Lore festa

Izen horrekin bide happya izango zela pentsatuta, han agertu ginen atzo Peloia eta biok Eginon. Goizeko zortzietan etorri zen Peloia nire bila. Giro mundiala zegoen, baina Araban sartu orduko zelaiak zuri-zuri ikusi genituen. Izoztuta.

Eginora iritsi ginenean, autotik irteteko ere gogorik ez, egiten zuen hotzarekin. Eskerrak normalean baino beranduago joan ginen.

Gutxi irauten du hotzak Eginon, hala ere. Hormaren hasierara iristerako, ederki berotu ginen. Gainera, ez zegoen ia batere haizerik eta goxo-goxo egoten zen eguzkitan.

Oraingoan, Lore festa aukeratu genuen. Aurrez hemen egin izan ditugunak baino gogorragoa. Motxilak kendu eta prestatzen hasi ginen. Ez da batere leku erosoa horretarako.

-Hi! Atzo Mendaurrean joan gintuan andria ta biok, eta klub de fansekuakin topo! -esan zidan Peloiak-.
-Zer, gaur jai? -galdetu omen zioten Karmelok eta konpainiak.

-Nola jai? Mendaur igota!

-Baina ez al dezue eskalatzera joan behar?

-Bihar, bihar.

Eta esan niok nik Peloiari:

-Orduan kronikea egin beharko diat, ezta?

-Ze erremedio!

Putrea zain geneukan, harkaitz tontor batean.

Hasteko 6a-ko bi luze genituen aurretik.

-Hi hasiko al haiz, ohitura zaharrari jarraitzeko?

Eta Peloia beti prest. Bidearen hasieran, plakatxo bat zegoen, bidea non hasten den jakiteko. Baina espabilaturen batek kendu egin du, naturari kalte egiten diolakoan edo. Ondoan dagoen Susi bidean plakatxo berriak jarri dituztela ikusi dugu. Berriz ere beste espabilaturen bat iritsi arte.

Hasiera zikin samarra zegoen: lurra, hostoak…

Baina, tirriki-tarraka, hura atzean utzi eta desplometxora iritsi zen. Zuhaitzari heldu eta eskuinera pasatzean dago zailtasuna. Baina, garbi-garbi txapatu eta ederki pasatu zuen Peloiak.

-Nola egin dek?

-Asko pentsatu gabe. Di-da. Eta ondo irten ziak.

Niri, berriz, gehiago kostatu zitzaidan. Hormak atzera botatzen zuen, eta azkar ibili beharra zegoen. Baina nik ez daukat Peloiaren desplomeko teknika, eta lehenengo saiakeran asmatu ezinik ibili, eta azkenean zuhaitzera bueltatu eta txapatik zintzilik geratu nintzen, atseden hartzen. Bigarren saiakeran, atera nintzen handik nola edo hala. Erakutsi beharko dit lokalean bizikleta behar bezala egiten.

Ordurako bukatu ziren nire hotzak. Izerditakoa kendu eta kamiseta manga motzean ekin nion bigarren luzeari. Beldurgarri samarra ikusten nuen behetik. Oso bertikala eta ur-zuloz betea.

Hirugarren txapara iritsi arte oso zaila ez den arren, kostatu zitzaidan pixka bat. Ondorengo zatia da luzeko zailena. Beheko argazkian itzalean (behean eskuinean) ikusten den segurutik aurrera.

Hor izerdi latzak bota nituen. Isil-isilik ere ez nintzen igo, batere kexatu gabe. Eskerrak Peloia neukala akuiluarena egiten. Une batean, txapa batean itsatsi nintzen, eta atseden hartu nuen. Eskuineko besaurrea bete-beteta neukan. Eta buruan sartu zitzaidan ezingo nuela luzea duintasunez amaitu.

Baina errekuperatu nintzen. Zerbaiterako ibiltzen gara rokodromoan. Lustre handirik ez dugu ateratzen, baina besoak pixka bat indartu bai behintzat.

Hemen, besoak astintzen.

Hortik aurrera, bertikaltasun pixka bat galtzen du hormak, baina luzeak serioa izaten jarraitzen du. Elmer bidearen bigarren luzeko ur-zuloen antzekoak ditu, baina hau dezente bertikalagoa da. Hala ere, oinak ondo jarrita, eta burua lasai izanda, egiteko modukoa da.

Gainera, zenbat eta gorago joan, orduan eta beldur gutxiago hegan egiteko. Eta horixe behar du buruak: lasaitasuna eta kontzentrazioa.

Lanak eta birekin, iritsi nintzen bilgunera. Ura edan, barrita bat ahoan sartu, eta soka errekuperatu ondoren, hasteko agindua eman nion Peloiari. Ni baino hobeto moldatu zen bigarren luzean ere.

Bati baino gehiagori irakurri diot Larraiñegiko bide luze hauetako luzerik ederrena dela. Eta ni ere ados nago; bideak ezagutzen ditudan neurrian, ez baitauzkat denak eginda.

Peloia bazetorren.

Iritsi zenean:

-Guretzat gogortxua, no? -galdedtu zidan.

-Hiretzat ez motel! Ederki egin dek!

Handik aurrera, maila dezente jaisten da, krokisean behintzat. Hala ere, ez zitzaigun batere erraza iruditu.

Peloia hirugarren luzeari ekiten.

Bilgunera iritsi zenean, abisua eman eta han joan nintzen ni ere atzetik. Ordurako, bilgunean haize pixka bat mugitu zen, eta izerditakoa jantzi nuen berriro ere.

Peloiak hirugarren bilgunetik ateratako argazkia.

Iritsi, espresak hartu eta laugarrenari ekin nion.

Ertza estutzen joaten da, gailurrera iritsi arte.

Hemen Peloia hirugarren bilgunean, laugarrenetik ikusita.

Eta luzea bukatzen.

Ondoren, harritzara atera, katuhanken ordez zapatillak jantzi, eta bosgarren luzearen hasierara oinez.

Goiko zati horretan bide asko elkartzen dira, eta bideen izenak dituzten plakatxo gorriak oso ondo etortzen dira ez galtzeko. Egin nahi duzun bidetik joateko, alegia.

Bada, bigarren zati horretan ere Lore festaren plakatxoa kenduta zegoen. Bilatu genuen hasiera hala ere.

Peloiaren txanda zenez, berak ekin zion.

Peloiaren lepo parean edo, eskuineko aldean, ikusten da non zegoen plakatxoa.

Hurrengo argazkian hobeto ikusten da, Peloiaren oina baino pixka bat beherago.

Luze horrek ere bazeukan zerbait. Edo Peloiak behar baino gehiago zaildu zuen.

Iritsi zenean, nire txanda. Bilgunera irtsi, trasteak hartu, eta seigarren eta azken luzeari ekin nion.

Pixka bat aldrebesa naizenez, luzea amaitu baino pixka bat lehenago, parabolt bat ikusi nuen uztai eta guzti, eta zinta bat zintzilik zuela. “Hauxe izango da bilgunea” pentsatu nuen. Haitz mutur batetik zinta luze bat pasatu, paraboltarekin bat egin eta hasteko agindu nion Peloiari. Deserosoa zen bilgunea, eta han nengoen ni kabitu ezinik.

Peloia iritsi zenean, hormara begira eskuineko aldetik irteteko esan nion. Eta pixka bat gorago benetako bilgunean aurkitu zuen. Igo nintzen ni ere eta poz-pozik eskua eman genion elkarri.

-Ez gattuk makala!

-Gero etorriko dituk Mutua eta Larregi, aspaldian gurekin ezer jakin nahi ez duten horiek, “konfort zonan” gaudela esaten!

-Gortu!

Eta horrelaxek, poz-pozik, trasteak motxilan sartuta, gaina harrapatzera abiatu ginen.

-Urruti ziok gaur gailurra!

-Bai, motel! Honek gailurra extrem ematen dik!

Gustura geunden egindakoarekin, eta argazki bana atera genuen ikurrinarekin, 8000ko bat igo izan bagenu bezala.

Arretaz begiratuz gero, Beriain ikusten da gure ezkerrean.

Aztorearen ondoko kanaletik jaitsi ginen, beti bezala, baina inoiz baino arreta handiagoa jarriz Aztorearen hego-mendebaleko ertzari.

-Ederra itxura, Xabier!

-Hau ere laster egin behar diagu!

Ideia adina denbora izango bagenu!

Urte bukaerako asanblada ere ari zaigu gerturatzen. Ea Mutua eta Larregi gurekin etortzeko gai diren.

Gortu!

Berta

Larunbatean, hilak 23, Eginon izan ginen Peloia, Mutua eta hirurok, batera eta bestera ibili ondoren.

Hasierako asmoa Berta egitea zen, Peloiak eta  biok malloia berreskuratzeko plana egin genuen eta. Baina, ostiral arratsaldean ezusteko bat agertu zitzaigun WatsAppean. Mutuaren mezua:

-Ze! Nik libre dakatenian ez al da eskalatzen!

Frontoian Mutuarekin eseri eta berehala berotu zidan belarria:

-Bihar Herri baten sustraiak egingo diagu, ezta? Bi haitz horietan hasi beharra ziok!

-Neri berdin zaidak. Peloia konbentzitzen badek, hortxe sartuko gaituk.

Eta Peloiaren erantzuna, WatsAppean:

-Goan ere jan al dik burua?

Irurtzungo Haitz Txikian eskalatzeko asmoa genuenez, goizko zazpietan irtetea pentsatu genuen; normalean baino ordu erdi beranduago, alegia.

Etorri zen Peloia Puntanuetara, Mutua eta biok jaso eta Irurtzunerako bidea hartu genuen. Mutuak bidean lo kuluxka egiteko aprobetxatu zuen, beharra izango zuen eta.

Irurtzunera iritsi (Pagozelain geratu gabe), autoa utzi eta ezusteko ederra hartu genuen.

Irailaren 15era arte eskalatzea debeketuta dagoela dioen txartel pare bat ikusi genituen. Hemen ere agertzen da.

Mutuak berehala erreakzionatu zuen:

-Hemen debekatuta baziok, han sartuko gaituk (Haitz Handira seinalatuz).

-Gora gu ta gutarrak, ezta? -Peloiak eta biok- Ezta pentsatu ere! Goazen Eginora, Bertan malloia zain zeukeagu eta.

Eta halaxe, Eginorantz abiatu ginen autoan, bi aste lehenago utzitako malloiaren bila. Oraingoan, gu iristerako, betiko “parkina” ia erabat beteta zegoen. Egia esan lau edo bost auto baino ez dira sartzen, elizaren atzealde horretan.

 

Abiatu ginen, inoiz baino beranduago, eta arazorik gabe iritsi ginen Bertaren oinarrira. Hurrengo kontua bakoitzak zer luze egin erabakitzea zen.

Ez naiz gogoratzen zer zozketa klase egin genuen, baina hau izan zen ondorioa:

Mutuak lehen bi luzeak; nik, hirugarrena eta laugarrena, eta Peloiak, azken biak.

Ekin zion Mutuak lehen luzeari, bilgunera iritsi zen, eta abisua eman ondoren, Peloia eta biok abiatu ginen, ordena horretan.

Biok iritsi ginenean, bigarren luzeari ekin zion Mutuak.

Argazki xelebrea da, bai. Konturatu naiz. Baina ez nion besterik atera eta horrekin konformatu behar.

Hirurok bigarren luzearen amaierako bilgunean geundenean, bi soketako bat askatu zuen, niri eman, eta han joan nintzen ni ere.

Hirugarren eta laugarren luzea ederrak dira, eta biek daukate “pausotxoren” bat.

Hemen hirugarren luzean. Malloiaren arrastorik ere ez!

Eta hemen laugarrenean.

Laugarren luzea amaitzen den lekuan, Udaberri egiten ari zen bikote bat agurtu, eta beheko biei hasteko agindu nien. Ederki etorri ziren biak, eta luzean izandako gorabeherei buruz hitz egiten ari ginen artean, sokak jaso, oinak zapatiletan hartu eta hurrengo zatiaren hasierara oinez abiatu ginen.

Udaberri ederra joan zaigunez, izugarrizko landaredia zegoen eta kosta zitzaigun pixka bat lekua aurkitzea.

Peloiaren txanda zen. Ekin zionean, hauxe bota zidan Mutuak:

-Ikusten al dituk elkarrengandik nahiko hurre dauden bi txapa horiek?

-Bai -nik, tonto-tonto.

-Ba, azkena bide hau egin genuenean, A0 egin huan hor!

-Hi bai akordatu! -nik.

Bideoan ikus daiteke, aurrekoan garbi pasatu ez nuen kruxa. Peloia ekinean, Mutua aginduak ematen, eta ni, grabatzen.

Atzetik ni abiatu nintzen, eta pausoa nola egin behar nuen ikusita, txukun pasatu nuela esatera ausartuko nintzateke. Mutuari are gutxiago kostatu zitzaion.

Seigarren eta azken luzearen hasieran, eztabaida:

-Eskubitik dek! -nik.

-Ezkerretik dek! -Mutuak.

Horrelakoetan, normalean, huts egiten dut, eta horixe gertatu zitzaidan larunbatean ere. Eskerrak Peloia ezkerretik abiatu zen, Mutuari kasu eginda.

Bidea amaitu genuenean, normalean baino beranduago zen, eta normalean baino bero handiagoa egiten zuen. Hala ere giro ederra, brisa iristen zitzaigunean.

Eginora iristerako ordu bat eta erdia zen, eta handik ordubetera frontonean geunden, merezitako garagardoa dastatzen.

Badakit hurrengo egunean Larregi eta Manex ere zerbaitetan aritu zirela. Ea berriren bat jasotzen dugun.

Bitartean….

Gortu!

Eguraldia ez dago gure esku

Gaur goizean, Eginon izan gara Peloia eta biok. Goizeko sei terditan jaso dut Larretxon (pixka bat beranduago, baina Larregi ez zegoenez ez da ezer gertatzen).

Eguraldi ederra zegoen, zoragarria. Tunela pasatuta Araban sartu garenean:

-Joño! Behe lainorik ez! Hau berria dek!- Peloiak.

Eginotik Nafarroa alderantz, berriz, pixka bat zatarxeagoa zegoen, baina giro ederra.

14º Eginon, baina, hala ere, kamiseta hutsean abiatu gara, lehenengo aldapan berotuko ginela jakinda. Iritsi gara Berta bidearen hasierara, han zegoen kaka piloa harri batekin kendu, eta eskalatzeko trasteak janzteari ekin diogu.

Eltxoak ere eraman ditugu gaur. Gure atzetik etorri dira hormaren oineraino. Eta gero ere, gurekin jarraitu dute, itzal baten moduan. Larregi eta biok 1985ean Tozal del Malloko Ravier bidea egin genuenekoa etorri zait gogora. Han ere, bilgunera iritsi eta pixka batera, gure eltxo hodeia iristen zen atzetik.

Itzul gaitzenen gaurkora.

Peloia mallatuta zegoen: ezkerreko besoa urratuta, aurpegiaren ezkerreko aldea ere bai, bizkarra…

-Goan ere eskalatzea jun gabe mina hartuta! Ze ibili haiz?

-Sekreto, sekretito.

-Eta gortzeko asunto hau, nola ingo yu, Peloi?

-Lehengo igandian ni hasi nitxuan, ba gaur hasi hadi heu!

Eta, horrelaxe, nik ekin diot lehen luzeari. 8ak eta 8 minutu erlojuak orduantxe. Bidea 6 luzekoa da, eta horietatik 3 luze 5c mailakoak. Banuen urduritasun pixka bat bart arratsean, baina lasai ekin diot, hala ere. Lasai, baina baldar xamar. Lehen luzea izaten da, normalean, deserosoena.

Iritsi naiz bilgunera, soka jaso, abisua eman, eta han agertu da Peloia. Mallatuta egon arren, ondo ibili da, eta berehala ekin dio bigarren luzeari.

Eguraldi ona, haizerik ez, eguzkirik ere ez (Berta bidean goizez ez du eguzkiak jotzen), eta gustura ari ginen tirriki-tarraka.

Artean zerua ez zegoen oso ilun, edo ez diogu erreparatu.

Eltxoek, bai, eltxoek han jarraitzen zuten, kaka ematen.

Bidean, harri sueltoak pilatuta erlaitzetan, belarra izugarri luze… Aspaldi inor pasatu gabe. Normala da, aurten daukagun giroarekin.

Iritsi naiz bigarren bilgunera, trasteak hartu, eta hirugarrenari ekin diot.

-Goan hasten dek ona, Pelon!

Abiatu naiz. Lehen bi txapak txapatu, eta zailtasunak hasten diren lekura iritsi naiz.

-Aurreko batian Mutuak eta hik eskubiko heldulekua erabili gabe egin zenuten pausoa -esan diot Peloiari.

Baina, nik gogoan nuen non dagoen eskuineko helduleku hori, eta aise egin dut pausoa. Lasaitua hartu du Peloiak. Pixka bat harrituta ere geratu da, purrusta espero zuen eta.

Txapatu eta martxan jarri orduko, Peloiari iruditu zaio eltxoak atakatzen hasi zaizkiola. Baina, ez:

-Ostia, Apolo, euria!

Nik, behingoatik, Larregiren posea hartu dut, eta pentsatu dut berehala pasatuko zela.

-Bilguneraino joango nauk, ez? (Malloia ez uzteagatik).

-Ez, ez. Dana bustitzen ari dek. Hobeto dek malloia utzi eta bertatik jaitsi!

-Susordene!

Eta, horrelaxe, malloia arnesetik kendu, paraboltaren txapan sartu, eta Peloiak bigarren bilgunera jaitsi nau. Handik, lehen bilgunera jaitsi nau, eta, ondoren, nik bigarren bilgunetik lehenengora jaitsi dut Peloia.

-Goain nola ingu yu? -Peloiak- Hik Trea ez dek ekarri, ezta?

-Ez. Baina, igual dek. Nik hi deskolgatuko haut, eta, gero, rapelean jaitsiko nauk hiru tukanakin.

Izan ere, lehen luzea luzeagoa da eta ezin genuen elkar deskolgatu, soka ez litzatatkeelako lurreraino iritsiko.

Jaitsi gara, eta horma blai zegoela ikusi dugu.

-Geratu dik! Hau segituan lehortuko dek!

-Ta goan ze in behar diau, berriz hasi?

Eta horretan ari ginela, berriro ere euria. Gutxi, baina euria.

Beherako bidea hartu dugu.

-Hemendik jaitsi al gara inoiz?

-Ez, hemendik igo egiten gaituk.

Harritza bukatu eta basoa hasten den lekuan:

-Aibadios, Peloi! Hor jendia ziok!

Lau mutil zeuden, gu baino zaharragoak, itxuraz. Gu baino gazteagoak ez behintzat. Poz berezia hartzen dut horrelakoetan, oraindik ibilbide pixka bat geratzen zaigula pentsatu nahian.

Han bota digu batek majo-majo:

-Al que madruga se le jode el dia!

Kuatroporkuatruakin ez zeuden ba!

-Holako bat erosi behar diat nik -Peloiak.

Izan ere, askotan aipatzen dugun kontua da zer izango litzatekeen horrelako traste batean ia hormaraino bertaraino joatea.

Haiek ere, etsita, kuatro por kuatroan sartu, eta beherako bidea hartu dute. Guk behintzat ia bide erdia eskalatu dugu, eta gustura. Haien bidea jarraitu dugu.

-A, joño, hemendik beste Cujoren paretik pasatuko gaituk -Peloiak.

Hara iritsi garenean, esan diot argazki bat aterako niola Cujori.

Ba argazkian ikusten den soka hori etenda dago. Cujo zaunka hasi zaigu amorru betean, eta soka eten du. Eskerrak hesia dagoen.

Bidean aurrera jarraitu dugu eta hesia amaitzen den parean txakur bat atera zaigu. Hura sustoa. Cujo zela uste genuen, baina ez. Hura ez zegoen gure aurka.

Baina, berehala erreakzionatu dugu:

-Hi, honek irten badik, Cujok ere aukera izango dit, ezta?

Eta, besterik gabe, saltaka abiatu gara Eginorantz.

Zumaiara iritsi garenean, frontonean zerbeza bana hartu dugu eta Ibanek lanperna batzuk atera dizkigu. Hau bai esponsorra!

Gaur gortu dugu, baina ez gara erabat asetu. Hau osatu beharra dago.

Aurreko astean

Aurreko igandean ere Eginon izan ginen, Peloia, Lope eta hirurok. Susi bidea egin genuen. Lehen hiru luzeak Peloiak egin zituen buruan, eta azken hirurak, nik. Lope, berriz, ondo eta gustura. Hala esan zuen behintzat.

 

Gortu!

Herdoila kentzen, Eginon

Igandean, hilak 22, Eginon izan ginen aspaaaaaldiko partez.

Peloia amorratzen zegoen, orkatila oraindik erabat osatuta ez daukan arren, ezin zuen eskalatu gabe geratu. Ostiralean frontonean geratu ginen igandekoa prestatzeko, baina Larregik kale egin zigun. Gainera, igandean joateko lanak izango zituela esan zuen.

Berehala pentsatu nuen ez zela agertuko. Gauzak horrela, txabalito bati aukera ematea pentsatu genuen. Badakit Roman desiatzen dagoela, baina gogor plantak egiten ari denez, oraingoan, gurekin etortzera animatu den txabalitoa Lope izan da.

Larunbatean bazkaria eta egun pasa neukan programatuta, eta horregatik esan nion Loperi ea autoa hartuko zuen. Arazorik ez. Hartara, bidean lo egiteko aukera izango nuen.

Aukera bai, nekea ere bai, baina ez ninduen loak hartu.

Iritsi ginen Eginora, autoa betiko lekuan utzi, eta materiala eta Peloiaren pitak atera genituen. Lopek eta nik pita bana bota bizkarrera, eta bideari ekin genion. Ez dakit zenbateraino gortu naizen (entzumenari buruz ari naiz), baina aurten ez dit oraindik kukuak jo.

Peloiaren orkatila hain flojo egoteko, berehala iritsi ginen Elmer bidearen hasierara.

Peloiak berehala aurkeztu zuen ekintza-plana.

-Nik lehenengo bi larguak egingo dizkiat, eta gero, hi jarriko haiz deprimero.

-Primeran.

Neurekiko pentsatu nuen hurrengo lau luzeetan aurretik joaten utziko zidala. Inozoa ni. Lehen bietan Peloia aurretik joan ondoren, niri utzi zidan hirugarrena, baina laugarrena berriro ere beretzat hartu zuen:

-Hik hurrengua egin behar dek! Beti galdu egiten haiz eta! Eskubira hartu behar dala, ez ezkerrera!

Esan bezala, iritsi ginen, eta gutxieneko segurtasun-neurri batzuk hartu ondoren

eskalatzen hasi ginen.

Baina, ahaztu baino lehen, hemen dugu eguneko guess starra, lotuta eta lanerako prest.

Peloia hasi zen. Ni espabilatzerako luzea amaitzen ari zen, eta justu-justu gogoratu nintzen argazkiren bat ateratzea komeni zela, kronika egiteko.

Iritsi eta bilgunea prestatu zuenean, abisua eman eta Lope eta biok hasi ginen eskalatzen.

Hemen dator Lope nire atzetik txintxo-txintxo.

Luze erraza da eta konplikaziorik gabe iritsi ginen bilgunera. Lope momentuz pozik, baina aurpegia okertuta ikusten nuen bigarren luzeko plaka zartatuari begira. Ur tanta esaten diogun formazio berezi bat da, haitzak esponja gogor bat dirudi, eta heldulekuak eskuentzat hasieran arraroak iruditu arren, oinak oso ondo jartzen dira eta nekatu gabe eskalatzeko aukera ematen du.

Peloia bigarren luzea amaitzen. Azpiko orban gris hori da ur tantak izenez ezagutzen duguna.

Luze hau zailagoa denez, Lope nire aurretik joateko esan zigun Peloiak. Espedizio-buru bihurtu zaigu mutila. Baina eskerrak hori agindu zuen.

Abiatu zen Lope ere.

Eta pixka bat geroago ni.

Lope luzearen bukaeratik hurbil.

Loperi esan nion espresak jasotzen joateko, eta horretan ari zela, azken bigarren aseguruan edo, eskutik ihes egin eta luzearen hasieraraino erori zitzaion.

-Nere espres flamantia! -Peloiak bilgunetik.

-Lasai, ni jaitsiko nauk -erantzun nion- Lope, hau blokian jarriko diat! Ez bahuan gurekin etorri nahi, esan eta kitto!

Jaitsi ninduen Peloiak, espresa jaso eta berriro ekin nion luzeari. Lopek pentsatu zuen luzea hain ederra izanda ongi etorriko zitzaidala bi aldiz egitea. Zalantzarik gabe, neuk gortu nuen gehiena.

Hirugarren luzerako, sokak aldatu eta ni jarri nintzen aurretik. Peloiak esaten zuen tarteka orkatilak ziztadaren bat ematen ziola, baina ondo zebilela.

Kaskoa tuneatzen hasita nago.

Hirugarren luzea ederra da, beti bigarrenarekin gehiago gogoratzen bagara ere.

Luzearen erdialdetik argazki hau atera nien. Han ari ziren gaizki esaka bilgunean.

Iritsi, arte baten itzal ederrean bilgunea prestatu eta hasteko esan nien. Oraingoan ere Peloiak aurretik bidali zuen Lope. Nabari da norenak ziren espresak.

Badator Lope.

Gozatu ederra hartu omen zuen. Iritsi zen Peloia ere, eta orduan esan zidan:

-Luze hau neretzat, hik hurrengoa egin behar dek eta!

Eta nik espedizio-buruari obeditu, sokak aldatu eta Peloia al ataker, berriro ere. Bukatu zuen, eta Lope eta ni abiatu ginen atzetik, ordena horretan. Zapatillak jantzi eta hurrengo zatia hasten den lekura abiatu ginen.

Bosgarren luze ospetsua. Sartu naizen bakoitzean, ezkerretik irten naiz, baina Peloiak behin eta berriro gogorarazi zidan eskubira jo behar nuela. Kasu egin eta zintzo-zintzo amaitu nuen luzea.

Amaiera aldean.

Badirudi basurde batekin labankadaka ari nintzela.

Auskalo. Bilgunera iritsi, eta han etorri ziren biak.

Azken luzea ere, erraza eta laburra izanik, neuk egin nuen aurretik, Peloiaren baimenarekin.

 

Han zeuden bi artistak.

Iritsi dira gora, elkarri bostekoa eman eta trasteak jasotzen hasi gara.

Lope gustura. Peloia kejaka:

-Gehio etorri behar diu! Horrela ezin laike segi! Deprimero askoz hobeto eta lasaio eskalatzen diat desegundo baino.

Ez da giro gizon honekin. Rokodromoan matxakatu, eskalatzen beti aurretik joan nahi, larguak banatzen ere jefe…

Larregi! Non habil?

Betiko lekutik jaitsi ginen. Ez da leku ederra orkatila oso ondo ez badago. Baina ondo moldatu zen Peloia.

Herrira iristen ari ginela, makila bat hartzeko makurtu nintzenean, ezkerreko belaunak abisua eman zidan. Harrituta geratu nintzen, adina ote da?

Dena dela, Eginora iristean, Cujo falta.

-Aiba dios! Ta Cujo? Hil egin ote dek?

Herriko iturrian (tabernarik ez dago) ur pixka bat edan eta autora.

Lope gustura geratu omen zen, baina, bueltan presaka genbiltzanez, zerbezaren zain geratuko gara.

Peaso eta Roman, atento!

Nik kriston agujetak dauzkat: hanketan, bizkarrean, besapean…

Eta Peloiak ere ba omen dauzka. Ez dakit Lope nola egongo den (zerbeza zorretan!)

Gortu!

Arista de los caracoles

Bizi gara, bai. Konturatu naiz ia bi hilabete joan zaizkigula kronikarik idatzi gabe. Baina, hemen gara berriro ere. Presidente eta guzti, gainera. Laugarren elementua bakarrik falta zitzaigun.

Eginon dago Arista de los caracoles bide ezaguna, eta hara jo genuen igande goizean Larregi, Peloia eta hirurok, gure olentzero partikularraren bila.

Goizeko zazpiretan geratu ginen Arranplan. Jaso nituen zintzo-zintzo eta Eginorantz abiatu ginen. Arrasate parean Peloia niri adarra jotzeko gogoarekin ikusten nuen, baina artean ez zuenez argitu (ezta gutxiagorik ere), alferrik hasi zen Anboto ikusi nahian. Handik pasatzen garen bakoitzean “Han Anboto; han Mari Urrika” entzuten dut, eta ez dakit oso seguru zergatik.

Araban sartu orduko behe lainoa askoz ere trinkoagoa zen. Eginoko irteera justu-justu ikusi, herrira iritsi eta betiko lekuan utzi genuen autoa.

-Oraindik ez dik egunak argitu! Zertara etorri gaituk hain goiz?

-Lasai! Eguna ondo argituta egongo dek, bidearen hasierara iristerako. Eta, gainera, Kujo oraindik lo egongo dek.

Basoa dezente lokaztuta zegoen, eta zuhaitz eta adar ugari zeuden hautsita.

Basotik ateratakoan, dotore agertzen da zazpigarren monolitoa.

Handik aurrera, hala ere, dezente egin behar izaten da oinez gora, bidearen oinera iristeko.

Basoa ez ezik, nabarmena zen haitza ere bustita zegoela. Eskerrak aukeratutako bidea erraza zen. Bestela, haitza bustita egonda, tarte batzuk oso irristakorrak bihurtzen dira.

Peloia hasiko zela erabaki genuen. Lehen bi luzeak aurretik egin zituen, eta Larregi eta ni joan ginen atzetik.

Hasi baino lehen, erronka bota nion:

-Klabija txapatu gabe uzten duena zerbeza pagatzera!

-Konforme! -Peloiak.

Azkenengoan, klabija ikusi ez eta gora jarraitu zuen, baina igandean ez zuen hutsik egin.

Ni, atzetik.

Eta hirugarrenik, Larregi.

Bigarren luzean.

Betiko lekuan jarraitzen du fisureroak, Peloia argazkian dagoen lekuan. Ondo baino hobeto sartuko zuen norbaitek, eta orain ezin atera. Saiatu ere ez ginen egin. Garai batean berehala utziko genuke…

Iritsi ginen Larregi eta biok ere bigarren luzearen pasarte ederrenera.

Horrela ikusi gintuen Peloiak bilgunetik.

Kaskorik gabeko buru txiki hori nirea da. Kaskoa autoan ahaztu zitzaindan; burua ez, gorputzari itsatsita dagoelako.

Hirugarren eta laugarren luzean, Larregi izan genuen sokaburu.

Ni aseguratzen, eta Peloia, argazkilari.

Badoa.

Larregi guri argazkia ateratzen.

Irudi ederrak goitik behera begira.

Larregi laugarren luzearen hasieran.

Bosgarren luzearen hasieran, neu jarri nintzen sokaburu, azken bi luzeei ekiteko. Hortik aurrera horma lehorra zegoen, eta giro mundiala geneukan Arabako laino-itsasoaren gainean.

Hasi orduko amaitzen da luze hori. Berehala neuzkan biak ondoan, bilgunean.

Seigarren luzeari ekin nion.

Halako batean konturatu nintzen seguru arteko tartea dezente handitzen ari zela, baina ez zidan atentzioa eman, tarte hura oso erraza delako. Hurrengo segurua txapatu eta zatirik politenera iritsi nintzen.

Gora iritsi eta azken bilgunea muntatu nuen, lagunak igotzen hasteko.

Peloia hasi zen ondoren.

Halako batean, Peloiak:

-Hi! Hemen klabija bat txapatu gabe utzi dek! Zerbeza pagatzera!

-Frontonean, nere kontu!

Han etorri zen Larregi ere.

Bideoan argi eta garbi geratu da A0 egiteko aukera eder bat alferrik galdu duela. Horrela ez dek “Urteko A0 onena” Gortu Award lortuko! Ea hurrengo urterako antolatzen ditugun Gortu Awards mundialak. A0 onena, hegaldi onena, ahaztu in zikak onena

Hirurok gora heldu ginenean, banderolak hartu eta argazki batzuk atera genituen, presoen aldeko martxan Inda Mendira joan ezin izan genuenez, gure ekarpen txikia egiteko asmoz.

Araba bizkarrean dugula.

Eta Nafarroa bizkarrean dugula.

Mendiaren azken metroak igo eta Egino eta Ilarduia bereizten dituen mugarri bitxi bat dago. Haitz batean jarritako metalezko xafla bat da.

Eskuin aldera hartu, eta Usoa eta Aztorearen ondoko beherako biderantz jo genuen.

Handik behera, izerdi patsetan. Eguzkia atera orduko berehala berotzen da leku hura. Egun hotzetan ere, normalean izerditu egiten gara.

Beste behin ere, tirolinaren beharra sumatu genuen.

Irudi ederrak beherakoan.

Bueltan, Kujo despistatu samar ibiliko zen, baserria atzean utzi arte ez baitzen harrera egitera agertu.

Autoan sartu eta zuzenean frontonera. Agindutako zerbeza ordaindu nien, eta Ibanen kroketa ederrak jan ondoren, atzera Arranplan utzi nituen, goizean jasotako lekuan.

Ea urtea amaitu baino lehen azkena egiteko aukerarik badaukagun.

Gortu!