Eta Zarautz gorriz janzten badugu?

Asteburu ederra dator arraunean. Zarauzko Estropaden asteburua. Arraun munduan den estropadarik handiena, Kontxakoaren atzetik. Eremu ederra, ikusteko aukera asko eta onak… eta batez ere, jakina, lehia. Euskotren liga eta San Miguel liga elkartuko dira Zarautzen, larunbatean eta igandean.

Hantxe izango dira Zumaia eta Zumaia Salegi jatetxea. Bientzat da erabakigarria asteburua, gainera.

Gizonezkoen kasuan, San Miguel ligan jarraitzeko beste pauso bat eman behar dute. Lau estropada falta zaizkie zuzenean zein ontzi jaitsiko den zehazteko, eta azken sailkatua joango da behera. Gaur-gaurkoz, Zumaiak lortua luke denboraldi hasierako helburu nagusia: traineru bat atzean uztea. Castreña da hori. Baina ez dabil urruti. Bost puntu bakarrik da aurretik Zumaia, eta horregatik da erabakigarria asteburukoa. Zarauzkoaren ondoren, Portugaleteko eta Castro Urdialesko estropadak baino ez dira geratuko. Zumaiak lotu egin nahi du asteburu honetan bertan jaitsierako kanporaketan aritzeko txartela, eta laguntza eta babesa ez zaizko gaizki etorriko. Zumaiar zaleek zergatik ez dugu Zarautz gorriz jantziko? Kontxara joateko ohitura dagoen bezala, zergatik ez Zarautza? Eskertuko lukete arraunlariek.

Bihar, 18:20 aldera hasiko da zumaiarren txanda, eta Castreña, Pedreña eta Astillero izango ditu txandakide. Etzi, 12:20 inguruan hasiko da gizonezkoen estropada, eta biharko sailkapenaren arabera osatuko dituzte txandak. Bi egunetan banatuko dira ligarako puntuak, eta bi egunetako denborak hartuko dira kontuan Zarauzko Estropadako garailea zehazteko.

Emakumezkoetan ere kontu handiak daude jokoan: Euskotren liga bera. Biharkoa eta etziko baino ez zaizkio geratzen, eta Zumaia Salegi jatetxea da sailkapeneko buruan. San Juani bost puntu ateratzen dizkio, Hibaikari hamaika, eta Oriori hamasei. Lana biribildu beharrean dira bi egunetan. Faboritoak direla irabazteko ez da dudarik, baina lanak uretan egin behar izaten dira. Egingo dutenaren erabateko ustea dago, eta polita litzateke ligako garailearen saria zumaiar askoren aurrean jasotzea arraunlariek. Iazko irudiak gogoan ditugu, arraunlariak ligako ontzira igota, Euskotren liga aurreneko aldiz irabazi berri. Gustatuko litzaieke beraiei parez pare kolore gorria ikustea. Zergatik ez dugu ba Zarautz gorriz jantziko asteburuan? Hori eta gehiago merezi dute arraunlariek, sekulako denboraldia egiten ari diren hauek.

Biharko estropada 18:00etan hasiko da, eta Orio, Hibaika eta San Juan izango dituzte aurkari. Etzikoa 12:00etan hasiko da, eta aurkari berdinak edukiko dituzte. Bi egunetan banatuko dira ligarako puntuak, eta Zarauzko Estropadaren garailea bi egunetako denborak kontuan hartuz erabakiko da.

Igandean, estropada amaitu berri, Zumaiara etorriko dira arraunlariak, eta ongi-etorria egingo zaie, txaranga eta guzti. Gipuzkoako liga irabazi izana ospatuko dute (sei estropadetatik bost irabaziz), eta ea Euskotren liga eta Zarauzko Estropada estimatua irabazi izana ere ospatzeko moduan diren. Arraun Elkartetik herrirako bidea hartuko dute Zumaia Salegi jatetxeko kide guztiek, eta Kofradian amaituko da ospakizuna.

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude