Zumaia Salegi jatetxea, Gipuzkoako ligako txapeldun bigarren urtez jarraian

Emakumezkoen traineruaren kasuan, horixe da asteburuko albiste potoloa. Bigarren urtez segidan, ekarri egin dute Gipuzkoako liga, lehiaketa handia eginez. Atzo, larunbata, gauzatu zen garaipena, Hondarribian, azken-aurreko estropadan. Bigarren egin arren Hibaikaren atzetik, jardunaldi baten faltan inork ezin ditu harrapatu zumaiarrak. Liga datorren ostegunean amaituko da Zarautzen (11:30).

Zumaiarren ibilia bikaina izaten ari da Gipuzkoako ligan, atzokoa izan ezik beste estropada guztiak irabazi dituztelako. Ostegunean, Zarautzen, lana biribiltzeko helburu polita daukate.

Euskotren ligan, beste bandera bat

Atzo ez bezala, gaur irabazle izan da Zumaia Salegi jatetxea Pasaian, Euskotren ligako azken-hirugarren estropadan. Estropada ederra izan da, atzetik aurrerako lana eginez nagusitu baita herriko ontzia. San Juan bi segundo aurretik ere izan du bigarren luzearen hasieran, baina hortik aurrera kolore gorriak beste guztiak azpiratu ditu. Luze eta erdi pasatxoan, bederatzi segundo atera dizkio Zumaia Salegi jatetxeak San Juani, eta azkenean, zazpi segundoko aldearekin irabazi du. Hibaikak 23 segundo galdu ditu, eta Oriok 48.

Sailkapen nagusian, Zumaia Salegi jatetxeak 23 puntu dauzka; San Juanek 18; Hibaikak eta Oriok, 12 eta 7, hurrenez hurren.

Ligako azkeneko bi estropadak Zarautzen izango dira, larunbatean eta igandean. Iaz ere zumaiarrek irabazi zuten Euskotren liga.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude