Ainhoa

Atzo, azaroak 24, Aiztondora bueltatu ginen Peloia eta biok, baina oraingoan Peaso ere gurekin eraman genuen.

Hasiera batean, Eginora joateko asmoa genuen, Lore festa egitera. Baina Peloiak esan zidan Lopek ere bazuela zerbait egiteko gogoa. Wathsap bat bidali nion ostiralean, baina ezin omen zuen.

Ondoren, mezua bidali nion Peloiari:

-Esango al zioat Peasori?

-Bale -Peloiak bueltan.

Halaxe, Peasori abisatu, eta hark baietz, gustura etorriko zela.

Goizeko zazpietan egin genuen hitzordua arranplan. Peloiak autorik ez daukanez, nik eraman nuen atzo ere. Urte amaierako batzarrean pneumatiko berriak erosteko dirua eskatu beharko dut.

Jaso nituen biak arranplan eta abiatu ginen. Estropeaturen bat ere ikusi dugu, etxerako bidea aurkitu ezinik. Gaztea izatea zer den!

Bidean, poliki-poliki argitu zuen egunak. Kostata, beti bezala. Iritsi ginen Uharte-Arakilera eta han geldialdi txiki bat egin genuen. Peasok nahiago izan zuen kantinplora han bete, Amaiako plazako iturriko arkatz gustuko urez bete baino.

Ur gutxi botatzen zuen iturriak, eta oinez zetozen batzuek esan zioten Peasori auzotarren bat ariko zela ura lapurtzen, iturriak askoz emari handiagoa izaten duelako normalean.

Hormaren azpian autoa utzi, motxila bizkarrean hartu, eta berehala iritsi ginen. Lehor-lehorra ere ez zegoen horma, baina Ainhoa bidea, buruan geneukana, egiteko moduan zegoela zirudien.

Hemen atzoko gonbidatua.

6º C-ko tenperatura eta haize freskoa. Haize indartsua ez, baina nahiko lan atzaparrak berotzeko. Hemen ekipoa.

Hiru ginenez, sokaburuan Peloiak bi luze eta nik beste bi egitea erabaki genuen.

Peloiak ekin zion lehenengoari.

Luze erraza da, baina hatz puntak gortu! egiten ziren hotzarekin.

Bilgunera iritsi eta dena prestatu zuenean, hasteko abisua eman zuen.

-Hasi heu, Peaso -esan nion.

Eta han joan zen.

-Begiratu txori txikiari!

-Horrela hobeto!

Ni abiatu naiz azkena. Bilgunean elkartu garenean, bigarren luzeari ekin zion Peloiak.

Pixka bat gorago.

Aurreko luzean bezala, Peaso bidali nuen aurretik, Peloiak hasteko agindu eman zigunean. Luzearen hasieran ezkerrera jotzen da, eta ondoren, plaka batean gora zuzen.

Hemen Peaso plakan sartzen.

Hortik aurrera bidea pixka bat zailagoa da, eta Peasori parabolt bat atera zitzaion ezkerreko oinaren azpian.

Baina ez dago horren froga dokumentalik.

-Oyes! Hori ezin dek zapaldu!

Baina ezin izan omen zion tentazioari eutsi.

Hurrengo bilgunea, bigarrena, ez da oso erosoa, bilgunetik zintzilik egon behar delako. Hala ere, bat edo bi ondo samar egoten dira, baina hirugarrenak enbarazu dezente egiten du. Hurrengo bi luzeei nik ekin behar nienez, bilguneraino joan nintzen, eta Peasori esan nion azken paraboltean geratzeko, lasai egoteko moduko lekua da eta.

Han egon zen zintzo-zintzo.

Hemen Peloia eta biok bilgunean, “kanbiazoa” egiten.

Bi soken muturrak hartu, Peloiari neurea utzi eta gorako bideari ekin nion.

Peloia aseguratzen, eta ni gorantz. Bitartean, Peaso argazkia ateratzen bere aparkalekutik.

Luzearen bukaera aldera, nahikoa ur aurkitu nuen horman, baina, hala ere, ez zion gehiegi eragiten gure bideari.

Hirugarren luzea amaitzen.

Iritsi nintzen bilgunera eta hasteko agindua eman nien, dena prestatu ondoren.

Zintzo etorri ziren biak. Peaso luzea hasten.

Poliki, baina seguru.

Hirugarren bilgunea ere ez da bereziki erosoa.

-Kauenlamar! Hurrenguan banku txiki bat ekarri behar diagu minibar eta guzti! -Peloiak.

Eta berehala abiatu nintzen, zail samarra ikusten nuen arren laugarren luze haren hasiera hura. Nahiko lan izan nuen hasieran, eta dotoreziaren erakustaldirik egin ez arren, librean jarraitzeko gai izan nintzen.

Luzearen amaieran, Clásica Sur bideko sabaitxoa eskuinean uzten da, eta ezkerreko aldetik bukatzen da bidea. Hala ere, bilgunea bera da, eta txukun-txukun dago gainera, parabolt berriekin. Ez dauka Fliparax bidearen azken bilgunearen itxurarik. Hark konfiantza gutxiago ematen du, paraboltak herdoiltzen hasita daude eta.

Agindua eman nien, eta hasi ziren.

Badator kasko zuri bat. Eskerrak urdina ez zen.

Peaso luzea amaitzen, sabaiaren ezkerreko aldetik.

Hori dek sasoia!

Bilgunera pozik iritsi zen:

-Earra largua! Ederki egin diat pare bat A0rekin.

Hala ere, bigarrena gustatu omen zitzaion gehiena. Seguruena bilgunean gurekin egon beharrean, bake santuan egon zelako.

Iritsi zen Peloia ere, eta rapelatzeko sokak prestatu bitartean, hizketan hasi ginen.

-Hi! -Peloiak- Esan al hioan X jaunari gurekin eskalatzera etortzeko?

-Horixe! -nik.

-Ezetza asmatu zeinek galdetu zidan atzo ea gaur berarekin eskalatzera joan nahi nuen? -galdetu zuen Peasok.

-X jaunak? -Peloiak eta biok batera.

-Bingo! Eta esan nitxion: ni banatxiak Apolokin eta Peloiakin. Etorri hadi!

Baina X jauna mutu geratu omen zen. Ez du Peloiarekin eta nirekin etorri nahi. Ez omen da fidatzen. Peasok kontatzen dionean zer tratu txar eman diogun, orduan bai ez dela gurekin etorriko.

Lehenengo rapelean, bigarren bilguneraino jaitsi ginen. Lehendabizi Peloia, bere shunt berri flamatearekin; gero, Peaso, eta azkenik, ni.

Ahaztu zitzaidan galdetzea Peasori ea ordura arte inoiz rapelik egin zuen. Hurrengoan galdetu beharrik ez. Bilgunean geundela, hurrengo rapela prestatzen, mutiko bat ari zen bigarren luzea egiten. Esan genion pixka bat itxaron beharko zuela gu jaitsi arte. Eta hark, lasai egoteko, ez zegoela arazorik. Peasoren aparkaleku berean egon zen hura ere.

Berriro ere ordena berean jaitsi ginen.

Ni lurrera iritsi nintzenean, bi pajaruei eskua eman nien, trasteak motxilan sartu, Peasok atera zituen barrita moduko batzuk jan eta autorantz abiatu ginen.

Bidean, basoaren hasieran dozena erdi bat lagun zeudela ikusi genuen. Eskaladako azalpenak ematen ari ziren. Bilguneetan nola funtzionatu behar den eta abar. Eta Peasok kuriosidadea zeukanez, zuzen jaitsi beharrean haien ingurutik pasatzeko proposatu zigun. Nik uste nuen ordurako, guk emandako azalpenekin, saturatuta egongo zela mutila. Baina ez. Aguante ona dauka.

Gustura geratu zen behintzat Peaso. Gu bezalako “maisuekin” ederki moldatu omen zen. Ez da makala. Guri “maisu” esatea ere, Gortuko azken bi egoskorrei. En pin.

Autoan sartu eta Zumaiara. Txikixan kaña eder bana hartu eta bakoitza bere habiara.

Plazer hutsa dira horrelako larunbat goizak.

Gortu!

Fliparax

Atzo, azaroak 17, Aiztondora joan ginen Peloia eta biok. Hau idazten dudan bakoitzean, Arrate irratian garai batean Ziriakok egiten zituen kronikak etortzen zaizkit burura: “Idi-dema izan zen Gernikan, eta han izan giñan andria eta biok…”.

Ba, halaxe, han izan ginen atzo, Peloia eta biok, Aiztondon.

Bezperan, Peloiak tentatu zuen Peaso, gurekin etortzeko, baina ezin omen zuen…

Nik ere tentatu nuen beste bat (izena ezin da esan) ostegunean rokodromoan, baina alferrik.

Gortun ere badaude beste bi lagun (izenik ez dut esango), baina horiekin ere alferrik. Ez dute gortu nahi. Baina guk bai.

Aurreko bisitan bota nion Peloiari Fliparax (argazkiko krokiseko 3. bidea) egin behar genuela, baina zenbakiei begira hasi zen, eta ez zitzaion batere gustatu.

-4c, 6a, 6a, 6a+? Hi zoratuta hago!

Atzo, berriz, krokiseari begiratu, eta esan nion:

-Hau dek gure bidea.

-Zer bide dek?

-Fliparax.

Eta ez zuen ezer esan. Ondo. Lehenengo luzea berak egingo zuela, gainera.

Eta hasi zen.

Eguraldia, argazkian ikusten den moduan, ez zen kostaldean geneukana bezalakoa. Kostaldean giro bikaina eta garbia izan bagenuen ere, Nafarroan ilunagoa zegoen, estaliagoa. Hala ere, hirugarren luzerako eguzkia ikusi genuen.

Lehen luzean, pixka bat gorago.

Iritsi zen bilgunera, inolako zailtasunik gabe. Zailtasunik gabe eta kaskorik gabe.

Nire txanda. Dotore, kasko eta guzti.

Heldu nintzen ni ere bilgunera, eta galdetu nion:

-Ta kaskoa?

-Ba, uste diat motxilatik atera eta bertan laga detela.

-Gaur kaskua, eta bihar burua ahaztuta.

Halako batean, jesukristoren burrunda entzun genuen. “Trena ote da?” pentsatu nuen. Baina ez. Uso saldo izugarri bat sakanaren barreneraino jaitsi zen, abaila batean. Ederra izan zen.

Ordurako, beste bi iritsi ziren Aiztondora. Pagadik esango lukeen bezala “Hara, bi pertsona!”. Gu baino geroago, behar duen moduan. Normalean, gu izaten gara eta goiztiarrenak.

Orduan “eu tanpoko” entzun nuen, eta badaezpada ere “eunon” bota nien. Bat Ibarrakoa zen, eta bestea, Pedro, Ordiziakoa. Hori gerora jakin nuen, bigarren bilgunean topo egin genuenean.

Ekin nion bigarren luzeari. Ondo. Konfiantzaz eta lasaitasunez, aspaldiko partez. Behar duen bezala. Luze ederra, plakeroa.

Aste honetan izan dugun lehortearekin, seguru gaur Labarganeta lehor-lehorra egongo zela, baina Aiztondon txorrera batzuk bustita zeuden. Pentsatzen hasita gaude Peloia eta biok hezetasuna erakartzen dugula.

Luzea amaitu baino pixka bat lehenago, eroso nengoela baliatuz, argazkia atera nion Peloiari (kaskorik gabe zegoela ikusteko).

Peloiak ere atera zidan argazkia.

Bigarren bilgunean nengoela, Ibarrako mutila zuzenean bertaraino zetorrela ikusten nuen. Halako horma zabala, eta denok elkarrekin egon behar. Eskerrak bilgune zabala den eta denontzako leku nahikoa dagoen.

Bitartean, bazetorren Peloia.

Iritsi zen. Materiala hartu, eta hurrengo luzeari ekin zion.

Peloia goikoa da. Bestea Ibarrako mutila da.

Ni bitartean sufritzen. Ibarrako lagunarekin berriketan ari nintzela, bota nion larri nengoela, eta puzkerra bota beharra neukala.

-Bota lasai, motel! Kanpoan gaude eta!

Lasaitu ederra hartu nuen. Eta mutila ez zen horitu, garai bateko hiri-kondairek kontrakoa esaten zuten arren.

Bitartean Peloia aurrera.

Ederki amaitu zuen luzea.

Argazki hau atera zion bilgunetik bere katu-hanka flamanteei.

Argazki hau atera zuen 3. bilgunetik. Ezkerrekoa ni naiz, eta eskubikoa, Ibarrako mutila (ez nion galdetu zer izen zuen).

Ekin nion nik ere hirugarren luzeari.

Ederra. Lehenago behin eginda neukan bide hau Larregirekin (duela hamabi bat urte edo), baina ez neukan oroimen handiegirik. Azken luzeak mamia zeukala bai. Horretaz gogoratzen nintzen.

Iritsi nintzen hirugarren bilgunera, eta ordurako ondo berotzen hasita banengoen ere, izerditakoa ez kentzea erabaki nuen. Hartara, geroago, pauso gogorrean, kruxean, kentzeko, Gullichek bezala. Baina, azkenean, jaitsi arte ez nuen kendu.

Ekin nion, eta pauso gogorrean minibuelo bat egin ondoren, amaitu nuen luzea, ondo kostata izan bazen ere. Azken pausoan, bilgunera iristen, ezkerreko besoan indarra falta zitzaidan, eta ia-ia erortzen ari nintzela, eskubiarekin helduleku on bati eutsi, eta justu iritsi nintzen bilgunera. Justu, baina pozik.

Bilgunea prestatu, sokak jaso, eta hasteko abisua eman nion Peloiari.

Azken bi luzeak lehen biak baino dezente bertikalagoak dira.

Bazetorren, pixkanaka. Aurreko bi luzeak ederki egin genituen. 6a mailakoak biak, baina azken hau 6a+ zen, eta plus horrek bazuen bere pisua.

Aupa, Mauritzia!

Beste biak, Ibarrakoa eta Ordiziakoa, Clasica Sur bidea egiten ari ziren. Argazkiaren ezkerreko aldean Peloia ikusten da, eta eskuineko biak dira besteak.

Iritsi zen Peloia luzeko “pasitora”, eta lehen kolpean, heldulekutik hamar zentimetrora geratu zen. Bigarrenean, hankak hobeto jarri, eta iritsi zen.

Bilgunera iritsi zenean:

-Hau gehitxo guretzat, no?

-Keba! Bi hitz esan orduko ederki egin dek eta!

Argi dago gustura geratu ginela. Geroago Larregik “punto rojo” jarri ote diogun galdetu zigunean, ezetz erantzun genion arren, gozatu ederra hartu genuen biok.

Rapela prestatu (Peloiak shunt berri flamantea estreinatu zuen), eta bi kolpetan beheraino iritsi ginern. Horregatik eramaten ditugu bi soka fin, soka lodi baten ordez. Jaisteko denbora erdia behar dugu.

Ordurako hamaika eta erdiak ziren, eta Juakinarako bidean, Clasica Surren sartutako sokada bateko pertsona bat zegoen.

-Gaur ere Joakina egin gabe! Hau dek marka!

-Bai, motel! Egin beharko diagu halako batean. Gainera, lehen 5c huan, eta orain 6a ematen ziotek. Aukera ederra “pa hacer grado”.

Trasteak jaso, barritea jan, ura edan eta autora. Bi haizpetik pasatzean, adi-adi beti bezala:

-Han jendia ziok Herri Baten Sustraiak bidean.

Eta pixka bat aurrerago:

-Han bi tipo Gora gu eta gutarrak bidean. Ikusten al dituk? -esan nion Peloiari.

Eta ezetz erantzuten zidan, gora begira.

-Beherago begiratu behar dek. Lehenengo luzean zeudek.

Izan ere, hamabiak jota zeuden eta artean lehen luzean zeuden. Hori daukate onek, berandu hasi eta goiz amaitzen dutela.

Inbidia ederra pasatu dut. Ea noiz joaten naizen hara Peloiarekin.

Zumaiara iritsi, frontonean tragua hartu, Txikixan beste bat, Larregirekin lau hitz egin, eta etxera. Gustura. Goiz ederra pasatu genuen.

Ea hurrengoan baten bat animatzen den gurekin etortzera.

Gortu!

Santa Eufemi

Gaur goizean, eskalatzera joan gara Peloia eta biok.

Eguraldi txarra iragartzen zuten edonon asteburu osorako. Interneten zenbait webgunetan begiratu nuen, eta euria ematen zuten; baita Pancorbon ere.

Atzo, Watsappa bidali nion Peloiari, gaur goizeko zazpi terdietan jasoko nuela esanez. Eginora joango ginela, eta eskalatzea ezinezkoa izanez gero, perretxikotan behintzat saiatuko ginela. Baiezkoa erantzun zidan, baina zalantzan geratu zen adarra jotzen ari nintzaion edo ez.

Bizkaian, Markinatik Aulestira goazela, Santa Eufemi izeneko ermita bat dago mendian, eta aterpetxe bat ere bai, ermita baino beherago. Atzo, azken orduan pentsatu nuen gaur joateko moduko lekua zela. Eguraldi txarra eginez gero, ingurua ezagutuko genuela behintzat. Izan ere, ez dago hain urruti, baina ez genuen batere ezagutzen.

Peloia zazpi terditan Larretxon jaso, autobidea hartu eta Elgoibarrera joan gara, handik Markinara joateko. Ondoren, Aulestiko bidea hartu eta Atxagarai aterpetxearen kanpoan utzi dugu autoa.

Basoan, mahai eta banku ugari daude. Leku ederra bertan bazkaltzeko. Ikatza eramanez gero, parrilla ugri daude sua egiteko.

Facebooken aurkitu nuen informazioa, Sorgin erreka eskalada taldearen kontuan. Merezi duten gauzak ere aurkitzen dira tarteka.

Argazkian ikusten den moduan, hurbilketa oso laburra du. Ezkerreko aldetik iritsi gara.

Motxila ireki orduko konturatu naiz katu-oinak autoan utzi ditudala.

-Gaur hurbilketa motzegia. Beste buelta bat egingo diat, Peloi- esan diot.

-Nora hua?

-Kantu-hankak kotxian laga dizkiat.

Bueltan etorri naizenerako, Peloia hozten hasita zegoen.

Bi zati ditu Larruz izeneko sektoreak: goikoa eta behekoa.

Goikoan izan gara gaur. Ezkerreko bideari ekin diogu hasteko, 1 zenbakia duenari: Burokraziaz blai! (IV). Peloia hasi da, aspaldian bezala.

Haizea zegoen arren, ez zegoen aurreko astean Labarganetan egiten zuen hotz hura.

Deskuelgera iritsi eta behera. Ondoren, nik egin dut. Haitz ederra iruditu zait, itsasgarritasun onekoa. Pena bakarra da horma ez dela batere altua. Ingurunea, berriz, ederra eta lasaia.

Bigarren bideari ekin dio ondoren Peloiak: Presoak kalera (V+).

Bide horretan hasi dira fedezko pausoak, berriro ere. Itsasgarritasuneko pauso ederrak. Kostatu zaigu, baina ederki egin ere bai. Egin dut nik ere, eta eskuinerantz jarraitu dugu.

Ondoren, 4. bidea egin dugu: Amets (V). Peloia hasi da, beti bezala.

Egin dut nik ere, eta behera nentorrela, zabalik eduki behar ez nuen patrikan eduki behar ez nuen mobila erori egin zait. Eskerrak katua bezain ondo erori dela. Sastraka batzuk jo, eta plantxan iritsi da lurrera, garai bateko futbolariak bezala. Marka txiki bat ere ez zaio geratu.

-Hori bai dala ondo eroitzia! -Peloiak.

Ondoren, 3. bideari ekin diogu: Malen (6a+). Mobilik gabe, noski. Une batean, ezkerreko hankarekin bakarrik igo behar da plaka fin batera. Baina, ederki moldatu gara soka goitik genuela.

-Puntu gorria jarriko al diogu?

-Ez. Horrela hurrengo batean ere etorri egin beharko diagu.

-Konprome. Hartara, baten batek zerbait edukiko dik guri aurpegira botatzeko.

Ondoren, 5. bidera: PNVko eta bere morroiak (V).

Nik ere egin dut, eta eguneko azken bidean sartu gara: Alimotxuelo (V+).

Artean, hamaikak edo ziren. Sei bide egin, eta gustura geratu gara. Mendebaldetik laino beltzak ere hasi dira agertzen. Une batean bazirudien botako zuela, baina horretan geratu da.

Atzoko patata-tortilla atera, jan, trasteak jaso eta autora. Zalantzan geratu gara aterpetxean sartu edo ez, baina, azkenean, hori ere hurrengorako utzi dugu.

Markinara bueltatu eta Ondarroan barrena Zumaiara itzuli gara.

Frontonean tragoa hartu dugu gustura, gaur eskalatzeko itxaropenik gabe joan arren, goiz ederra pasatu dugulako.

Hurrengoan gehiago.

GORTU!

Hotza Labarganetan

Gaur goizean, Bizkaia aldera abiatu gara Peloia eta biok.

Hotza egin behar zuela jakinda, beranduago atera gara. “Onen orduan” guk esaten dugun moduan. Beno, hain berandu ere ez. Onak eguerdi aldean joaten dira eta. Zortzi terditan etorri zait Peloia bila, eta Bizkairako bidea hartu dugu.

Askotan akordatu naiz gaur Joanita Kirikirekin. Txikitan, Larretxora bizitzera joan ginenean, halaxe bota zidan behin:

-Han goian hotza ingo du ba?

Eta gaur ere, beste askotan bezala, behin baino gehiagotan errepikatu dugu Joanitari ikasitakoa.

Atzo, zalantza galantak izan nituen gaur nora joan erabakitzeko. Hasiera batean Ogoño, Itxiña, Bi haizpe, Egino eta Atxarte gutxienez banituen buruan, baina, azkenerako, Eginori eta Atxarteri soilik begiratzen nien.

Azkenean, Atxartera joatea erabaki nuen behintzat. Gatzaieta baserriaren ondoko aparkelekura iritsi garenean, beste auto bat bazegoen, eta iparraldeko matrikula zuen furgoneta bat ere orduantxe iritsi da.

Motxila handia bizkar gainean hartu, batere arroparik kendu gabe, eta abiatu gara, basoan barrena.

-Gaur izerdi gutxi aproximaziyuan, e? -esan diot Peloiari.

-Bai, motel!

Iritsi garenean, ez zen giro. Hego haize hotza eta indartsu samarra. Txamarra kentzeko batere gogorik ez. Egote hutsa ere ez zen samurra. Ordurako han zeuden beste bi mutil.

11. bidea egiten ari ziren, Pontie el casquio (5c, 30m) izenekoa. Eguzkia horman sartzen hasita zegoen. Eskerrak, haize hotza izan arren, egiten zuen hotzarekin eguzkiak haitza pixka bat epeltzea lortu du eta.

Guk eskuineko aldera jo dugu, eta Tristura izeneko 5c mailako bidean sartu gara.

-Txamarrarik gabe eskalatu beharko diagu, bestela gero izoztu egingo gaituk eta -Peloiak.

Eta hori esanda, txamarra kendu eta Peloiak berak ekin dio, gaur ere gogotsu iritsi da eta.

Argazkian, bidearen zati zailena hasten den lekuan dago.

Hortik gora bi parabol daude, oso gertu, zailtasuna hor dagoenearen erakusgarri.

Fedezko pausua da erabat. Eta gure moduko bi ateorentzat meritu bikoitza, nire ustez. Harrituta geratzen zara eskuentzat heldulekurik izan gabe hankekin soilik nola egin daitekeen gora.

Bilgunera iritsi denean, are hotz handiagoa. Deskuelgea prestatu eta behera.

Eskalatzen hasi baino lehen, txamarra kendu behar, eta horrek bai ez zuela batere graziarik egiten. Hala ere, txamarra kendu, soka lotu eta egin dut nik ere bidea, fede handiarekin.

-Bide honek Tristura dik izena, ezta? Ba, Euskaldun fededun edo horrelako zerbait esan beharko genioke.

-Nahekena – Peloiak- Orain, erdi aldera joango gaituk.

Bitartean, beste bi mutil ere iritsi dira. Guztira sei lagun egon gara Labarganetan eskalatzen, eta guztiak kasko eta guzti. Ohitura onak ere ari gara hartzen, pixkanaka.

Lehengo bikotea 11. bidea amaitzen ari zen, eta gu 12. bidean sartu gara: Golpe en el escroto (5c, 30m).

Badoa Peloia.

Argazkian, ezkerreko aldean ikusten den soka 11. bidea egiten ari zirenena zen.

Bukaera samarrean, leku jakin batean, ez dago oso argi nondik jarraitu behar den, hurrengo txapa ez delako ikusten. Lehendabizi, ezkerrera jo du Peloiak, eta gero txapa ikusi duenean, berriro ere eskuinera hartu, eta arazorik gabe iritsi da bilgunera. Arazorik gabe, eta batera berotu gabe.

Jaitsi dut, eta nire txanda. Peloiari ez zaio burutu pasatu ere egin kamera motxilatik hartu eta argazkiren bat ateratzea.

-Hotz honekin? Eskutik erortzeko ere…

Egin dut nik ere, eta Peloiak jaitsi nauenean, pentsatu dut ez zuela halako hotzik egiten. Baina, minutu bat ere ez dut behar izan, berriro ere txamarra janzteko.

Ondoren, haren ezkerreko bideari ekin diogu: Ponte el casquio (5c, 30m).

Bide horretan ez dugu inolako gorabeherarik izan, eta ederki igo gara biok ere.

Azkena iritsi diren biak eskuineko aldera pasatu dira, eta esan dute egiten zuen hotzarekin hiru bide eginda nahikoa zutela.

Guk ere egin ditugu hiru bide ordurako, eta proposamen hauxe egin dit Peloiak:

-Atxartera joango gaituk, betiko tabernara, bokata bat edo jan eta arratsaldian lehenengo espoloira joango gaituk, eskalatzera edo bisitan, besterik ez bada ere.

Halaxe, Gatzaietako parkinera itzuli gara. Ordurako ia 20 auto zeuden aparkatuta. Laster jarriko digute TAO sistemaren bat edo, han ere.

Mañariara jaitsi, eta Durango pasatuta, Abadiñora abiatu gara. Mendiolara doan bidegurutzea hartu, eta Olondora iritsi garenean, ezustekoa: ITXITA!

-Aiba dios! Atxarten tabernarik ez? Posible al da?

Lehen bazegoen Sagasta izeneko taberna bat, eta hara jo dugu. Baina, itxuraz, dagoeneko ez dago han tabernarik.

-Eta orain zer?

-Egun osoako baimena zeukagu, ezta? Abadiñon edo jango diagu zeozer.

Joan gara Abadiñora, eta esan diot Peloiari badakidala non dagoen herriko taberna. Ibili gara batera eta bestera, baina alferrik.

Taberna batean sartu, kaña bana eskatu eta bertakoari galdetu diogu. Baina, han ez omen dago herriko tabernarik. Inguruak zer itxura duen azaldu diot, eta herriko taberna hori Elorrion dagoela esan dit.

Txistua tragatu eta entzun egin behar:

-Ze esan diat nik? Hori Elorrion egongo dala!

Autoa hartu eta azkenean Elorrioko taberna batean plater konbinatu eder bat jan dugu. Herriko tabernan ez zuten bazkaririk ematen.

Bazkalduta, gure onera etorri gara. Goizeko hotzak eta dardarak ahaztu, eta aurpegia gorri-gorri eginda, autoan sartu eta Zumaiara.

-Berriz ere Labarganetan? -bidali dit Larregik watssapez.

Eta oraindik ere askotan joatea espero dugu. Ingurune zoragarria da, eta haitza ezin hobea.

GORTU!