Antton Peñalbaren iritzia, “Gerra txikiaz”

Antton Peñalba irakurkideak iritzi-artikulu hau bidali digu Lander Garroren “Gerra txikia” eleberriaz:

9 urte. Oreretan bizi da Xabi, Gerra Txikia eleberriaren protagonista nagusia. Maitatua izan nahi du eta lagunen artean norbait izan, baina ezin du bere burua nabarmendu. Ez ditu nota bikainak ateratzen eta futbolean eta kirolean ere makala da oso. Baina, hala ere, lasai bizi da bere gurasoekin eta bere anaia eta arreba zaharrekin. Egun batean, gerra, gerra txikia aurkituko du bere bizitzan. Aitak erbestera ihes egin behar du eta harekin familia osoak. Xabik ez du hasieran zer gertatzen den ulertuko. Adin horretako haur guztiak bezala, oso xaloa da. Eta pozarren doa beste aldera, han zerbait izango delakoan. Xabik ez du ulertzen zer den Euskal Herria, askatasuna, herri eskubideak. Bere buruari galdetzen dio ea Euskal Herriak erosiko dizkion berari zapata berriak eta zer inporta dion berari amnistiak, Euskal Herriko askatasunak eta horrelakoak ama ez badago berarekin.

Egoera horretan egingo du haurtzarotik nerabe izaterainoko bidaia. Egoera horretan joango da bere identitatea eraikitzen, poliki-poliki bere lekua bilatzen. Egoera horretan hasiko zaio kontzientzia esnatzen. Hamaika bizipen izango ditu eta egoera horretan deskubrituko ditu maitasuna, lagun berriak, lehenengo musuak, lehenengo zigarroak, lehenengo manifestazioak … eta horrekin batera Euskal Herriaren egoeraz kontzientzia hartzen joango da. Inguruan bizi izango ditu erbestea hizkuntza arrotz batean bizi beharra, izua, GALek egindako atentatuak, heriotza, etxerik etxe ibili beharra …

Lander Garrok, berak bizi izandako haurtzaroan oinarrituta, 9 urteko haur baten, Xabiren, begiak erabiliko ditu Euskal Herriak bizi duen gatazkari begirada bat emateko.

Erraz irakurtzen den istorioa da. Zehaztasun, pasadizo, eta ñabardura ugariz zipriztindutako istorioa. Idazleak uko egin dio artilugio edo trepeta literaio bereziak erabiltzeari, istorioari indar handiagoa emateko, eta irakurleak eskertu egiten dio ahalegin hori, oso ondo korritzen duen istorioa baita.

Liburu zinez interesgarria; izan ere, orain arte ez bezala, Lander Garrok Gure Herriko gatazkari buruzko ume baten bertsioa ezagutzeko aukera parebagea eskaintzen du. Noiz izango ote dugu gure literaturan gatazkari buruzko emakume baten, ama baten, emazte baten … bertsioa?

Jubilatuak eta glamurra

Feli Uria taldekideak gogoeta aski interesgarria idatzi du blogerako, atzo irakurle-taldeko solasaldian jubilatuez egin zen txantxa baten harira. Hizkera sexista zaindu behar dugun bezala, hizkera baztertzaile oro ekidin behar genukeela oroitarazteko.

Hona, Uriaren iritzia:

Zilegi al da literaturaz aritzeko txokoan biziraupenaz aritzea?

Gaur egun berdintasun hitza entzun eta generoarekin lotzea bapatekoa izaten da gu gehienongan. Baina bazterketa arlo askotan ematen da gure jendartean, galdetu bestela etorkinei, txiroei edo eta, besterik gabe, itsusiei.

Eta edadetuei galdetuko bagenie? Bazterketarik somatzen ote dute? Bidezkoa al da, besterik gabe, etengabeko adar jotzea? Bale, gaurko bilkurakoa (alegia, jubilatuak ez dutela glamurrik esatea) txantxa bat izan da (bat gehiago). Baina kontuz, bilkura formal batean lasai-lasai botatakoa.

Zer da jubilatu izatea, eta zer glamurrik ez izatea?

Azken aldian, egunkarietan-eta,  tratu txarrak jasaten dituzten zaharren portzentai handiaz  ohartarazten ari zaizkigu hainbat aditu (Aurreko gure bilkuran, zeharka bederen, aipatu genuena).

Edadetuen bazterketaren sokak korapilo asko ditu: hasi ikusezina izatetik, barregarri/pailazotxoa izatera pasa, mespretxatua…, eta azken muturrean tratu txarren hartzailea egongo litzateke. Potoloa, ez da?

Jubilatu hitzak berak ere kutsu baztertzaile handia hartu duelakoan nago. Lan esparruko kontzeptua izanik, zergatik orokortu da edadetua izendatzeko? Beraz, gaurkoan EDADETU hitza aldarrikatu nahi dut, euskara jatorrean hala erakutsi zigutelako eta oraingoz kutsatu gabe dagoela uste dudalako.

Utikan jubilatu hitz baztertzailea.

(Gora gu eta gutarrak)

Abenduaren 9an, “Haur besoetakoa”

Irakurri Matte taldean, urtero egin nahi izaten diegu tarte txiki bat gure literaturako klasikoei. Jon Miranderen “Haur besoetakoa” izango dugu mintzagai hurrengo juntadizioan (abenduaren 9an, 18:00etan Alondegian), sortu zenetik (1959an amaitu zuen Mirandek nobela baina, editorerik aurkitu ez eta, ezin izan zuen argitaratu 1970. urtea arte) zeresana franko eman duen eleberria.

Ezaguna da eleberriaren argumentua: “Familia diruduneko gizon batek, Teresa bere iloba eta haur besoetakoa etxean hartuko du umezurtz gelditzen denean. Gizona, gorrotoa eta nazka besterik eragiten ez dion emakume batekin ezkontzekotan dagoela, hamaika urteko neskatoaz maiteminduko da, jende guztiak gaitzetsiko duen maitasun istorioa hasiz. Gizonak, bere etxaldean, Teresa hezteko ardura oso-osorik beregain hartuko du. Jendartearen ustelkeriatik urruti, neskatoa ez du gehiago eskolara bidaliko, eta gai guztietan heziko duela erabakitzen du, baita sexu harremanetan ere”.

Hemen aurkituko duzue liburuari buruzko informazio xehea. Idazlearen biografiaz eta haren obraz gehiago jakin nahi baduzue, berriz, egin klik hemen. Azkenik, eleberria argitaratu zenetik gaur arte egin zaizkion kritikak ere irakur ditzakezue (1970. urtekoa zaharrena; 2009ko, berriena).

On egin, eta laster arte.