Esku-eskura dauka Telmo Deunek kanporaketak jokatzea

Emaitza oso ona lortu zuen ZUMAIAk larunbatean Santoñan (Espainia), KAE 1 ligako azken-aurreko estropadan. Bigarren egin zuen, eta gainera, Ondarroak zazpigarren egin zuenez, zumaiarrak sailkapeneko bigarren lekuaren jabe egin dira. Sari handia dauka liga hor bertan amaitzeak, San Miguel ligara igotzeko kanporaketak jokatzeko aukera ematen duelako.

Lau puntuko aldea du orain Telmo Deunek Ondarroarekiko, eta estropada bakarra falta da. Igandean izango da hori, Bilbon (11:30), erlojuaren aurka berriz ere, eta Zumaiako Arraun Elkarteak autobusa jarri du zaleak bertara joan daitezen. Izena emateko lekuak bi dira: Idoia eta Trapaia tabernak. Bazkideek eta 14 urtez azpikoek 5 euro ordaindu beharko dute, eta gainontzekoek 10. Irteera 09:00etan izango da Garoa aurrean.

Asteburuko beste albiste gozoa ZUMAIKO BETERANOEK ekarri zuten. Getxoko estropadan garaile izan ziren. Zortzi segundo atera zizkion Zierbenari, eta hamabi Pontejosi.

ZUMAIA Bk Castro Urdialesen (Espainia) izan zuen KAE 2 ligako estropada larunbatean, eta 11. sailkatu zen. Txanda irabazi zien Bermeo Bri eta Iberiari, ondorengo txandako Donostiarra Bren denbora ere hobetu egin zuen. Sailkapen nagusian 13.a da. Hurrengo estropada larunbatean izango du, Colindresen (Espainia).

Kontxa ondo prestatzera

ZUMAIA SALEGI JATETXEAk ezin izan zuen irabazi Euskotren liga azkeneko b jardunaldietan, Zarautzen. Bi egunetan egin zuen bigarren; larunbatean San Juanek hartu zion aurrea, eta igandean Hibaikak. Liga bigarren lekuan bukatu dute zumaiarrek, eta baita Zarauzko Estropada ere.

Orain, Gipuzkoako ligako estropada bakarra falta zaien arren (Colindresen, larunbatean), helburu nagusia Kontxako Bandera ondo prestatzea da. Irailaren 4an izango da sailkatze estropada. Denboraldi honetako traineru onenetakoa izaten ari da Zumaia, eta gauzak ondo eginez gero, hautagai handienetakoa da bandera preziatua bigarrenez irabazteko.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude