Gure arraunlariek Gipuzkoako Batel Ligako bi estropada dituzte asteburuan

Bi estropadak Pasai Donibanen izango dira, eta Gipuzkoako Batel Ligako bigarren eta hirugarren jardunaldiak osatuko dituzte horrela.

Larunbatekoa 16:00etan hasiko da, eta igandekoa 10:00etan.

Ligako sailkapenaren arabera izango da irteera-ordena, bi estropadak erlojuaren aurka izango direlako.

Zumaiako Arraun Elkarteak bederatzi talde dauzka izena emanda asteburuko bi estropada hauetarako.

11 talderekin aterako gara Gipuzkoako Batel Ligan, igandetik aurrera

Hastera doa Gipuzkoako Batel Liga, eta datorren igandean izango da estraineko estropada, 10:30ean, Trintxerpen.

Zumaiak 11 batel aurkeztuko ditu aurtengo ligan, eta horrek gauza bat esan nahi du: arraunlari asko dabil gure harrobian. Nobedade bezala, senior gizonezkoena aipatu behar da, aurten batel ligan ariko baita, aurreko urteetan atera gabe geratu eta gero.

Gure 11 batelak honela daude banatuta:

  • Emakumezkoetan: infantilak (1), kadeteak (2) eta jubenil-seniorrak (1).
  • Gizonezkoetan: infantilak (2), kadeteak (3), jubenilak (1) eta seniorrak (1).

Batel ligako estropadak 11 izango dira.

Zumaiako estropada otsailaren 24an izango da.

Gure harrobiko arraunlariekin lanean ondorengo entrenatzaileak ari dira: Mirari Ibarguren, Maider Urbieta, Jon Martin, Aitor Egaña, Felix Aizpurua (koordinatzaile eta entrenatzaile), eta Javi Zulaika.

 

2018ko maiatzaren 18an izango dira zuzendaritza berria aukeratzeko hauteskundeak

2018ko maiatzaren 18an izango dira gure klubeko zuzendaritza berria aukeratzeko hauteskundeak. Hala erabaki zuen atzo bazkideen ezohiko batzarrak.

Berez, hauteskundeak datorren urteko irailean ziren, baina zuzendaritza berriari lanak errazteko 2019ko denboraldia prestatzen, aurreratzea proposatu zitzaien bazkideei, maiatza iraila baino egokiagoa delako, eta onartu egin zuten.

Egungo zuzendaritzak ez jarraitzea erabaki du, zortzi urteko lanaren ondoren, eta beste aro bat hasiko da gure klubean datorren urteko udaberrian.

Laugarren lekuan Telmo Deun, bi estropada falta direla

Igandean jokatu zen Hondarribian KAE 1 ligako azken-hirugarren estropada, eta Zumaia bosgarren izan zen, Donostiarra, Isuntza, Zarautz eta Deusturen atzetik. Hirugarren eta azken txandan hirugarren egin zuten gure arraunlariek.

Emaitza horrekin, sailkapen nagusian laugarren lekuan segitzen du Telmo Deunek, eta bi estropada baino ez dira falta liga amaitzeko. Datorren larunbatean Zarautzen ariko dira arraunlariak (12:00), eta igandean Bilbon (17:00). Zumaiak hirugarren sailkatua (Isuntza) sei puntura dauka, eta Getaria bosgarrenari bost ateratzen dizkio, eta Deusturi bi.

 

Udako emaitza onena Telmo Deunek laugarren lekuan sendotzeko

Plentziako bandera jokatu dute asteburuan gure arraunlariek, eta larunbatean seigarren izan baziren ere, igandean bigarren egitea lortu zuten.

Bigarren txandan aritu zen Telmo Deun herenegun, eta irabazi egin zien Getariari, Zarautzi eta Portugaleteri. Gero, azkeneko txandako hiru talde ez ziren gai izan zumaiarren denbora hobetzeko, eta bakarrik Donostiarrak lortu zuen hori, 11 segundogatik.

Bi egunetako denborak hartzen ziren kontuan banderaren lehian, eta Zumaia bosgarren geratu da Plentziako estropadan. Donostiarrak irabazi du bandera.

Bi egunetan banatu ziren, dena dela, KAE 1 ligarako puntuak, eta bi estropadetako lanak kontuan izanda, gure arraunlariek sendotu egin dute laugarren lekua. Bosgarren Getaria da orain lau puntura, eta Deustu da seigarren, zortzira.

Azken-hirugarrena, Hondarribian, datorren igandean

Ari da bukaerara heltzen KAE 1 liga, hiru estropada bakarrik falta direlako. Hurrengoa Hondarribian izango dute zumaiarrek, datorren igandean (17:30). Azkeneko biak Zarautzen (abuztuaren 19an, 12:00etan) eta Bilbon izango dituzte (abuztuaren 20an, 17:00etan).

Hirugarren Telmo Deun gaur Orion, eta sailkapen nagusian ere hirugarren jarri da

Lan ederra egin dute gure arraunlariek gaur Orion, hirugarren izan direlako bertako erlojupekoan, KAE 1 ligako zazpigarren estropadan. Sailkapen nagusian hirugarren lekura egin dute jauzia, gainera.

Santurtzik irabazi du, 10 segundora geratu da Donostiarra eta 19ra Zumaia.

http://www.liga-arc.com/eu/regata/285/x.-bixigu-eguna-ikurrina

 

Ohorezko txandan jarraitzen du Telmo Deunek

Telmo Deun beroketa lanak egiten igandean, Allozko urtegian. AINI AIZPURUA

Joan da beste asteburu bat KAE 1 ligan, eta albiste nagusia da Zumaiarentzat ohorezko txandan jarraitzen duela. Nahiz eta larunbatean leku hori galdu egin zuen Zarautzen mesedetan, seigarren egin eta gero Donostiako estropadan, igandean lekua berreskuratu zuen Allozko urtegian (Nafarroa). Eta nola gainera. Bederatzi segundo eskas falta izan zituen bandera irabazteko Zumaiak.

Bigarren txandan lehia estu-estua izan zuen Deusturekin, eta azkenean, bigarren egin zuen, segundo pasatxora. Gero, azkeneko txandakoen artean, Donostiarrak eta Santurtzik bakarrik hobetu zituzten deustuarren eta gure arraunlarien denborak. Horrenbestez, laugarren izan zen Telmo Deun atzoko estropadan. Donostiarra garaileak bederatzi segundo baino ez zizkion atera (aurtengo alde txikiena), eta Santurtzi bigarrenak lau besterik ez.

Gipuzkoako txapelketa, asteazken honetan, Getarian

Hurrengo estropada Getarian (Gipuzkoa) izango dute gure arraunlariek, eta asteazkenean bertan gainera. Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute 18:30etik aurrera. Bere txandan bere ligakoekin ariko dira gureak: Donostiarra, Getaria eta Zarautzekin.

KAE 1 ligan, berriz, larunbatean ariko dira Orion, 19:00etatik aurrera, erlojuaren aurka. Zazpigarren jardunaldia izango da.

Beteranoak ere ariko dira txapelketan. Aurkariak ondorengo hauek: Fortuna eta Zarautz. ABE ligan, hauek larunbatean izan zuten estropada Plentzian (Bizkaia), eta bigarren egin zuten Getxoren atzetik. Sailkapen nagusian ere bigarren daude.

Telmo Deun, bihar Donostian eta etzi Allozko urtegian, KAE 1 ligan

Bi estropada izango dituzte gure arraunlariek asteburuan KAE 1 ligan. Bihar larunbata, Donostian, 17:0oetatik aurrera, bosgarren jardunaldia izango dute, eta gureak azkeneko txandan ariko dira, Donostiarra, Santurtzi eta Isuntzarekin batera. Laugarren dago sailkapenean Telmo Deun.

Igandean, Nafarroan ariko dira, Allozko urtegian, seigarren jardunaldian. Sailkapen nagusiaren arabera osatuko dituzte txandak. 12:00etan hasiko da estropada.

Bestalde, beteranoek ABE ligako estropada izango dute bihar, Plentzian, 16:30ean. Bigarren dira sailkapenean zumaiarrak.