Astelehenean hasiko dituzte entrenamenduak

Udan izaten dira traineru estropadak, eta urruti ikusten da orain urte sasoi hori. Baina arraunlariek orain hasi behar dute entrenatzen, eta zumaiarrek astelehenean ekingo diote lanari. 19:00etan jarri du hasteko ordua Xanti Zabaleta entrenatzaileak.

Deialdia irekia da. Zumaian arraunean egin nahi duen guztiak dauka azaltzeko aukera, lehen arraunean ibilia izan edo ez. Kirol zoragarri honetaz gozatzeko modua da, eta gainera, ezaugarri bereziak dituen talde batean aritzeko aukera ederra da. Izan ere, Zumaia arraunaren goi mailan dago, TKE ligan, eta zortzigarren denboraldia beteko du jarraian elitean. Urteak joan eta urteak etorri, etxeko arraunlarietan oinarritu izan da taldea, eta orain, inoiz baino gehiago. Zumaia da etxeko arraunlari gehien duen taldea TKE ligan.

Lan egiteko modua ere nabarmentzekoa da. Kirolaren balio guztiak oinarritzat hartuta, gizartean eta gure historian hain sustraitua dagoen kirol honi indarra ematen dio arraunlari, entrenatzaile, prestatzaile eta medikuak zehaztu duten lan egiteko ereduak. Azkeneko denboraldian ikusi da hori, talde berezia dela Zumaia, eta errespetatua arraun munduan. Kanporaketan mailari eutsi eta gero, jendearen eta herriaren aurrean azaldu zen zer nolako talde giroa duten arraunlariek eta entrenatzaileak, esaterako. Emaitzek agintzen duten gizarte honetan, garrantzitsua da giro onaren balioari eustea. Hori dena ziurtatua dauka arraunean hasteko gogoz astelehenean azaltzen den edonork.

Zabaletaren hirugarren urtea

Urteak azkar joaten dira, eta Zabaletak hirugarren denboraldia beteko du Zumaian. 2011n hasi zen, bere lehen esperientzia izan zuen entrenatzaile lanetan, eta lan bikaina egin zuen, TKEn jarraitzeko aukerari eutsiz. Aurten ere lortu du helburua, eta hurrengoan ere asmo berarekin aterako da. Gainera, urtez urte hobetuz doa taldea, eta datorren urtean ere beste koska bat igo nahi da.

Taldeari dagokionez, lauzpabost arraunlari faltako dira, lana tarteko arraunarekin uztartu ezinean dabiltzalako. Berriak gazte mailatik igoko dira, pare bat arraunlarik emango dutelako jauzia. Hor harrobiaren fruituak. Bestelakoan, aurtengo taldearen funtsari eusten zaio, eta hori da oinarri onena hobekuntzari segida emateko. Horrek ez du esan nahi arraunean hasi nahi duenak ateak itxita dauzkala, ezta gutxiago ere. Azken urteetan izan dira bat baino gehiago arraunean hasi eta traineruan lekua eduki dutenak. Esan bezala, deialdia irekia da.

Prestatzaile fisiko berria
Teknikoen taldean bada aldaketa bat. Prestatzaile fisikoa berria izango da datorren denboraldian: Gari Fullaondo. Aurretik Urdaibain eta Kaikun ibilia da lan horietan, eta emaitza onak lortuz, lan bikainean oinarritu eta gero. Esperientzia handia dauka, gainera, kirolean; esate baterako, Athleticen ardura handiak izana da: denboraldi batzuetan, Metodologiako zuzendaria izan zen Lezaman.

Erakargarria izango da arraunlarientzat berarekin lan egitea, eta oso aberasgarria.

‘Platanitoa’
Beste berrikuntza materialean izango da. Jakina den bezala, traineru berria izango da datorren denboraldian, ‘platanitoa’ esaten zaio modelo hori. Klubak apustu handia egin du, beharrezkoa delako zaharkitua geratu den ontzi multzoa berritzea.

Herrian kanpaina berezia ere martxan da, eta herritarrei, merkatariei eta enpresei traineru berrian izena jartzeko aukera eskaintzen zaie. Irekia dago kanpaina, eta aukera zabala dago oraindik izena jartzeko ontzi berrian. Azken batean, trainerua eta kluba ez dira ezer herritarrik gabe, herriaren izena darama klubak batetik bestera, eta lotura hori indartzeko beste bide bat da kanpainarena.

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude