
Atzo, abenduak 3, euskararen egunean, Larrunarrin ospatu genuen Gortuko urteko batzarra. Bazkideen %100 han izan ginen. Eta probatu gabe geneukan horma bat aukeratu genuen, plaka gorriak izenekoa.
Aurrez, beti bezala, sesioa.
-Nora joango gaituk? Aiztondora, Larrunarrira…?
-Aiztondoa paso! Rapelatu in behar dek!
-Ta Txindokin jesukriston aldapa.
Ba Txindokira. Nahiago izan dut Larrunarri edo Ñañarri jarri, Txindoki baino. Nonbaiten irakurri dudanaren arabera, Txindoki hara joaten ziren artzainek jarritako izena da. Mendiaren berezko izena Larrunarri edo Ñañarri omen denez, Larrunarrikin geratuko naiz oraingoz.
Zazpi terditako abiatu ginen Arranplatik, ez aurretik Peloiari sustotxo bat emateko saiakera egin gabe. Larregi iritsi zen eta Peloiaren zain geundela, “ezkutatzea” pentsatu genuen, auto eta guzti. Baina ezin izan genuen. Esnatuta etorri zen.Umeak baino okerragoak gara.
Iritsi ginen Larraitzera, kostan geneukan eguraldi ona atzean utzita, Tolosatik Amezketara arteko mordor txikia gurutzatu ondoren.
Abiatu ginen aldapa luzean gora. Batzuek ordurako bueltan zetozen, frontala kopetean dutela igotzen diren horiek.

Arnasa hartzeko atsedenetan paisaia ederrak ikusten dira.


Aldapan gora egin ahala, Aizkorri, Gorbeia, Anboto, Mugarra, Oiz, Udalaitz eta abar ikusten genituen.
Eta, nola ez, Larrunarriko pareta ederrak.

Lurra lainoa soinetik aztindu ezinean.

Oria iturria delakoa pasatu eta berehala, ezkerrera abiatu ginen, Tximista bidea izenekoan barrena.

Beti bezala, Peloia aurretik. Normala, Amezketan ere Peloiari animoak emateko pankarta bat ere ikusi genuen eta. Eta Larregi eta biok atzetik, pixkanaka.

Gora begira, ondo ikusten ziren plaka gorriak.

Hurbilagotik.

Gure bidea Eskualido Karnero izenekoa zen. Baina haraino iristea ere ez zen lan makala.
Hiru luze, hiru lagun (Gortuko kideen %100) eta nahi adina haize fresko. Plan ederra geneukan. Gainera, urteko batzarra izanik, bagenekien lau edo bost erabaki on hartuz gero, bazkari ederra edukiko genuela.
Hormaren azpian, bidea nondik hasten den ondorioztatu ondoren.

Ezkerrean, presidentea, eta eskuinean, presidenteordea (hau da, inolako ardurarik ez duena).
Eta itzalean, idazkaria-diruzaina-kronista-uraeramatenduna….

Larregik ekin zion lehen luzeari.

Oraingoan, urteko batzar orokorra zela eta, Peloiak argazki-kamera eraman zuen. Eta hori igarriko da erreportaje honetan.

Larregi bazihoan kanalizoetan gora, harri gorrixkan barrena, motxilatik kea zeriola.

Ederra haitza, ederra bidea eta ederra eguraldia, haize freskoa nagusi zen arren.
Aupa Mauritzia!

Idazkaria aseguratzen.

Bidea paperean erraza izan arren, ez zen eskalatzeko hain erraza; heldulekuak ez ziren hain nabarmenak eta hanka kanalizoetan sartzea zen gakoa. Pixka bat arraroa baina oso sentsazio ona.
Ni, lehen luzea bukatzen.

Bigarren luzea, Peloiaren txanda. Amezketako pankarta ikusi ondoren, erraz egin zuen mutilak. Normala.

Plaka gorri-gorriak. Zumaiarrenak dirudite. Haizeak tarteka fuerte jotzen zuen arren, gustura egoten zen.

Zeruan behintzat, airea ari zen berotzen, putreak igogailua hartzen ari ziren eta.

-Hoiek bai earki, hegoak mugitu ere egin gabe!!
Peloiak honela ikusten gintuen bigarren bilgunetik.

Esplikatu beharko die rokodromoko lagunei nola egiten duen aldi berean eskalatzen ari diren bi lagun aseguratzeko. Ea noizbait animatzen dituen gurekin etortzera. Indar gaztea behar dugu motxila astunak igotzeko, babarrunak jan eta musean egiteko.
Hirugarren luzea, nirea. Konturatu gabe, luzeak helduenetik gazteenera egin ditugu. Lehena presidenteak, bigarrena presidente ordeak eta hirugarrenak idazkariak.
Nire txanda.

Ur-tanten luze polita. Bitxia bada ere, bigarrena iruditu zitzaigun zailena. Pauso tonto bat zeukan hasieran, fedez egin beharreko horietako bat. Eta nik behintzat, fedetik gutxi.
Bagoaz gora, haizearekin batera. Ez dakit puzkerra bota nuen edo motxilari kiratsa zekion… Dizerdit.

Pena da, baina bide ederrak bukatu egiten dira konturatzerako.
Iritsi zen Larregi.

Peloia ere bai. Pixka bat gorago bidali nuen, eta Larregik eta biok sokak jaso genituen.
Eta gero, gora zuzen-zuzen, gurutze distiratsu batera iritsi arte. Gurutze horren distira erraz ikusten da Larraitzetik ere.
Ez dakit zer duen argazki honek, baina badirudi hegan hasi behar dudala.

Hortik aurrera, aldapa pikea. Peloiaren terrenoa. Eta gainera, amezketarrak ere alde ditu.
Ez, ez, ez. Ez da txizañean ari. Inspiratzen ari da, haran-zulora begira.

Zuzen-zuzen jarraituta, gurutze distiratsura iritsi ginen.

Handik, berehala harrapatu genuen gailurra. Ez dakit batzarra zelako edo zergatik, baina jendetza zegoen. Txapeldun hori ez da gure kuadrilakoa, eta bokala izateko profilik ere ez genion ikusi.

Hemen ematen du beleak Larregiren ahoan sartu nahi zuela, dentista balitz bezala. Eskerrak ez zuen ahoa zabaldu.

Ez naiz gogoratzen zer galdu zitzaigun, baina hor gaude biok lurrera begira.

Batzarreko kide guztiak, gustura asko.

Ahoan zerbait sartu, giharrak ez atrofiatzeko, eta beherako bidea hartu genuen.
Izan ere, Larrunarriren gailurrean ez dago intimitaterako lekurik. Beherakoan, uda ukituko argazki bat.

Kamiseta ederra da Gortukoa, baina beste zenbait gauzaren artean, hurrengo urtean kamiseta berria ateratzea erabaki genuen. Izango duzue irakurle maiteok horrelakoren bat lortzeko modua. Baina ez da erraza izango. Urduliz? Ba horrek ez dizu batere lagunduko.

Jaisten amaitzen ari ginela, urteko batzar guztietan egin ohi den moduan, bazkaltzera joan behar genuela erabaki genuen.
– Nora joango gaituk?
-Nigatik sagardotegira.
Deitu batera, deitu bestera, eta azkenean, Petritegin aurkitu genuen lekua.
Larraitzera iritsi ginenean, motxilak utzi, arropa aldatu (aldatzeko zeukanak) eta eztarria busti genuen lasai-lasai bertako tabernan.

Eta handik, Petritegira. Aparkatzea ere ez zen erraza izan. Hura jendetza. Larrunarriren gailurra zirudien. Hor gaude majo-majo.

Hortik aurrera, gero eta majoago.
Gogoratu, bokala behar dugu. Ez lokala eta ez vokala. Bokala, kon b. Ahozabala, alegia.
Adi hemendik aurrera, lehiaketa eta zozketa ezin hobeak egingo ditugu eta.
Gortu. Hurrengo urtean berriz!
Eta pankartaren misterioa, zer?
Ba, Amezketan Peloiaren artista edo horrelako zerbait zioen pankarta bat zegoen. Horixe bakarrik behar genuen txorakeritan hasteko. Peloiaren artista, eta Peloiak arista egin nahi, eta nik ezetz, bide asko daudela eta probatu egin behar direla. En fin. Honatx Peloiari animatzeko pankarta.

Itxuraz, Altunak eta Saralegik egingo zuten Peloiari animatzeko. Bai, ezta?