Trainerilletako San Telmo saria jokatuko da igandean

Urteroko hitzordua hemen da, eta igandean izango da trainerillen San Telmo saria. 27. aldiz jokatuko da. 17:30ean ekingo zaio estropadari. Zortzi ontzi lehiatuko dira, binaka. Zein zeinen aurka ariko den zehaztuta dago, baina txanda bakoitzaren irteera ordena estropadaren aurretik zozkatuko da. Hauek dira lau txandak: Castro-Zarautz; Zumaia-Kaiku; Zumaia-Hondarribia; Koxtape-Elantxobe.

Trainerillen Gipuzkoako ligako bigarren eta hirugarren estropadak bihar eta etzi

Bihar eta etzi bigarren eta hirugarren jardunaldia izango ditu trainerillen Gipuzkoako ligak. Bihar Donibane Lohizunen ariko dira 16:30etik aurrera, eta etzi, Mutrikun, 11:00etan hasita. Zumaiako Arraun Elkarteko lau ontzi lehiatuko dira: gizonezkoetan hiru (bi Federazio Kopan, eta bat Ligan), eta emakumezkoetan bat (seniorrak). Lehen jardunaldian ezin izan zuen emakumeen ontziak atera, bateletako Euskadiko txapelketan zirelako.

Emakumezkoen jubenilen batela Espainiako txapelketan bihar eta etzi

Bihar eta etzi jokatuko da batelen Espainiako txapelketa Santanderren (Espainia), eta han izango da Zumaiako Arraun Elkarteko ontzi bat: emakumezkoen jubenil mailakoa. Bihar 17:00etan da estropada, eta bertan erabakiko da zein lehiatuko diren etzi, igandez, txapelketa irabazteko. Etzi ,10:00etan hasiko dira lanean.