Euskadiko txapeldun ere bai

Zumaiako emakumezko seniorrek beste garaipen bat bildu zuten atzo goizean, Mutrikun: Euskadiko Trainerilla Txapelketa. 11 segundo atera zizkioten Oriori, 15 San Juani eta 19 Hibaikari. Ontzi txikietan txapelketa guztiak irabazi dituzte, eta bakarra geratzen zaie denboraldia erabat biribiltzeko: Espainiako Trainerilla Txapelketa. Asteburuan jokatuko dute Santanderren (Espainia).

euskadiko txapeldun

Traineruetan, Zumaia Ak sekulako emaitza ona lortu zuen larunbatean Ondarroako Antiguako Ama estropadan. Denboraldi ofiziala hasteko aste gutxi batzuk falta dira, eta test ona izan zen zumaiarrentzat. Kaikuk irabazi zuen, 24 segundora geratu zen Zumaia A, 28ra Ondarroa, 30era Getaria eta 32ra Deusto. Ondarroa, Getaria eta Deustu KAE 1 Ligako aurkariak izango dira Zumaiarentzat. Ekainaren 20an eta 21ean jokatuko dituzte KAE 1 Ligako lehen bi estropadak, Zarautzen.

Estropada berean, Ondarroan, Zumaia B azkena izan zen.

Beteranoek Orion izan zuten estropada igandean, ABE Ligako bigarrena, eta laugarren egin zuten. Arkote izan zen azkarrena, Zierbenak egin zuen bigarren, Pontejosek hirugarren eta zumaiarrek laugarren.

Bateletan, Gipuzkoako Udaberri Sariko bigarren jardunaldia izan zuten harrobiko arraunlariek larunbatean Errenterian. Zumaia hirugarren izan zen kadete emakumezkoetan, eta mutiletan, infantilak bigarren sartu ziren, eta kadeteak seigarren.

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude