Haize bolada handia aurkari gogorrena

Hamaikagarren izan da gaur Zumaia, azkenaurreko, Santanderren (Espainia). San Miguel ligako seigarren estropa izan da, eta azkenean, badia barruan jokatu dute, itsasoan ezin zirelako balizak jarri, TKEk azaldu duenez.

Bigarren txandan joan da Telmo Deun, eta gaur ere aurkari zitalak izan ditu alboan: Tiran, Hondarribia eta Astillero. Lehen ziabogara heltzerako atzetik zen traineru gorria, baina espero zen hala izatea. Bigarren luzean pixka bat handitu da aldea zumaiarrekiko, baina ez asko. Ematen zuen atzokoaren antzeko lana egingo zutela, baina hirugarren luzean, haize bolada indartsua atera da, eta hortxe galdu du denbora Zumaiak. Ospa egin diote aurkariek, zumaiarren kalea, hirugarrena, babes gutxikoa zelako haize boladei aurre egiteko. Azkenean, Hondarribiak irabazi du txanda, eta Zumaiari 28 segundo atera dizkio. Lehen txandako Camargok, Oriok eta Castrok ere hobetu egin dute zumaiarren denbora. San Pedrok bakarrik egin du txarragoa.

Sailkapen nagusian, zortzigarren segitzen du Zumaiak, 27 punturekin. Azkena Camargo da 15ekin, eta azkenaurreko San Pedro 21ekin. Gero, Orio dago 22rekin, eta ondoren, Castro, 24rekin.

Bandera Urdaibaik irabazi du, eta hirugarrena du ligan. Lider sendoa da, gainera.
Datorren larunbatean, Pasaian izango da estropada, ibaian, eta igandean, Portugaleten, berriz ere ibaian. Oraindik ez dute itsasoan aritzeko aukerarik izan arraunlariek.

Gaurko sailkapena, hemen: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/ver.php?id=eu&r=1301305133

Ligako sailkapena, hemen: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/index.php?id=eu

Xanti Zabaleta: “Hirugarren luzean galdu dugu dena”
“Gaur ere sekulako txanda izan dugu, oso aurkari indartsuekin. Hiru luzetan hortxe ibili gara, aldeei eutsiz ahal genuen neurrian, baina hirugarrenean, haize bolada indartsua atera du, eta ezin izan dugu ezer egin. Hortxe galdu dugu dena. Hirugarren kalea, gurea, eta laugarrena ziren txarrenak gaur, haizeari aurre egiteko babesik ez zutelako; aldiz, lehen bi kaleetan babesa zegoen. Ligako sailkapenean, ondo gaude. Zazpi puntu bildu ditugu atzo eta gaur, eta azkenaurrekoa lehen bezala daukagu, sei puntura”.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude