Arraunlarien aurkezpena egingo du ostiralean Zumaiako Arraun Elkarteak

Urteroko hitzorduari jarraituz, traineru denboraldia hasi berria denean, Zumaiako Arraun Elkarteak arraunlarien aurkezpena egingo du ostiral honetan, Arranplan. 19:00etan hasiko da ekitaldia, eta senior gizonezkoez gain, harrobiko arraunlariak eta beteranoak ere bertan izango dira. Harrobikoen denboraldia bukatu zen, eta aukera ona da zaleentzat gazteek egindako lanari esker ona adierazteko. Beteranoak, aldiz, oraintxe ari dira beren Liga jokatzen, eta eskertuko dituzte zaleen txaloak eta animoak.

Bi traineru ditu uretan aurten ere Zumaiak. Talde nagusia San Miguel ligan dabil, eta B taldea KAE 2 ligan. Hain zuzen, asteburuan hasiko dute liga B ontzikoek. Donibane Lohizunen (Lapurdi) daukate estropada larunbatean, 17:00etan. Ez da ligarako puntuagarria izango, dena den.

A ontziak berriz jai dauka San Miguel ligan, baina estropada izango dute Pasai Donibanen larunbatean, prestakuntzan doitzen joateko. 18:00ak aldera hasiko da, emakumezkoen Gipuzkoako Ligako estropada bukatu eta segituan (hauena 17:30ean da). Bi txanda osatu dituzte. Aurrenekoan Astillero, Portugalete, San Pedro eta Zumaiako ariko dira, eta bigarrengoan, San Juan, Orio, Urdaibai eta Hondarribia.

Beteranoen estropada, Zumaian, larunbatean

Beteranoen Ligako estropada dago larunbatean Zumaian. 18:30ean hasiko da, eta jakina, hor izango da Zumaiako Beteranoak taldea. Urola ibaian jokatuko dute, erlojuaren aurka. Irteera Arraun Elkartearen parean izango dute, eta amaiera ere bertan.

Zumaiarrak hirugarren daude Ligako sailkapenean, Arkote eta Getxoren atzetik.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude