Udaberri

Atzo, irailak 4, Eginon egon ginen, ohitura zaharrari jarraituz. Azkenaldian ez gara handik urrun ibiltzen.

Goizeko 5:30tan jaiki, zerbait gosaldu eta begiak ireki ezinik, arranplara abiatu nintzen. Seietan genuen hitzordua. Irtetean, neska-mutil koadrilla ederra zegoen moilan, parranda bukatu ezinik.

Eginora iritsi ginenean, goizeko zazpiak jota, artean eguna argitu ezinik zebilen.

Eginon autoa utzi eta hormarantz goazela argazki hau atera zigun Larregik.

Esaten nion nik ez zela piperrik ikusiko. Ez dugu argazki lehiaketarik sekula irabaziko.

IMG-20160904-WA0013

Iritsi ginen bidearen hasierara eta orduantxe argitu zuen. Zazpi luzeko bidea da Udaberri. Jakinaren gainean geunden leku batzuetan harria nahiko suelto zegoela, parranderoak bezala.

Lehen bi luzeei Larregik ekin zien. Hemen lehen luzearen hasieran.

IMG_20160904_074715

Gorago.

IMG_20160904_075137

Eta gorago. Eta gora gu!

IMG_20160904_075526

Zuhaitz hartan bilgunea prestatu eta Peloia eta biok abiatu ginen.

Luzean gora gindoazela, leku jakin batean Peloiari argazkia atera nahi nion, nere ustez ikusgarria aterako zen eta. Baina ezin izan nuen. Mobila motxilan neukan.

Norbait honezkero konturatu ez bada, esan beharra daukat argazki guztiak mobilarekin ateratakoak direla. Izan ere, Peloiak argazki-kamerarik ere ez du eramaten, “Peso de más” delakoaren modak harrapatuta.

Hemen bilgunera iristen. Peloia gortuko kamisetan flamantearekin.

Makina batek eskatu dio Larregiri, baina galdetu diezatela Peloiari ea nola edo hala lortzen den.

IMG-20160904-WA0014

Hemen Larregi bigarren luzean.

IMG_20160904_082338

Bigarren bilgunera iritsi zenean, Peloia eta ni joan ginen atzetik txintxo-txintxo. Eta isil-isilik, jendea azkar molestatzen da eta.

Sokaburua aldatu eta hirugarren luzeari ekin nion. Aurpegi hauekin utzi nituen bigarren bilgunean.

IMG_20160904_083849

Sabaira iritsi arte parabolt bakarra ikusi nuela esango nuke.

IMG-20160904-WA0018

Dena dela, sabaiaren azpira arteko tartea erraza zen. Baita sabaia gainditzea ere.

IMG-20160904-WA0011

Hurrengo plakaren amaieran zegoen zailtasuna.

IMG-20160904-WA0010

Ondo izerdituta iritsi nintzen bilgunera. Halaxe ailegatu ziren beste biak ere.

Baina, bien bitartean, Peloiak izugarrizko blokea bota zuen (nahi gabe), eta ez zen gogoratu deiadar eginez abisatzeaz.

Laster hartu ziguten kargu Elmer edo Berta edo egitera joan ziren batzuk (azpeitiarrak gure ustez, hizkeragatik).

-Ez al dakizue abisatzen? Harria edo piedra edo zeozer esan!

Arrazoi osoa zuen, baina dena den blokea beste aldera erori zen.

Beno ez dakit blokea zen edo harri koskor bat. Nik ez nuen ikusi eta. Batek blokea esaten dit eta besteak harri koskorra. Sakana osoan eta Aiaraldean ere sumatu omen zen. Auskalo.

Larregik eramandako akuariusen granizatua edan eta laugarren luzeari ekin nion.

Ezkerrerantz doa luze hori eta kuriosoa iruditu zitzaidan.

IMG-20160904-WA0007

Bilgunea arte eder baten itzalean egin, eta berehala iritsi zen parea.

Hurrengo luzea ere neuretzako zen. Argazkian, bosgarren luzea amaitzen.

IMG-20160904-WA0009

Luzearen amaieran kolpe tonto bat hartu nuen eskuineko belaunean. Eta gizon preparatuba gauza handia denez, motxilatik tirita bat atera, jarri eta kitto.

Hurrengo luzea egiteko, zati bat oinez egin behar izaten da.

Azken bi luzeak Peloiarentzat ziren.

Judas, prest? Ekin!

IMG_20160904_102616

Kamiseta horrekin igoko ez da ba!

IMG_20160904_102701

Estilo ederrarekin gainera.

IMG_20160904_103133

Esan nion:

-Joder, Pelon! Hiri beti luze politenak tokatzen zaizkik!

Argazkian eskuinean ikusten den zuhaitzean egin zuen bilgunea. Hantxe dago eta.

Zazpigarren eta azken luzeari ekin zion Peloiak.

Bazihoan tirriki-tarraka.

IMG-20160904-WA0000

Eta ni aseguratzen, serio demonio!

IMG-20160904-WA0004

Di-da egin zuen. Hemen azken bilgunean.

IMG-20160904-WA0003

Larregi eta biok ere iritsi ginen. Elkarri bostekoa eman, “ez gatxuk makalak!” esan eta trasteak jasotzen hasi ginen, Larregik eramandako litxarreri batzuk jaten ari ginela. Ea esponsorren bat aurkitzen dugun, bidearen amaieran gosea igarri egiten da eta.

IMG-20160904-WA0001

Beti bezala gerria okertuta agertzen naiz ni. Beti lanean.

Hamaikak eta laurden ziren bidea amaitu genuenean. Trasteak bildu eta Usoa eta Aztorearen ondoko bidexkatik jaitsi ginen.

Larregi eta Peloia bidean aurrera. Atzean, Arista de los caracoles bidearen amaiera ikus daiteke. Pared de doña Eusebia omen du izena. Hori ere egin genuen, baina ez dut uste kronikarik idatzi genuenik.

IMG_20160904_114115

Jaitsiera amaitzen.

IMG_20160904_120344

Ederrak ikusten dira Usoa eta Aztorea.

-Hauek ere noizbait eskalatu beharko dizkiagu ba- bota zuen Larregik.

Hor geratzen da erronka, baina aurretik Berta egin behar dugu.

Eginora iritsi, ur pixka bat edan iturrian (tabernarik ez dagoelako) eta Zumaiara abiatu ginen, kontxako estropadak irratian entzuten, eta beti bezala Xarpasen falta sumatzen.

Ea hurrengoan Berta egiten dugun.

Gortu!

Iturrimurri eta Peloiaren kamiseta

Horrela ikusita handia ematen du.

Eta bai, handia da Gortuko kamiseta bat lortzea. Triple corona ta letxiak.

Galdetu bestela Peloiari.

IMG_20160814_120551

Abuztuaren 14a. 4:55. Mobilaren alarmak esnatu nau. A zer pereza jaikitzeko! Baina jaiki beharko. 5:30tan arranplan egin genuen hitzordua. Eta puntualtasun falta hutsegite larria da horrelakoetan.

Jaiki, zertxobait gosaldu, autoa hartu eta arranplara.

Peloia azaldu da aurrena, eta Larregi atzetik.

-Ze egin behar deu, nokturna?

-Ez, motel. Eguzkiari pixka bat aurrea hartzen bazioagu, askoz hobeto ibiliko gaituk.

Goiz atera eta eguzkia baino azkarrago ibiltzea zen asmoa, iragarritako tenperaturak oso altuak izango zirela kontuan hartuta. Eginora iritsi ginenean, artean eguna argitu gabe zegoen.

Motxilak hartu eta dagoeneko ezaguna zaigu bidetik, Larreñigiko haitzetara abiatu ginen.

Gure nahia Batean kale, bestean dale bidea egitea zen, harrobi zahar baten gainean hasten den bidea. Harrobiaren eskubitik igo eta han hasi zen gure zalantza-dantza.

-Nik uste diat hemendik dala- bota zuen batek, zuhaixkaz eta belarrez betetako horma bati begira.

-Nik esango nikek ezkerreko espoloi handi horretatik dala- nik.

Hauxe da nik esaten nuen espoloia. Ez da argazkirik onena. Zer egingo zaio bada, nik atera nuen eta.

IMG_20160814_070542

Azkenean eskuinetik ekin genion. Atxiperre ugari eraman genituen, bideak ez daukalako babes finkorik, baina garrantzitsuena falta zitzaigun: matxetea.

Hemen Larregi bidea bilatu nahian.

100_1914

Baso harritsuan barrena joan zen, lehenik ezkerrera eta gero eskuinera.

Bilgunea montatu zuen pare bat friendekin, eta Peloia eta ni atzetik joan ginen.

Iritsitakoan, bidea handik zihoanik seguru ez genekienez eta dena nahiko puskatuta eta begetazioz beteta zegoela ikusita, behera joatea erabaki genuen.

-Esaten nizuen nik! 5 ordu! Hau ez huan bide egokia gaurko!

Oraingoan behintzat arrazoi zuen.

Bilgunetik rapel egin gabe jaisteko modua ere aurkitu genuen, eta handik jaitsi ginen.

Behin behera iritsitakoan, hain goiz ez zela eta eguzkiak sekulakoa eman behar zigula pentsatuta, atzera etxera joatea proposatu nien.

-Ostiyak! Honeaino etorrita zeozer egin beharko diagu ba!

-Iturrimurri- bota zuen Larregik.

Eta horrelaxe, trasteak jaso eta Iturrimurriren hasieraraino joan ginen.

-Bueno, mutilak. Goizeko 9ak dituk. 11etako goian egon behar diagu eta 12tako Eginon- esan nien.

Oraingoan ez zuten protestarik egin. Iritsi ginen bidearen hasierara.

IMG-20160814-WA0004

Lehenengo hiru luzeak nik egin nituen aurretik, eta azken biak, Larregik.

Hemen lehen luzeari ekiten.

IMG-20160814-WA0014

Eta Peloia adi-adi aseguratzen.

IMG-20160814-WA0005

Atzetik, Peloia atera zen. Ez zeukan egunik onena, bezperan eguzkiak berotu ederra eman ziolako gerrialdean. Aitzakia polita motxila arin-arin eramateko.

IMG-20160814-WA0013

Ondoren, Larregi. Horrela aurkeztu zitzaigun lehen bilgunean. Antiejuen gainetik begiratzen.

100_1915

Denborarik galdu gabe (kantuan hasi gabe) bigarren luzeari ekin nion.

100_1926

100_1917100_1918

Bitartean Larregi posatzen.

100_1919

Gora, poliki-poliki.

100_1921100_1923100_1924

Bide hau egin genuen azken aldian, lehen bilgunea egin ohi den lekua atzean utzi eta plaka horretan montatu nuen bilgunea. Ederki asko, itzalean. Peloia iritsi zenean, bronka bota zidan. Lekua ez zela erosoa eta ea nola bururatu zitzaidan bilgunea han jartzea. Atzokoan ez nuen punturik galdu nahi eta bilgunea tokatzen zen lekuan egin nuen.

Peloia bigarren luzean.

IMG-20160814-WA0008

Plaka polita da, baina azkar bukatzen da. Pixka bat gorago, bigarren bilgunea prestatu nuen. Tokatzen den tokian.

Biak bilgunean zeudenean, hirugarren luzeari ekin nion.

Hirugarren luzearen amaieran, bilgunean, esertzeko leku ezin hobea aurkitu nuen. Motxila bizkarretik kendu eta gustura egon nintzen. Hain gustura Peloia agobiatzen ari baitzen nire hitz-jarioarekin.

-Ez haiz isiltzen! Eta gañea, hitz eta hitz, eta ez dek ezer esaten!

Isildu beharko.

Peloia bigarren luzea amaitzen. Horrela lortzen dira kamiseta bat balio duten puntuak.

IMG-20160814-WA0015

Larregiren txanda. Laugarren luzearen hasieran.

100_1930

Eguzkia jaun eta jabe izan arren, gezurra ematen badu ere, brisa zebilen, eta eroso genbiltzan.

Bazihoan gora pixkanaka.

100_1931100_1932

Zoom pixka batekin.

100_1934100_1935

Eta berehala ezkutatu zen bistatik.

100_1936

100_1937

Peloia eta biok hirugarren bilgunean.

IMG-20160814-WA0006

Azken luzea geratzen zitzaigun. Bagoaztik, goan ere!

Hemen Larregi bosgarren eta azken luzeari ekiten. Espoloi batetik hasten da, eta kanal zikin samar batetik pasatu ondoren, tubo moduko plaka batean zehar jarraitzen du. Izugarri gustatzen zait amaierako plaka hori. Adarra jo zidaten horregatik ere. Ez da giro bi hauekin!

Badoa Larregi.

100_1938

100_1939

Azken bilgunera iritsi zen, eta Peloia eta biok abiatu ginen ondoren.

Begiratu zer pare agertu zitzaion Larregiri, azken bilgunean zegoela.

Karakola ta baria?

IMG-20160814-WA0012

Elkarri bostekoa eman eta trasteak jasotzen hasi ginen.

-Ondo, mutilak! Oraindik hamar terdiak ere ez dituk. Hamaiketakua lasai asko egiteko moduan gaudek.

IMG-20160814-WA0011

Zerbeza bero samarra edan, zerbait jan eta beherako bidearen bila abiatu ginen.

Ederki joaten zen basoaren itzalpean.

IMG_20160814_110433

Ekialderantz (hori esango nuke behintzat) basotik pixka bat aurrera egin behar da. Bidea puntu gorri batzuek erakusten dute. Haitz handi batean, Egino jartzen duen seinaletxo bat dago eta hark erakusten du beherako bidean. Jaitsieraren hasieran.

IMG-20160814-WA0010

Hemendik aurrera ederki igarri genuen eguzkiaren beroa.

Han zegoen Egino, betiko tokian. Eta hor hasi zen kamisetaren sugetzarraren amaiera.

Larregik egin zuen kamisetaren entrega zeremoniatsua.

IMG_20160814_120656

Eta Peloia pozez txoratzen. Hainbeste motxila astun, jel, barrita eta ur eramateak badu bere ordaina, alajaina!

IMG_20160814_120606

Uste dut egun osoan ez zuela kendu.

IMG-20160814-WA0003IMG-20160814-WA0002

Bazkaria zeukan Zarautzen. Mingaina edo horrelakoren bat. Gero Apolok hitz egiten duela!

Zorionak, Peloia! Merezi huan!

Hurrengo erronka, .eus-eko kamisetak lortzea da. Ez dakigu seguru nola lortzen diren puntuak. Baina brasa emateak balio badu, zerbait egingo dugu.

Zeremoniaren ondoren, Ziordiara joan ginen. Merezitako zerbeza freskoa eskatu eta telebistari begira jarri ginen, ea zumaiarrek estropadan zer egiten zuten ikusteko.

Handik, autoa hartu, Peloia Zarautzen utzi eta Zumaiara. Udako egun bete-betea izan arren, azalik erre gabe etxeratu gara behintzat. Ez da gutxi.

Segi gortzen!

 

 

 

 

 

 

Elmer

IMG_20160806_105702

Atzo Eginora joan ginen Peloia eta biok. Giro aparta, tenperatura ez zen 23 gradutik pasatu, eta zerua garbi-garbi, Eginon aspaldian ikusi ez dugun bezala.

Arantza bat neukan sartuta, Elmer izenekoa. Izan ere, aurreko batean saiakera bat egitera joan ginen, eta bigarren luzean atzera egin nuen. Larunbatean goizeko 9etan atera ginen Zumaiatik, bezperan kuadrillako afaria izan genuelako eta lo derrigor egin behar genuela pentsatuta. Iritsi gara Egino herrira eta giro zegoen. Giro aparta.

-Nundik jun behar diu?- Peloiak, basoan gindoazela.

-Ba etzekiat seguru… ezkerrea izango dek.

-Nola ez dakikela? Aurreko hilian Larregikin etorri hitzan eta!

Aurkitu genuen behintzat. Motxila bizkarretik kendu eta materiala prestatzen hasi ginen.

IMG_20160806_110506

Lehenengo luzeari Peloiak ekin zion. Zumaiarren kamiseta gorri-gorriarekin.

IMG_20160806_111508

Hemen pixka bat hurbilduta.

IMG_20160806_111513

Atzetik, ni. Han zegoen Peloia lehen bilgunean, txintxo-txintxo.

IMG_20160806_112634

Nik ekin nion bigarren luzeari. Hemen bigarren bilgunetik Peloiari ateratako argazkia.

IMG_20160806_114219

Hirugarren luzeari ere nik ekin nion. Bilgunetik ezkerrera irten eta plaka eder batean gora egin behar da. Luzearen erdialdetik argazki bat atera nuen bilgune aldera.

IMG_20160806_120332

Laugarren luzea Peloiak eskatu zuen. Luze polita hori ere. Eta han joan zen.

IMG_20160806_124233

IMG_20160806_124640

Gero, ezkerrerantz joan behar da oinez, bosgarren luzearen azpiko haritzera.

Bazegon gu baino itxura hobeagoko eskalatzailerik ere.

IMG_20160806_131013

Bosgarren luzeari nik ekin nion. Bukaera aldera ez nuen argi ikusten bidea nondik zen eta Elmerren bilgunera joan beharrean ezkerreragoko bilgune batera joan nintzen.

Bilgunean nengoela, telefonoa joka. Klaudio zen, ea Peloia zer moduz zegon galdezka.

Amaitzeko geratzen zen luze laburrari Peloiak ekin zion.

IMG_20160806_134450

Giro bikaina zegoen, ez genuen batera berorik pasatu. Izerdiak beste arrazoi batzuengatik etorri ziren. Peloiak gau txarra pasatu zuen eta horrek gero faktura pasatzen du.

Ezkerrera argazki bat atera.

IMG_20160806_134504

Eskubira beste bat.

IMG_20160806_134508

Eta azken luzeari ekin nion, nik ere.

Bilgunera iritsi, Peloiari bostekoa eman eta pixka bat gorago joan nintzen, trasteak jasotzera. Atzetik, Peloia.

IMG_20160806_135457

Kamiseta erreinbindikatzeko unea ez zuen pasatzen utzi, noski.

IMG_20160806_135637

Lasai, Peloia. Ez larritu. Larregi honezkero hasita egongo dek kamiseta bilatzen.

IMG_20160806_141158

Ni, gortuko kamisetakin. Besoak ere kolore horretakoak geratu zaizkit.

Ez geneukan zerbezarik, baina urik ez zen falta izan. Badirudi ikasteko kapaz ere izango garela azkenean. Tenperatura suabea, brisa eta abar, baina eguzkiak erre egiten du berdin-berdin.

Aurrekoan, Larregirekin Susi egin nuenean, leher eginda bukatu nuen eta jaitsieran dezente sufritu ere bai. Oraingoan Peloia zen flojo zebilena, eta hark ere lanak izan zituen jaisten.

-Ze jaitsiera letxe dek hau? Hobe genian eskubi aldera jun eta handik jaitsi izan bagina!!

-Ez hadi kejatu, rapelatzea okerragoa dek eta!

Hemen Peloia jaitsierako une batean.

IMG_20160806_144043

Eta beste une batean.

IMG_20160806_144519

Eginora joan, autoa hartu eta Ziordiara abiatu ginen, merezitako zerbezaren bila. Baina taberna itxita zegoen.

-Eta orain zer?

-Goazen Urbasara.

Presarik ez geneukanez, Urbasako kanpinera igo, eta hantxe hartu genuen zerbezatxoa.

Horrela bizi laike!!

 

 

 

Susi

Irudia

Gaur, uztailak 10, Eginon ibili gara.

Larregik Susi bidea egin nahi zuen, eta han jardun dugu biok. Oso bide ederra iruditu zaigu, baina nahiko lan eman digu; niri bai behintzat.

Goizeko 7etarako han ginen. Eginoko festak dira itxuraz, eta hara iritsi orduko txosna bat (itxita) eta gaupasa egindako azken gazteak ikusi ditugu. Paretera hurbildu gara, baina artean behe lainoa zegoenez, pixka bat kostatu zaigu bidearen hasiera aurkitzea.

IMG-20160710-WA0004

Pixka bat eskubi aldera joanda, laster aurkitu dugu, hala ere.

Larregi hasi da lehen luzea egiten.

Hemen bilgunetik ateratako argazkia. Behe lainoa behean utzi dugu, bere izenari kasu eginda.

IMG-20160710-WA0002

Bigarren luzeari nik ekin diot. Judas prest? Ekin!!!

IMG-20160710-WA0003

Hirugarrena, berriro ere, Larregik.

IMG_20160710_085935

Laugarrena, nik. Hemen Larregi luzea amaitzen.

IMG_20160710_084423

Bosgarren luzea hasterako, neka-neka eginda nengoen. Urik ez, jel famoso horietakorik ere ez, Doctor Pelon falta…

Hemen ni bosgarren luzea egiten, flakiak jotzen hasita.

IMG-20160710-WA0007

Eta Larregi luzea bukatzen.

IMG_20160710_094305

Seigarren luzea Larregik egin du. Eta ni atzetik bilgunera iritsi naizenean, piura hau neukan.

IMG-20160710-WA0001

Gure sponsorrari keinu bat egin, txokolate pixkat jan (hornitzaileak fallo egin digu-eta), eta beherako bidea bilatzera joan gara. Hornitzailearen ohorez blues eder bat ere abestu dugu. Ez gara makalak. Ez da zaila izan bidea aurkitzea, bai, ordea, jaistea.

IMG-20160710-WA0008IMG-20160710-WA0012

Elkanorekin iritsi zirenak ez zeukaten itxura txarragoa.

Eginora iritsi, ur trago bat hartu eta Ziordiara joan gara, zerbeza eaaaaaar bat hartzera. Zumaiarren txanda ikusi, eta etxera.

Egun ederra, bide mundiala (mila esker Xabier Gorrotxategiri, hain bide ederrak zabaldu eta ekipatzeagatik), baina, nik behintzat, kriston paliza hartu dut. Zaintzen hasi beharko dugu.