Monthly Archive for azaroa, 2009

Astelehenean hasiko dira entrenatzen arraunlariak

Datorren astelehenean hasiko dituzte entrenamenduak arraunlariek. 19:30ean bilduko dira. Zumaiako Arraun Elkarteak deialdia zabaldu nahi du, eta arraunean egin nahi duten guztiei egin die astelehenean azaltzeko gonbitea, izan zumaiarrak edo izan inguruko herrietakoak.
2010eko denboraldiari begira bada aldaketarik. Prestatzaile fisiko lanetan Joseba Sesma zumaiarra ariko da, Antxon Alberdik utzi egin duelako zeregin hori, beste lan batzuek ez diotelako nahi adina denbora eskaintzen uzten. Beste aldaketa da Jokin Urkidik lagunduko diola Luxiari entrenatzaile lanetan; bien ardura izango da entrenatzailearena. Arraunlariei dagokienez, hiruk ez dute jarraituko: David Iglesiasek, Aitor Mendizabalek eta Jon Larrañagak. Besteren bat zalantzan da oraindik, eta gainerakoek segi egingo dute. Oraingoz, ez da arraunlari berririk, aurten B ontzian ibilitakoak ez baitira berritzat hartzen. Horiek ere besteekin batera hasiko dira entrenatzen.