Lander Garroren azalgintza

Hainbat jardunetan aritzen da Garro, ez idazten bakarrik. Bereak dira, esaterako, euskal literaturako hainbat eta hainbat libururen azaletako irudiak. Hemen batzuk, mostrarako:

Lander Garroren “Gerra txikia”

Azaroaren 11an bilduko gara berriro Alondegian. Oraingoan, Lander Garroren (1975, Orereta) “Gerra txikia” eleberria izango dugu mintzagai. Xabi Ugarte umearen ahotsean GALen garaian Hendaian errefuxiatu batzuen semeak bizi dituen gorabeherak ezagutuko ditugu. Umearen barne-borroka eta nazio-borroka uztartuko dizkigu Garrok orriotan.

Hemen duzue saiorako material osagarria:

-Liburuak oraindaino izandako kritikak.
-Idazleari Sautrelan Hasier Etxeberriak egindako elkarrizketa.

-Gorka Erostarbek Berriarako egindako elkarrizketa.
Elkar aldizkariko elkarrizketa laburra.
Oarsoaldeko hitza-ko elkarrizketa.
-Mikel Asurmendik “Katebegian. Politikaren eta literaturaren (h)egian” blogerako eginiko galderak.

On egin!

Mugako literatura

Birgit Vanderbekeren Muskuiluak afaltzeko eleberria aletu genuen atzo irakurle-taldean. Familia alemaniar batean gertatzen den pasadizo baten bidez, familia-hierarkia tradizionalaren kritika aurkezten du idazleak. Hori litzateke lehen geruzan bistaratzen zaiguna: alaba-narratzaileak, nebak eta amak “aita hilko dute”, sinbolikoki bada ere, haren ausentziak eta ardoak errebeldiara bultzaturik. Bigarren geruza batean, ordea, murrua erori berritan DDRako (Alemaniako Errepublika Demokratikoa) familia askotan eta, oro har, estatu sozialista izandakoan, okzidentalizazioarekiko sorturiko jarrera eta sentimenduak islatzen ditu Vanderbekek. Horretarako, aitaren eta amaren pertsonaiak baliatzen ditu, bakoitzaren baitan balio-sistema, sinbologia eta ideologia osoak haragituz.

Aita: okzidentalizazioa, teknifikazioa, zientzia zehatzekiko ikasketak, arrazoia, lana, arrakasta, kontsumismoa, produktibitatea, itxurakeria, biolentzia, zigorra, kontrola, zentsura, konpetentzia…

Ama: “ostalgie” edo ekialdearekiko nostalgia, galdutako munduarekiko mira, begirada erromantikoa. Musika eta arte ikasketak, emozioak, jarrera kontziliatzailea, ezagutza “subjektiboa”, “inproduktibitatea”…

Ekialdeko Alemaniaren kontraesanen ispilu gisa ulertu du askok Vanderbekeren “muskuiluak afaltzeko” eleberria. Iazko urtean irakurri eta landu genuen Sofi Oksanen-en Garbiketa eleberriarekin alderatu genuen nobela honetako ikuspegia. Mugako literatura beti izan da emankorra eta kontraesankorra.