Zumaiak igandean ekingo dio San Miguel ligari

Zumaiari heldu zaio lehian sartzeko ordua. Igandean hasiko da San Miguel liga, Bartzelonan (Herrialde Katalanak). Eguerdiko 12:00etan jokatuko da estropada, eta puntuagarria izango da.

Txandak zozkatu dituzte asteon, eta honela geratu dira:

  1. Castro, San Pedro Ecolmare, Orio Babyauto eta Kaiku Ambilamp
  2. Portugalete Eulen, Hondarribia Orsa, Pedreña eta Astillero
  3. Zumaia, San Juan Iberdrola, Tirán Pereira eta Urdaibai Umpro Avia

Hemeretzi estropada jokatuko dituzte ligan, eta Zumaiakoa 11. izango da; uztailaren 28an jokatuko da, igandez, 12:00etan. Azkeneko bietan, jaitsierako kanporaketa izango da jokoan.

Zumaiak aldaketa batzuk ditu iazko taldearekin alderatuta. Sei arraunlari falta dira joan zen urtetik, eta harrobiko taldea izanik, etxeko gazteekin bete du haien lekua. Xanti Zabaletak hirugarren denboraldia beteko du entrenatzaile lanetan.

Helburua bat eta bakarra da: mailari eustea. Azken sailkatua zuzenean jaitsiko da KAE 1 ligara, eta azken-aurrekoak jokatuko du jaitsierako kanporaketa.

Bartzelonako estropadan, herritarren babesa izango dute arraunlariek. Jubilatuen elkarteak autobusa antolatu du, eta hainbat zale animatu da bertara joaten.

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude