Haragia disekzionatzearen plazera

Irakurri Matte taldeko paperjaleetako bat da Asier Arakistain. Xomorro bat gehiago, askoren irudirako. Ale hau ez da paperjale ortodoxoa dena den, Haragia jaten ere gozatzen du. Bihurriak dira sitsaren bizioak eta plazerak, baina konta litezke labur eta argi. Hona, adibidea:

Literatura atsegin duenari berdin zaio zein urtaro den, izan negu edo uda beti aurkituko baitu irakurketaz gozatzeko parada. Hala ere, ezin uka neguko arratsalde euritsu batean, norbere besaulki gustukoan, manta batez bildua, esku artean liburu bat izatea bezalako plazerrik apenas dagoen munduan.Apenas dinot beti hobetu daitekeelako egoera. Irakurritako liburuaz solasaldi bat izanez lagun artean, edo solasaldi horri laguntzeko meriendatxo bat prestatuz, edo idazlea bera ere gonbidatuz.. Horrela izan ginen ba otsailaren 11ko arratsaldean, kanpoan euria ari zuen arren, lagunartean, Anttonek ekarritako meriendatxoa lagun, Eider Rodriguezekin batera bere “Haragia” disekzionatzen. Plazer bat.

 

Martxoan, “Hamaika pauso”

“Hamaika pauso” Ramon Saizarbitoria idazle donostiarrak idatzitako laugarren eleberria izan zen, 1995ean argitaratua Erein argitaletxearen bidez. Gaztelaniaz Los pasos incontables izenburuarekin argitaratu zen.

Angel Otaegiren fusilatzea du oinarri eleberriak. Tiro egin zuten pertsonak salbu, lekukorik gabe hil zen Otaegi, eta bere bizitzako azken momentuen fikziozko berreraikuntza egiten entseatu zen Saizarbitoria nobela honetan. Liburuan Daniel Zabalegi izena eman zion Otaegiri, fikziozkotasuna nabarmentzeko. Protagonista nagusia Iñaki Abaitua da, hiztegi bat osatzeko lanean ari den idazlea. Lan horretarako Bartzelonara joan eta Eduardo Ortiz de Zarate ETAko militantea ezagutuko du. Honek muga gurutzatzeko laguntza eskatzen dionean hasiko da bien arteko harremana eta apurka-apurka, Ortiz de Zarate Abaituaren bizitzan sartzen joango da. Nobelan Ortiz de Zarateren pertsonaia da Abaitua eta Zabalegiren arteko lotura zuzena. ETAko kidea autoz eraman behar duen batean ikusiko du, oso tarte laburrean, Abaituak Zabalegi. Bere fusilatzearen ondoren kasuari buruzko xehetasunak biltzen hasiko da nobela bat idazteko asmoz.

Hemen aurkituko dituzue Saizarbitoriaren eleberri ezagunak jasotako kritikak.

Egileari egindako hainbat elkarrizketa daude sarean, hona batzuen titularrak, irakurtzen jarraitu nahi izanez gero klik bakarrean jarraitzeko. Tamalez, gehienak gaztelaniaz daude:

“Emakumeak ulertzen hasita nago, berandu bada ere” (Martuteneren argitalpenaren ondoren)

“Quizá, de no haber nacido en una cultura minoritaria, no me hubiera dedicado nunca a escribir”.
“Lo que nos hace universales es hablar de lo nuestro”
“Me sigue pareciendo pretencios andar diciendo que soy escritor”

Martxoaren 11n izango dugu eleberria aletzeko zita, 18:00etan Alondegian. Ongi etorriak izango zarete!