Infantilak laugarren Espainiako Batel Txapelketan

Vigon (Galizia), jokatu dute larunbatean eta igandean Espainiako Batel Txapelketa, eta Zumaiako Arraun Elkarteko infantil gizonezkoek laugarren egin dute. Finalerako sailkatu ziren larunbatean, beste lau talderekin batera, eta igandeko estropadan, finalean, ezin izan zuten dominarik irabazi; gutxigatik, baina ezin. Izan ere, oso tarte txikian sartu ziren bigarrena, hirugarrena eta laugarrena. Rianxok irabazi zuen (4.31), Castro izan zen bigarren (4.34), Cabo hirugarren (4.35), Zumaia laugarren (4.36), eta Bueu bosgarren (4.43).

Denboraldi bikaina egin dute Iñaki Aristi eta Aitor Alzibarrek entrenatu dituzten arraunlariek. Gipuzkoan eta Euskadin txapelketak irabazi zituzten, eta Gipuzkoako liga ere bereganatu zuten.

Horrenbestez, amaitu da batel denboraldia.

Orain, trainerillen  txanda izango da, eta hain zuzen, aurreko asteburuan ekin zitzaion Gipuzkoako ligari. Donostian lehiatu ziren larunbatean, eta Zarautzen igandean. Zumaiako jubenil  eta senior gizonezkoek egin zuten arraun larunbatean, eta jubenilek bakarrik igandean. Laugarren egin zuten jubenilek bi estropadetan, eta seigarren seniorrek larunbatean.

Hurrengo bi estropadak datorren asteburuan dira: larunbatean, Orion, 16:00etan, eta igandean, Getarian, 11:00etan.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude