Egun handia eta polita

Ezin hobea izan da gaurko estropada Zumaiarentzat. Txanda irabazi du herriko estropadan, eta zortzigarren sailkatu da. Gainera, San Miguel ligako sailkapen nagusian, handitu egin du azken biei ateratzen zien aldea. Orain, Camargo azkenari 18 puntu ateratzen dizkio, ta Orio azkenaurrekoari 9. Gaur, urrats handia egin du Telmo Deunek datorren urtean ere ligan segitzeko.

Estropada Urdaibaik irabazi du, eta ligako buruan Kaiku da.

Gaurko denborak: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/ver.php?id=eu&r=1301305538

Ligako sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/index.php?id=eu

Xanti Zabaleta oso pozik dago asteburuko lanarekin: “Lan ederra egin dugu bi egunetan. Atzo, pena izan zen bigarren ziabogan denbora galtzea, baina gaur, atzo galdu genituen puntuak berreskuratu ditugu. Sekulako estropada egin dute gaur arraunlariek, eta zorionak eman behar zaizkie. Etxean bertan txanda irabaztea oso polita da, eta dena atera da ondo. Mikel Olasagasti arraunlariari omenaldia egin diote taldekideek, min hartuta ez duelako estropadarik korrituko aurten, eta oso polita izan da; oso giro ona dago taldean. Gaurko lanari dagokionez, Urdaibai garaileak 21 segundo bakarrik ateratzeak esan nahi du zer estropada handia egin dugun. Aurreko asteburuetan ez dugu emaitza onik lortu ahal izan, baina lanean ondo aritu gara, eta gaur azaldu da lan horren emaitza. San Pedrok ziaboga txarra eman izan ez balu, uste dut oso berdinduta egongo zela txandako lehia. Sailkapen nagusiari dagokionez, pauso handia eman dugu salbazioa lortzeko, baina oraindik lana egin beharko da”.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude