lortzeko, eta beharrezkoa iruditzen zitzaigun ekimen hori “hemen gaude” esateko. Nola esango genuen, ba, oportunitaterik izan gabe? Ez zitzaien gustatu gure alternatiba geure kabuz bilatzea eta kudeatzea, nik uste”.

Testigantza bat:

  • “Deseroso sentitu naiz hasieratik, askotan”, dio idazle honek. “Adibidez, kazetarien aurrean halako galderekin: “Zeurea emakume literatura al da? Zeure pertsonaia gehienak emakumezkoak dira eta… Zergatik dira zeure pertsonaia gehienak emakumezkoak? Hasieran oso erantzun defentsiboak ematen nituen, asko haserretzen nintzen nire buruarekin ez nekielako nola bideratu nire amorrua despeinatu gabe. Ondoren, erantzun intelektualagoak ematen hasi nintzen, bigarren liburuarekin, esango nuke, preparatuta eta hausnartuta joaten nintzen. Orain “zergatik ez zoaz porkulo hartzea?” erantzun dezaket begiradarekin eta ahoa ireki gabe”.
  • Irakurle klubetan ere deseroso sentitu naiz: “Nabaritzen da ama izan zarela… xamurtu egin da zure idazkera”. “Ez dirudi ama zarenik, errukiorragoa izan behar zenuke zure pertsonaiekin”. “Amatasuna, edertasuna, zahartzaroa, gorputzaren endekatzea… gai horiek erabili dituzu zure azken liburuan, literatura burgesa da zurea”.
  • Idazleen artean: “Kamarada zirkuluak guztiz itxi zaizkit. Kamarada izateko gizonezko izan beharra dago eta asko jota beste gisa bateko emakumezko (ñabarduretan sartu gabe). Aspertu naiz gizon plantak egiten”.

Beste testigantza bat:

  •  “Sentsazio asko dira. Bigarren mailako sentiarazi. Mutilek prestijioa dute lana kaleratu eta ia berehala. Neskok, emakumeok, etengabe irabazi behar dugu. Etengabeko lana da. Eta halako batean egun batean gizonezko batek esaten dizu “nire mundukoa kontsideratzen zaitut”. Alegia, mesede bat egiten dizutela, eta atea zabaltzen dizute. Zuk aspaldi irabazitako lekuan egoteko menia ematen dizute. Seguru nago horrelakorik INOIZ ez diotela gizonezko bati esan”.
  • Behin esan zidan (beste gizonezko batek, jakina) ni ez nintzela bene-benetako idazlea, nire jarrera ez zelako “idazlearena”. Hedabideetan ere ezberdin tratazen zaituzte. 2013ko libururik onena Miren Agur Meaberena izan da, zalantza barik. Zenbatetan azaldu da Miren Agur hedabideetan, eta konparatu, esaterako “puntua-puntan” ei dauden gizonezko idazleekin.
  • Zu etengabe irabazten ari zara leku bat. Gizonezkoek lekua irabazita dute.
  • Behin esan zioten (neure aurrean) idazle bati (liburu bi kaleratuak dituena helduen literaturan, eta haur eta gazte literaturan ere kaleratuak ditu zenbait) “bera ez zela poeta”. Hau da, nortasun agiria ere gizonezkoek ematen digute. Zu bai, zu ez.

Beste testigantza bat:

  • “Gogoan dut, behin editorearekin nengoela (liburuari buruzko elkarrizketa batean) eta kazetari batek (antenatik kanpo) esan zion: “beti neska politekin zabiltza zu!”. Ni minduta sentitu nintzen. Editoreak erantzun zion: “ni ondo idazten dutenekin ibiltzen naiz”. Ez nuen erreakzionatu, uste dut irribarre egin nuela….eta pentsatu nuen: zergatik ez diot erantzun?”
  • “Deseroso sentitzen naiz, liburua emakume batek idatzia bada eta emakume biri buruzkoa bada ia emakumeentzat idatzitakoa ote den galdetzen didatenean. Ze kristo! Zer daude mutilentzako eta neskentzako gaiak….Joder… Barkatu, haserretu egiten naiz”.

Beste testigantza bat:

  • “Ni idazten hasi nintzen denboretan (1975-1980) emazte gutxi zegoen idazle eta batzuek uste zuten Itxaro Borda gizonezko eta adineko norbait zela eta 18 urteko neska itsusi baten aitzinean aurkitzen zirenean harritzen ziren. Lehen hiru liburuak plazaratu nituelarik, ondoko egunetan, gurasoek laidostatzen ninduten gutun anonimoak eskuratzen zituzten, euskara garbian idatziak baina azalpen zikinez mukuru: trastua nintzela, lodia, gizon trakakoa, gurintsua, itsusia (berriz) idazten zuten gutunetan. Ez ninduten biziki laguntzen nire buruarekiko konfiantxa hartzen! Deseroso nintzen oso banekielako gainera erortzen zitzaidala euskal sistema guztia emaztea nintzelako eta ez nintzen segur ene emaztetasunaz, ordukoz, lesbiana nintzela azaltzeko poema kriptatuak izkiriatzen nituelako. Garai zailak zirela oroitzen naiz, gizonezkoa izan banintz ez zitzaidala horrela laido eta bazterketarik gertatuko somatzen nuelako. Gaur egun orduko bortizkeriarik ez da gure harremanetan, baina hor dago biolentzia, komentario apalgarri batean edo gizonezko idazleak zugan konfiantxa (politikorik) ez duela argiegi erakusten duenean, edo gizonezko batek zuri deus erran gabe ulertu ez duen zure liburu bateko hitz jokoa ustez zuzentzen duenean (Luzien Etxezaharretak Noiztenka poema bilduman Kreutzer Sonate titulua jarri zuen jatorrizko Kreuzberg Sonate haren ordez, ez diot oraindik barkatu.) zabar mintzo zaizkigunean, aspertzen bagenitu bezala, etab. Agian beste idazle M lagunek ez dute nabaritzen baina nik bai, beharbada sobera sensiblea naizelako!”

Beste testigantza bat:

  • Etengabe errepikatzen diren komentarioak “neskek errazago dute argitaratzeko/prentsan idazteko…”.
  • Beste komentario bat, irakurle talde batean: “noski, nori ez zaio gustatzen telebistan/periodikoan neska guapa bat ikustea!”

Beste testigantza bat:

  • Hau bertatik bertara kontatu zidan idazle batek. Esan zidan bere bigarren liburua argitaratzear zenean abendua zela eta argitaletxeko editoreak deitu zion, esateko otsailean eta martxoan beste bi emakumek argitaratuko zutenez, erdian gizon bat sartuko zutela, “bestela gehiegi izango zelako”.

Zertaz kexatuko zinateke?

Batek hauxe dio:

  • Eta zertaz kexatuko nintzateke euskal literaturan? Oraindik ere argitaratzen diren liburu gehienak gizonezkoenak direla. Begira, Euskadi Literatura sarietan, emakume bakarra zegoen (kasualitatea? kausalitatea?) eta gainera, ez zen prensako titularretan agertu ere egiten.

Beste batek hau:

  • Helduen literaturako editore guztiak gizonezkoak dira, eta horrek gure literaturan eta haren balorazioan eragin nabarmena duela iruditzen zait.
  • Kazetariek galdera sexistak egiten dituzte behin eta berriz. Hori nekagarria izateaz gain autoestimarentzat pozoina da, eta pozoinduta ezin da idatzi…
  • Argazkilariek emakumezko idazleei “egin irribarre” esaten digutela nire irudipena da?
  • Literatur kritikaririk gehienak ere gizonezkoak dira
  • Baldintza berdinetan idazten dugu gizonok eta emakumeok? Aita diren idazleek eta ama direnek egoera berean egiten dute literatura?
  • Berdin baloratzen da gizonek egindako literatura eta emakumeek egindakoa?
  • Oraindik gai pribatuen gutxiespena ikusten dut gai publiko eta handien mesedetan. Salmetak eta balorazioa ez datoz bat.
  • “Estilo eta gai femeninoa”en gutxiespena “estilo/gai maskulinoa”ren mesedetan.

Kexak jasotzen, zer galdetzen dute kazetariek?

Duela gutxi idazle bati elkarrizketa egin zioten El Correo aldizkarian. Hona galderetako batzuk:

Galdera batzuk: “Euskal literaturaren mundua matxista dela pentsatzeko arrazoirik baduzu?  Kritikariok emakume idazleak txarto tratatzen zaituztegula uste duzu? Adibiderik? Kexarik? Salaketarik? Esatea gustatutako litzaizukeen ezer?” “Liburu berriko protagonista guztiak emakumeak dira. Jakin daiteke zergatik diskriminatu dituzun gizonak?” “Emakume-gorputzaren, korporalitatearen edota sentsazio fisikoekin lotutako diskurtsoa nabarmentzen da. Literaturaren dimentsio sozialarekin zerikusia duen aldarrikapen feministarik ezkutatzen du zure jokaerak?”

Idazlearen erantzunetako bat: “Mundua (oro har) matxista dela pentsatzeko dauzkadan berak. Kanona maskulinotasun hegemonikoan oinarritzen da, eta kanona ez dute idazleek soilik eratzen. Maskulinotasun hegemoniko hori denon artean indartzen dugu: autoreak, editoreak, kritikariak, kazetariak, irakurleak, irakasleak… Kanonean ez dagoena ez da idazle osoa,  emakumeok ez gara idazle osoak, gurea ez da literatura, literatura “femeninoa” da… eta  abar luze bat. Adibide bat? Elkarrizketa honetako lehen bi galderok. Egingo al zenioke  idazle kanoniko bati? Zenbateraino dira galderok naizen idazleari eginak? Zenbateraino, naizen emakumeari?”

Kazetariak: Estrategia defentsiboan ari zara berriro ere, eta arriskutsuagoa dena, benetako erasorik egon gabe, halako intentziorik gabe behintzat, biktimaren lekuan jartzen (ez dakit kontziente ala inkontzienteki). Gero, ea galderak zenbateraino zaren idazleari eta zenbateraino zaren emakumeari eginak diren… ados, arrazoi duzu, baina horretan erru osoa ez da elkarrizketatzaile/kazetari/kritikariona, azken batean guk nahi duguna galde dezakegu eta zuek hainbat aukera dituzue: erantzun, elkarrizketatzailea pikutara bidali edo ez erantzun. Ez dakit beti halako galderen aurrean erantzuteak ez ote duen arazoa handitzen; askotan enfrentamendua artifizialki puztea interesa izan zaizuela pentsatzera iritsi naiz, hori da egia.

Hala ere, gero galderak erretiratu zituen eta hauxe esan zion idazleari:

Kazetariak: “Era berean, orokorrean, ez dut uste eroak zaretenik, ezta gutxiago ere, nahiz eta, zintzoa izanik, arrazoi osoa duzun: ez naiz kapaz etengabe aipatzen duzuen diskriminazio-egoera hori ikusteko”.

Eta beste “anekdota” bat bukatzeko.

Hau da Jon Kortazarrek Katixa Agirreren “Sua Falta zaigu” liburuari egindako kritika.

“Iaz liburu aipaturik izan bazen (Euskadi sariaz aparte, noski!) aipatuenen artean Elkar argitaletxeko Irati Jimenezen Bat, bi, hiru, Manchester izan zen. Lan horrekin bere burua eman zuen ezagutzera aita ere idazle duen egile gazteak. Aurton argitaletxe berberak, literatura formula balitz bezala, antzeko joerak indartu ditu: emakumea, lehen liburua, Euskal Herritik kanpoko espazioa… Patroi horren barnean agertzen zen Uxue Alberdiren Aulki bat elurretan eta orain Katixa Agirrerena ere bide horretatik doa.

Film ezagun haren izenburua parodiatuz: “Editoreak emakume idazlea bilatzen du” garaian gaudela esango ahal izango genuke. Nire liburu-denda maitean ere hirurak bata bestearen ondoan agertzen ziren, nire inpresioa hutsala ez dela seinale!”