Udako emaitza onena Telmo Deunek laugarren lekuan sendotzeko

Plentziako bandera jokatu dute asteburuan gure arraunlariek, eta larunbatean seigarren izan baziren ere, igandean bigarren egitea lortu zuten.

Bigarren txandan aritu zen Telmo Deun herenegun, eta irabazi egin zien Getariari, Zarautzi eta Portugaleteri. Gero, azkeneko txandako hiru talde ez ziren gai izan zumaiarren denbora hobetzeko, eta bakarrik Donostiarrak lortu zuen hori, 11 segundogatik.

Bi egunetako denborak hartzen ziren kontuan banderaren lehian, eta Zumaia bosgarren geratu da Plentziako estropadan. Donostiarrak irabazi du bandera.

Bi egunetan banatu ziren, dena dela, KAE 1 ligarako puntuak, eta bi estropadetako lanak kontuan izanda, gure arraunlariek sendotu egin dute laugarren lekua. Bosgarren Getaria da orain lau puntura, eta Deustu da seigarren, zortzira.

Azken-hirugarrena, Hondarribian, datorren igandean

Ari da bukaerara heltzen KAE 1 liga, hiru estropada bakarrik falta direlako. Hurrengoa Hondarribian izango dute zumaiarrek, datorren igandean (17:30). Azkeneko biak Zarautzen (abuztuaren 19an, 12:00etan) eta Bilbon izango dituzte (abuztuaren 20an, 17:00etan).

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude