Zumaia bihar Kontxako Banderan sartu nahian

Bihar jokatuko da emakumezkoen Kontxako 2. Banderaren sailkatze estropada. 18:00etatik aurrera 11 ontzi lehiatuko dira. Lau aurrenekoak sailkatuko dira igandean bandera jokatzeko. Hamaika traineru hauek lehiatuko dira: Euskal Herritik, Bizkaia, Getaria-Tolosa, Hondarribia eta Urki; Galiziatik Rias Baixas, A Cabana eta Mecos; Kantabriatik Astillero; eta Kataluniatik CN Badalona eta CR Badalona. Hiru txanda jokatuko dituzte bihar: bitan lau ontzi aterako dira, eta batean hiru. Ez dira erlojuaren aurka ariko, eta hori ez zaie bidezkoa iruditzen arraunlariei, aldeak egongo direlako txanda batetik bestera. Igandean 11:00etan jokatuko dute estropada biharko lau onenek.

Egun hauetan, arraunlariak lekua izaten ari dira hedabideetan, eta zumaiarrek emandako iritziak bildu ditugu. Irati Manzisidorrek BERRIAn hauxe esan du: “Iganderako sailkatu nahi dugu. Oso zaila ikusten dut, dena den. Lehen bi postuak nahikoa garbi daude: Getaria-Tolosa eta Rias Baixas. Gero, bi posturako lau ontzi gaudela uste dut: Hondarribia hobeto dabil azkenaldian, Bizkaia ere gainean izan dugu denboraldian, Astillero ere hor dago, eta gu gara besteak”.
Izaro Etxanizek hauxe adierazio dio NOTICIAS DE GIPUKOAri: “Zaila izango da, baina iganderako sailkatzea da helburua. Denboraldian zehar ikusi da Getaria-Tolosa eta Rias Baixas besteen gainetik daudela. Biharkoa erlojuaren aurka ez jokatzearekin ez nago ados, aldeak egongo direlako txanden artean. Justua erlojuaren aurka aritzea litzateke”.
Joseba Aristi entrenatzaileak BALEIKE.COM-en egin ditu adierazpenak: “Gauzak ondo eginda aukerak dauzkagu. Galiziarrak eta Getaria-Tolosa barruan ikusten ditut okerrik ez bada; gero, Hondarribia, Astillero, Arkote eta gu gaude, eta bi postu bakarrik jokoan. Gure aurkari gogorrenak geu izan gaitezke ez baditugu nerbioak kontrolatzen. Ahalik eta lasaien joan behar dugu, konzentraturik, presioak kenduta eta batez ere gozatzera”.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude