Azkeneko postua puntu bat atzerago utzi du Zumaiak asteburuan

Bi egunetako estropaden emaitzak sailkapen nagusira eramanda, horra ondorioa: Zumaiak urrunxeago dauka Castreña, azken sailkatua San Miguel ligan. Laura zuen asteburuko lanak egin aurretik, eta bostera du orain. Atzo bi puntu gehiago sartu zizkion Zumaiak Hondarribian, emaitza ederra lortuz. Lehen txandan aritu zen, eta Astillerok bakarrik menderatu zuen; Pedreña eta Castreña oso atzean uzteko gai izan zen Telmo Deun.

Gauzak horrela, gaurko, Pasaiako estropadarako ilusio handia zegoen, eta emaitza ez da espero zena izan, azkena izan baita Zumaia. Atzokoari segida emateko ustea zabaldu samar zegoen, baina gaur ezin izan da atzokoa errepikatu. Gaur, Pedreñak eta Castreñak aurrea hartu diote Zumaiari; baita txanda berean aritu den Portugaletek ere, txandako garaileak. Castreña 11. izan da, eta Pedreña 9. Orain, Pedreñak bederatzi puntu ateratzen dizkio Zumaiari, eta lau estropada falta dira azpiko kontuak argitzeko: azkenekoa zuzenean jaitsiko da KAE 1 ligara, eta azken-aurrekoak kanporaketa jokatuko du KAE 1ekoekin eta Galiziako ligakoekin (etortzen badira).

Hurrengo bi lanak Zarautzen izango dituzte, larunbatean eta igandean. Leku egokia gaurko arantza ateratzeko.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude