Asteazken honetan hasiko dira entrenatzen senior gizonezkoak

Gure arraunlariak etzi (asteazkena, azaroak 2) hasiko dira entrenamenduetan. Senior gizonezkoek ekingo diote lanari, hain zuzen. 19:00etan izango dute denboraldiko aurreneko entrenamendua.

Senior gizonezkoen taldea zuzentzen Patxi Francesek eta Rafa Gonzalez de Txabarrik jarraituko dute. Laugarren denboraldia osatuko dute.

Arraunlarien artean, A ontzian aurten ibili diren zenbait arraunlarik utzi egin dute arrauna, eta berriak B ontzitik igoko dira, Zumaia bezalako harrobiko talde batean ohikoa den moduan.

Harrobiko lanak berezko segida izan dezan, oso garrantzitsua izango da B traineruak uretan jarraitzea datorren urtean ere, eta horretarako, jakina, arraunlariak beharko dira. Beraz, urtero bezala, deialdia irekia da, eta arraunean sekula egin ez duenari ere ateak irekita egongo dira.

img_0207
KLAUSSER

Ontzi txikietako prestakuntza aurrera doa

Bestalde, badira aste batzuk harrobiko arraunlari gazteenak lanean dabiltzala. 12 eta 17 urte arteko arraunlari asko bildu dira aurten ere, eta oso datu ona da hori Zumaiako Arraun Elkartearentzat eta herriko arraunarentzat. Serio demonio ari dira denboraldia prestatzen, ilusio eta gogo handiz.

Emakumezkoen trainerua, bidea egiten

Denboraldi batez lehorrean egon eta gero, emakumezkoen trainerua uretan izateko pauso sendoak ari dira ematen arraunlari batzuk eta zuzendaritza. Oraingoz, dozena bat arraunlari daude, gutxi asko, eta Arraun Elkarteak deialdia egiten du arraunean egin nahi duena azal dadin.

Taldea osatzeko bidean pausoak ematen ari dira, eta gauzak ondo bidean direla, Zumaiak berriz ere emakumezkoen trainerua uretan izango du datorren denboraldian. Filosofia honekin ari dira lanean: “Etxeko arraunlari gazteei aukera eman nahi diegu trainerua ateratzeko, guri bere garaian eman zitzaigun bezala, eta bide horretan ari gara lanean”, azaldu du arraunlari beteranoetako batek. “Epe luzera begirako egitasmoa da hau”, gehitu du.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude