Bigarren testa, bihar Orion

Bihar ere uretan izango da Telmo Deun. Orion lehiatuko da, bertako 17. Traineru Jaitsieran. 16:00etan ekingo zaio probari, eta 66 ontzi izango dira uretan, mailaren  eta ontziaren arabera banatuak: llagutak aterako dira lehendabizi; jubenilak, beteranoak eta neskak ondoren; traineru berriak atzetik; KAE 2 Ligakoak gero; KAE 1ekoak ondoren; eta TKEkoak azkenik. Zumaiak bi traineru izango ditu uretan: jubenilak, beteranoak eta neskak biltzen dituen multzoan bata (gizonezkoek osatuko dute, eta litekeena da jubenilen bat edo beste ere barruan sartzea), eta TKE Ligakoan bestea. Zumaiarren irteera ordua hauxe da: lehen ontzia 16:16ean aterako da, eta 4.000 metroko ibilbidea egin beharko du; TKEkoa 16:56ean aterako da, eta 6.000 metroko lana izango du aurretik. Maila honetan, Ligako bederatzi traineru lehiatuko dira: Orio, Hondarribia, San Pedro, San Juan, Kaiku, Urdaibai, Astillero, Castro eta Zumaia. Ontzi guztiak erlojuaren aurka lehiatuko dira, maila guztietan. Beste aukera bat dauka bihar Xanti Zabaletak neguko lana neurtzeko. Joan zen igandean, Hondarribian, dotore ibili zen Telmo Deun, eta bihar ere beste horrenbeste egiten saiatuko dira arraunlariak. Aurreko estropadarekin alderatuz, bada alderik. Izan ere, igandekoa itsasoan izan zen, eta eguraldiaren baldintzan ez ziren berdinak izan denentzat. Biharkoa ibaian izango da, eta eguraldiak ez luke hainbeste baldintzatu behar kirol lehia, gauzak normal antzean joanez gero, behintzat.descenso-hondarribi-13-02-11-167.jpg Zumaia joan zen igandeko estropadan, Hondarribian. KLAUSSER

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude