Traineru denboraldi ofiziala hasiko da asteburuan

Zumaia protagonista izango da arraun munduan asteburu honetan. Traineru denboraldi ofiziala hastera doa, eta KAE 1 liga ariko da gizonezkoen Telmo Deun. Gipuzkoako liga ere bihar hasiko da, eta hantxe izango da emakumezkoen Zumaia Salegi Jatetxea.

Zumaiko Beteranoek herrian bertan izango dute estropada bihar, eta harrobiko arraunlariek Tolosan daukate Batelen Gipuzkoako Udaberri sariko estropada.

KAE 1 ligako goiko partean ibili nahi du Zumaiak, iaz bezala. Bihar ekingo dio Ligari, Zarautzen (17:00), eta aurreneko estropada denez, txandak zozketa bidez zehaztu ditu Ligak. Zumaiarrak aurrenekoan joango dira, Getaria, Ondarroa eta Santoñarekin. Iaz bezala, Patxi Frances da entrenatzailea, eta gutxi asko iazko taldearen antzekoa dauka bere aginduetara. Bost bat hutsune daude iaztik, eta harrobiko arraunlariekin bete da utzi dutenen lekua. Denboraldi-aurreko estropadetan maila ona eman du taldeak, eta ematen du goian ibiltzeko moduan izango dela aurten ere Telmo Deun.

KAE 1 ligako bigarren estropada puntuagarria Zarautzen bertan izango da, igande honetan (12:15), eta ETB 1ek emango du.

Gipuzkoako Liga irabazteko hautagai nagusia da Zumaia Salegi Jatetxea. Oso talde indartsua osatu du Kike Manterolak, eta dena irabaziko dutela zabaldua dago arraun munduan. 2013an Kontxako Bandera irabazi eta denboraldi zoragarri hura osatu zuten taldeko arraunlari bat itzuli da, eta gainera, Kontxan bost aldiz garaile izan zen Galiziako arraunlari bat ere taldera batu da. Bihar, Pasai Donibanen dute LIga honetako hasiera, 17:30ean, erlojuaren aurka, eta igandean, Zarautzen daukate bigarren jardunaldia (11:30), hau ere ETB 1ek emanda. Bederatzi ontzi ariko dira Liga honetan: Oiartzun, Hernani, Donostia-Arraun, Hibaika, San Juan, Orio, Zarautz-Getaria, Colindres eta Zumaia.

ABE ligako jardunaldia Zumaian izango dute bihar beteranoek, 17:30ean hasita. Txukun dabiltza zumaiarrak, eta saiatuko dira bandera irabazten, iaz egin zuten bezala. Eremu berrian ariko dira, brankaz egingo dutelako arraun arraunlariek, Paolaldetik aurrera.

Batelen Udaberri Saria Tolosan izango da bihar, 11:00etan, eta hantxe izango dira arraunlari zumaiarrak, harrobikoak.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude