Asteburuko estropadetako emaitzak

Espainiako Trainerilla Txapelketan, Zumaiako senior emakumezkoek ezin izan zuten denboraldi zoragarria biribildu, bigarren egin zutelako San Juanen atzetik. Gutxi behar izan zuten balentria osatzeko, 10 ehunen bakarrik falta izan zitzaizkielako txapelketa hau ere irabazteko. Chapela (Galizia) sailkatu zen hirugarren, atzo eguerdian Santanderren (Espainia) jokatu zen estropadan.

Ontzi txikietan bikain moldatu dira, atzokoa kenduta beste txapelketa guztiak eta Gipuzkoako Trainerilla Liga irabazi dituztelako aurten bateletan eta trainerilletan.

Hemendik aurrera erabat murgilduko dira traineruan. Aspaldi hasi zuten prestakuntza, eta doitu egin beharko dute orain, zirraraz beteriko sasoia datorkielako. Aurreneko estropada ofiziala Pasai Donibene izango dute gainera: Gipuzkoako Ligako lehen jardunaldia.

Mutrikuko Traineru Estropadan, Zumaiako gizonezko seniorrak zazpigarren izan ziren. Txandan azkena egin zuten, Getariaren eta Isuntzaren atzetik. Bi horien artean segundo bat ere ez zen egon, eta Telmo Deuni 21 segundo atera zizkioten. Denboraldi ofiziala prestatzeko bidean beste pauso bat izan zen atzokoa, emaitzak emaitza. Hondarribiak irabazi zuen bandera.

Bateletako Gipuzkoako Udaberri Sarian, Zumaiako batelen emaitzak hauek izan ziren: kadete emakumezkoak hirugarren izan ziren; infantil gizonezkoak bigarren; eta kadete gizonezkoak zazpigarren.  Kadete emakumezkoek gutxi behar izan zuten Trintxerpen jokatu zen estropada irabazteko, bi segundora geratu zirelako.

 

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude