Telmo Deunek bi estropada izango ditu asteburuan KAE 1 ligan

Lana beltz egin beharko dute gure arraunlariek asteburuan, bi estropada baitituzte KAE 1 ligan.

Larunbatean, Portugaleten ariko dira, 16:30etik aurrera. Ligako bigarren jardunaldia da, eta zumaiarrak bigarren txandan joango dira, aurkari hauekin: Deustu, Orio B eta Pedreña.

Igandean, Getarian jokatuko dute hirugarren jardunaldia, eta txandak sailkapen nagusiaren arabera osatuko dira; beraz, Portugaletekoa jokatu eta gero zehaztuko dira. 12:00etan hasiko da estropada, eta ETB1eko zuzenean emango du.

Seigarren daude ligako sailkapenean gure arraunlariak.

Beteranoak, Sestaon, bihar

Beteranoek ABE ligako estropada daukate bihar Sestaon. 18:00etan hasiko da. Zumaiarrak bigarrenak dira sailkapenean, Getxoren atzetik.

Seigarren Telmo Deun KAE 1 ligako aurreneko estropadan

Seigarren egin dute gure arraunlariek Santurtzin, KAE 1 ligako lehenengo estropadan, gaur eguerdian.

Hirugarren txandan egin du arraun Zumaiak, eta bigarren geratu da Deusturen atzetik. Atzean utzi ditu Orio B eta Getaria.

Santurtzik irabazi du bandera.

Gaurko denborak eta sailkapena: http://www.liga-arc.com/eu/regata/280/santurtziko-xxxviii-ikurrina-mahala-sari-nagusia

Hurrengo estropada, ligako bigarrena, datorren larunbatean izango da Portugaleten 16:30ean, eta hirugarren jardunaldia datorren igandean izango da, Getarian, 12:00etan (ETB1).

Telmo Deunek bihar ekingo dio KAE 1 ligari

Iritsi zaie gure arraunlariei lehiarako ordua, hilabete luzetan prestatzen aritu eta gero. Bihar hasiko da KAE 1 liga, eta hantxe izango da Telmo Deun. Santurtzin da aurreneko estropada (12:00, ETB1).

Hirugarren txandan ariko da Zumaia; aurkariak Orio B, Getaria eta Deustu.

Aurreneko txandan ariko dira Santurtzi, Portugalete, Zarautz eta Isuntza.

Bigarrengo txandan joango dira Donostiarra, Pedreña, Arkote eta Hondarribia B.

Ligak hamabost estropada izango ditu, eta abuztuaren 2oan bukatuko da Bilbon. Lehen bi sailkatuek Eusko Label ligara igotzeko kanporaketa jokatuko dute; aldiz, azkena zuzenean jaitsiko da KAE 2 ligara, eta azken bigarrenak eta azken hirugarrenak jaitsierako kanporaketa jokatuko dute KAE 2 ligako bigarrenaren eta hirugarrenaren aurka.

Zumaiako estropada uztailaren 2an izango da, 12:00etan, eta ibaian jokatu beharko da, paolaldeko obrak oraindik bukatu gabe daudelako.

Telmo Deun 13. izan zen atzo Lekeitioko estropadan

Telmo Deun 13. izan zen atzo Lekeitioko estropadan. Hirugarren egin zuen bere txandan, Portugalete eta Getariaren atzetik, eta Zarautzen aurretik.

Datorren igandean hasiko dute gure arraunlariek KAE 1 liga, Santurtzin (12:00).

Telmo Deun, Lekeitioko estropadan, ziaboga ematen, Alex Arribas patroi gaztearekin. JOSU Z.

 

Bestalde, beteranoak bigarren izan ziren ABE ligako estropadan, Armintzan. Getxok irabazi zuen bosgarren jardunaldiko bandera hau. Sailkapenean, bigarren dira zumaiarrak.

 

Telmo Deun Lekeition ariko da bihar, denboraldi-aurreko azkeneko estropadan

Lekeition izango dira bihar traineru estropadak, eta hantxe izango da Telmo Deun. Denboraldi-aurreko testa da, eta 11:30ean hasita, 29 traineru ariko dira lehian, emakumezko eta gizonezko. ETBk zuzenean emango du, gainera, estropada.

Zumaiarren txandan ondorengo talde hauek izango dira: Portugalete, Getaria eta Zarautz. Lau taldeak KAE 1 ligakoak, beraz.

Hauxe izango da zumaiarrentzat denboraldi-aurreko azkeneko estropada, hurrengo asteko igandean hasiko baita KAE 1 liga, Santurtzin (12:00).

Telmo Deun seigarren atzo Mutrikun, eta beteranoak bigarren Orion

Gure arraunlariek ekainaren 18an ekingo diote KAE 1 ligari Santurtzin, eta ari dira prestakuntza osatzen. Bide horretan, atzo larunbata, estropada izan zuten Mutrikun, eta seigarren izan ziren. Txandan hirugarren izan ziren Orio B eta Zarautzen atzetik (bi aurkariak KAE 1 ligakoak), eta Arkoteren aurretik (hau ere KAE 1 ligakoa).

Hurrengo estropada datorren igandean izango dute Lekeition, eta azkeneko testa izango da ligaren aurretik.

Beteranoek hasia daukate liga, eta atzo laugarren jardunaldian, bigarren egin zuten Orion, Getxoren atzetik. Hurrenbo estropada larunbatea daukate, Armintzan.